Pasaiako kaia Jaizkibel mendiko itsaslabarrean eraikitzeko inbertsioa «zentzugabea» da, ez duelako gaitasunik izango beste portu batzuekin lehian aritzeko eta apenas izango duelako errentagarritasunik. Pasaiako (Gipuzkoa) kanpoko kaia egiteko jarri beharreko dirua, hortaz, «hobe premiazko beste gauza batzuetan inbertitzea». Hori uste du Pasaiako Portuko Foroak, ekonomian, zuzenbidean, ingurumenean eta beste hainbat alorretan lanean diharduten hamasei aditu biltzen dituen taldeak.
Javier Olaberri abokatu eta ingeniariaren arabera, kanpoko kaiaren egitasmoa «probintziakerian» dago oinarrituta, eta hura sustatzen dutenek ez dute ezer ikasi egungo krisi ekonomikotik: «Nazkatuta gaude bagoirik gabeko trenak eta hegazkinik gabeko aireportuak ikusteaz». Adierazpenok atzo egin zituen Olaberrik, Donostian eginiko agerraldi batean. Aditu taldeak helegite ugari jarri dizkie egitasmoaren plan zuzentzaileari eta iaz berridatzitakoingurumen iraunkortasun txostenari, eta helegite horien berri eman zuten prentsaurreko horretan Javier Belza ekonomialariak, Pedro Maria Azkue ingeniariak, Francisco Miner Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendari ohiak eta Olaberrik berak.
Ondorio bat nabarmendu zuen Olaberrik: kanpoko kaiak ez lituzke beteko Portuen Espainiako Legean ezarritako errentagarritasun irizpideak. Lege horren arabera, inbertitutako kapitalaren %2,5eko errentagarritasuna erdietsi behar dute, gutxienez, portuek. Pasaiako Portu Agintaritzaren arabera, 765 milioi euroko inbertsioa behar du kaia kanpoan eraikitzeak, eta %0,2ko errentagarritasuna izango luke. Legeak ezarritakotik urrun, adituen iritziz: «Langa hori beste arlo batzuetan erabili izan balitz, egun ez genuke porlanezko hainbeste tontakeria izango».
Adituek, ordea, bestela egin dituzte kontuak. Haien esanetan, inbertsioen atalean portu agintaritzak ez zituen aintzat hartu gaiak portutik ateratzeko errepideen eta trenbideen kostuak—100 eta 200 milioi euro artekoak—. Hori kontuan hartuz gero, kaiak galerak besterik ez lukeela izango uste du foroak; hain zuzen, %0,19koak. Taldeak ohartarazi du ingurumena babesteko neurriak ere kontuan hartzea falta dela: 100 milioitik gora, ingurumen txostenaren arabera.
Ezin lehiatu
Kantauri itsasoko beste kai batzuekin lehiatzeko izango lituzkeen arazoak ere jorratu ditu taldeak helegiteetan. Adituen esanetan, lortu beharreko errentagarritasunaren arabera ezarri behar dira prezioak, eta, beraz, legeak ezarritako errentagarritasunera ailegatzeko, egungo prezioek %65 egin beharko lukete gora Pasaian. Prezioak hainbeste igota, ezinezkoa da beste portu batzuekin lehiatzea, taldearen irudiko.
Gainera, portua eraikitzeko finantzaketarako egiazkoak ez diren datuak erabiltzea egotzi dio foroak portu agintaritzari. 150 milioi euroraino zorpetzeko ahalmena du agintaritzak, eta, hortaz, beste 600 milioi euro gehiago beharko lituzke kaia eraikitzeko. Egungo portuaren lur eremuak salduta lortu nahi du diru hori agintaritzak, baina kaia kanpoan eraikita izango lukeen balioa dira 600 milioi euroak, ez gaur-gaurkoz duten balioa —394 milioi euro, agintaritzaren arabera—. Adituek ohartarazi dutenez, legeak debekatu egiten du lur eremu bat salmentaren unean duen balioa baino garestiago saltzea.
Iazko ingurumen txostenaren inguruan ere zalantzak azaldu ditu taldeak, alde nabarmenak antzeman baititu 2010eko txostenaren eta iazkoaren artean. 2010ekoak zioenez, barnean mantenduz gero, kaiak zazpi milioi tona jasoko dituela 2030erako. Aldiz, 2011koaren arabera, 3,6 miloi tona izango ditu barruko portuak. Alderantziz gertatu da kaia ateratzearen estimazioekin; nabarmen hazi da portuak 2030ean jasoko dituen tonen iragarpena. Nahita, barneko portuko datuak gutxitu eta kanpokoak puztu dituztelakoan da foroa.
Bilboko kaiarekin elkarlana
Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak bezperan esandakoaren ildotik jo zuten atzo adituek: kaia Pasaiako badiaren kanpoaldean eraiki beharrean, hobe da barneko jarduera birmoldatu eta Bilboko portuarekin lankidetzan aritzea. Hori esan zuen herenegun Alduntzinek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aldundiak ere helegite ugari jarri dizkie ingurumen txostenari eta plan zuzentzaileari, egitasmoa ekonomikoki eta ingurumen aldetik bideragarria ez dela iritzita.
%16,57 egin zuen behera iaz Pasaiako portuaren jarduerak; 3,25 milioi tona jaso zituen 2011n, eta 3,89 milioi tona 2010ean.
Pasaiako foroaren ustez, zentzugabea da kanpoko kaia egiteko inbertsioa
Plan zuzentzaileari eta iazko ingurumen txostenari helegiteak jarri dizkiete hainbat arlotako adituen taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu