Azpiegiturak

Pasaiako Portuko Agintaritzak aurkeztutako plan estrategikoa lotsagarritzat jo du ezker abertzaleak

Proiektua alde batera uzteko, eta benetako plan estrategiko bati ekin diezaion eskatu die Portuko arduradunei.

2008ko uztailaren 18a
17:51
Entzun
"Lotsagarria". Hala iruditu zaio Oarsoaldeko (Gipuzkoa) ezker abertzaleari atzo Pasaiako Portuko Agintaritzak aurkeztutako plan estrategikoa. Esan duenez, Portuko Agintaritzak aurkeztu duen dokumentuan ez da kanpo kaiaren beharra arrazoitzen, ez eta beraren bidegarritasun ekonomikoa ere.

Horrez gain, kanpo kaiaren proiektuak ingurumenari eragingo dizkion kalteak nabarmendu dituzte EAE-ANVko ordezkariek. Proiektua alde batera uzteko eskatu diote Portuari, eta benetako plan estrategiko bati ekin diezaion eskatu diote, egungo portuaren aldeko apustua eginez.

Egitasmoaren nondik-norakoak

Jaizkibel pareko kaian Ekoportu izeneko eredua gauzatu nahi du Pasaiako Portuko presidente Joxe Joan Gonzalez Txabarrik. 2009-2020 plan estrategikoa urte bukaerarako onartzea espero dute.

Gonzalez Txabarrik udalerri horretako porturako eta badiarako plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo, 2009-2020rako. Jaizkibel mendi pareko kaian Ekoportu izeneko garapen eredua gauzatzea dute asmoa. "Hiriguneari ahalik eta gutxien eraginda, badia leheneratu, eta merkantzia trafikoa bikoiztu edota hirukoiztea" ahalbidetuko duela esan zuen Gonzalez Txabarrik.

Honen ahotan, Pasaiako portuak gaur egun duen "defizit egoera bukatuko" luke plan estrategikoak, eta "ikuspuntu ekonomikotik lehiakor" bihurtuko luke. Egun dagoen sei milioi tona merkantziako trafikotik hamabi edota hamazazpi milioi tonara igarotzea dute helburutzat.

Agintariek ukatzen badute ere, ekologistek eta alderdi politiko batzuek diote Jaizkibel parean eraiki nahi duten azpiegitura erraldoiak "nabarmen" kaltetuko lukeela hango ekosistema, besteak beste.

Halere, Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak bestelako iritzia dute. Plan estrategikoari jarraiki, badia barruko azpiegiturak kanpoaldean eraiki nahi duten kaira eta trenbidez garraitzeko azpiegituretara eramanda -hamar urtetan-, badia "leheneratuko" lukete, "sozialki eta ingurumen arloan maila onean berrosatuta".

Barruko kaian 80 hektareatan azpiegiturak eraitsita, "badiako urak garbitzea, hirigintza leheneratzeko programak garatzea, Oiartzun ibaiaren ibilbidea lehengoratzea, lurzoruetatik kutsadura desagerraraztea eta egungo zarata eta igorpen kutsatzaileak ezabatzea" posible izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.