Taldeko bortxaketa

Pasaportea egiten saiatu zen erasotzailea espetxeratu edo ez erabakitzeko saioa, hilaren 5ean

Sanferminetako taldeko sexu erasotzaileetako bat, Antonio Manuel Guerrero, pasaportea berritzen saiatu zen astelehenean, Espainiako Poliziak atzo jakinarazi zuenez. Nafarroako Auzitegiak Espainiatik irteteko debekua ezarri zion Guerrerori, aske uztea erabaki zuenean. Fiskalak preso sartu nahi du berriz, eta Nafarroako Auzitegiak Espainiako Poliziari eskatu dio "berehala" argitu diezaiola Guerrero pasaportea berritzen saiatu al zen.

Antonio Manuel Guerrero sanferminetako taldeko sexu erasoarengatik bederatzi urteko kartzelaldira zigortuetako bat, joan den astelehenean, Sevillako epaitegi batean. PEPO HERRERA, EFE
2018ko ekainaren 29a
18:23
Entzun

Nafarroako Auzitegiak informazio xehetua galdegin dio Espainiako Poliziari, Guerrero guardia zibil kondenatua pasaportea berritzen saiatu zen ala ez argitu, eta, hala egin balu, eskaerari buruzko datuak biltzeko. Zehazki, auzitegiak eskatu dio "berehala" argitu diezaiola Guerrero Tabladako (Sevilla, Espainia) pasaporteak eta nortasun agiriak eskuratzeko bulegora joan al zen. Hara joan bazen, zein egunetan eta zein ordutan joan zen zehazteko eskatu dio, baita informazio hori auzitegiaren esku ez jartzeko arrazoiak zein izan diren azaltzeko ere.

Horrez gain, auzitegia Tabladako pasaporte eta nortasun agirien bulegoari zuzendu zaio, poliziari eskatutako informazio bera galdegiteko, eta Guerrero bulegora joan zela beren nagusiei jakinarazi zieten ala ez argitzeko. Poliziako buruak jakinaren gainean bazeuden, informazioa "egun berean ala geroago" jaso zuten zehazteko eskatu dio bulegoari.

Espainiako Poliziak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi zuen, atzo, Guerrero pasaportea berritzera joan zela. Fiskaltzak onartezintzat jo du, eta adierazi Guerrero preso sartu behar dela. Hori eskatzeko, auzi saioa egitea galdegin dio Nafarroako Auzitegiari. Eskaera onartu eta horretarako eguna jarri du Auzitegiak: uztailaren 5a.

Antonio Manuel Guerrero 2016ko Iruñeko sanferminetan emakume batek jasan zuen taldeko sexu erasoarengatik zigortutako bost gizonezkoetako bat da. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri dio Nafarroako Auzitegiak —gainerako zigortuei bezala—. Ekainaren 21ean, auzitegiak aske utzi zituen erasotzaileak, behin-behinean, kautelazko hainbat neurrirekin. Horien artean, Espainiatik irteteko debekua eta astean hirutan epaitegi baten aurrean agertzeko beharra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.