Pasaiako sarraskia oraindik ere «ofizialki aitortu gabe» dagoela salatu dute senitartekoek

Martxoaren 22an 40 urte beteko dira Espainiako Poliziak Dionisio Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafael Delas eta Pedro Mari Isart hil zituela Pasaiako badiako segadan. Familiek bide judizialaren erantzunik eza eta erakundeen «indiferentzia» salatu dute.

Pasaiako sarraskiaren 40. urteurrenaren inguruko agerraldia, gaur, Pasaian
Pasaiako sarraskiaren 40. urteurrenaren inguruko agerraldia, gaur, Pasaian. EGIARI ZOR
xabier martin
2024ko martxoaren 16a
14:30
Entzun

Duela 40 urte Pasaiako badian gertatu ziren hilketak oraindik ere «ofizialki aitortu gabe» daudela salatu dute gaur Espainiako Poliziak Pasaiako sarraskian hildakoen senitartekoek. Pello Aizpuru, Arantxa Isart eta Karlos Delas eraildakoen senideek eta Ainara Esteran Egiari Zor fundazioko kideak agerraldia egin dute Pasaian bertan (Gipuzkoa), eta adierazpen argi bat egin dute: «Urte hauetan epaitegietan justizia lortu nahian ibili gara. Epaileek beraiek onartu badute ere hilketa zantzuak badaudela, inoiz ez dute auzia argitzeko borondaterik erakutsi».

2017an, Espainiko Auzitegi Konstituzionalak auzia behin-behinean artxibatu zuen. Familien ahaleginari esker, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia berriro ireki du, baina ez dute «justizia lortzeko itxaropenik», helarazi dutenez: «Inoiz ez dugu sinetsi Espainiako epaitegietan argituko denik auzia».

Hala, babes politiko eta instituzionalaren bila jo zuten aspaldian familiek, baina, azaldu dutenez, «Azpeitiko Udala izan ezik, instituzioek haiekin indiferentziaz jokatu eta beste aldera begiratu» baino ez dute egin. «Eusko Jaurlaritzak eskatuta EHUko Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak auziari buruz egin zuen ikerketa txostena hiru urte geroago helarazi zigun. Hiru urtean kaxoi batean gorderik eduki du Jaurlaritzak. Hori oso mingarria izan da guretzat».

Txosten horren ondorioetan, zalantzan jartzen dute bertsio ofiziala, eta aipatu Polizia arduradunen ahaleginak auzibidea «atzeratu eta oztopatzeko». Gainera, «epaiketarik gabeko exekuzioa» eta halako terminoak erabiltzen dituzte Pasai Donibanen (Gipuzkoa) hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militanteen auzian.

Azpeitiko ekitaldia

Senitartekoek galdetu dute «noiz arte» jarraitu behar duten «horrela», ez ote diren nahikoak 40 urte «behingoz auziari behar duen aitortza emateko». «Herritarrengana jotzea» izan da geratu ei zaien bide bakarra. «Izugarria izan da era desberdinetan sentitu dugun gertutasuna eta hurbiltasuna». Halaber, «kulturgileen lana» azpimarratu dute, eta Barricadaren Bahia de Pasaia abestia aipatu dute, «senideen erailketen salaketa dozenaka mila belarri eta ezpainetara» eraman zuelako eta eramaten jarraitzen duelako.

Izan ere, 40. urteurreneko ekitaldi nagusian, Azpeitian, Enrique Villareal El Drogas-ek parte hartuko du. Martxoaren 23an izango da ekitaldi hori, Azpeitiko Azoka Plazan, 19:00etan. Aurreko egunetan, Pasaiako Badia dokumentala emango dute zenbait herritan, Altsasun eta Iruñean (Txantrean) kasurako, eta erakusketak eta lore eskaintzak egingo dituzte. Korrikan ere presente egongo da Pasaian hil zituztenen oroimena, Iruñean, Azpeitian eta Pasaian.

Familiek Egiari Zor fundazioarekin batera antolatu dute 40. urteurrena. «Batzuek auzia inpunitatean utzi nahi badute ere, senideok ez gaude horretarako prest», esan dute argi agerraldiaren bukaeran. «Gure konpromisoa irmoa da. Duintasunez bide berriak jorratzen jarraituko dugu guztia ikertu eta argitu arte. Gure senideei zor diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.