Pasioak

Pastor
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Besteren batek lagunduko dio umea igotzen, pentsatu dut. Ama gaztea da, ilehoria, eta trenaren zain dago. Nekatuta nago, ez dut gorputza zamaketarako. Trena heldu eta hara non azaldu zaion mutil bat, txima luzeekin, laguntzeko prest.

Gipuzkoako Diputazioa herritarrengana hurbiltzeko egiten ari den bileren berri eman du egunkariak. Zure herrian egitasmoak erakundearen eta gizartearen arteko erlazioa suspertu nahi du. Horretarako herritarrak bildu eta haien galderei zuzenean erantzuten diete arduradun politikoek. Oraingo honetan Markel Olano ahaldun nagusia eta Eneko Goia Diputazioko bozeramailea agertu dira Donostian.

Ez da erraza jendea eta politika elkartzea. Josep Maria Terricabras filosofoak esan zuen lehengoan, Kataluniako bozei buruz mintzo: ustelkeriak eta erabaki politikoak errealitatean gauzatzeko zailtasunek sinesgarritasuna kentzen diote politikari. Horri Francoren garaitik jendea despolitizatzeko Hegoaldean hedatutako mezua gehitzen badiogu - «ez sartu politikan, arazoak ekarriko dizkizu eta»-, osatuta dago herritar pasiboak sortzeko formula magistrala.

Diputazioaren ekimena interesgarria da, herritarren benetako kezkak entzun eta arazoak konpontzeko bada. Ez du balio, ordea, bozen bezperan itxurak egiteko bada. Hauteskundeak izan ondoren gobernu taldeak osatu bezain laster herritar batzordeak sortuko balira arduradun politikoekin hitz egiteko, gehiago hurbilduko ginateke demokrazia benetan parte-hartzailera. Ez da ezina, ez ameskeria. Demokrazia momifikatuaren kontrako antidotoa da. Ez da asanbladarik egin behar semaforo berri bakoitzaren kolorea erabakitzeko. Ados. Baina proiektu guztiak inposatzeak, baita haien beharra eztabaidagarria denean ere, sinesgarritasuna kentzen dio politikari.

Sinesgarritasun eza da arazoa. Nola esan herritarrei egia latza, jakinda seguruena ez zaituztela aukeratuko? Hauteskunde garaian inoiz ez diot politikari bati entzun agintzen dituenen erdiak ere ez dituela beteko; batzuetan nahita egingo duela atzera; bestetan, ezinbestean makurtu beharko dela kanpoko eragile zitalenen interesetara. Egun bizitzen ari garen finantza krisian gertatua da horren adibidea.

Grina falta zaio politikari. Politikan pizten den gar bakarra gorroto mezuena da. Slavoj Zizek filosofo eztabaidatuak esan du asteon Neue Zurcher Zeitung egunkarian: «Politika, pasio moduan, soilik etorkinen kontrako eskuin arrazistak sortzen du Europan». Hori dela eta, herritarrak berriz politizatu beharra aipatu du. «Arazoa, gizarte postpolitiko hedonista honetan, hauxe da: arrazismoa behar du, bestela ez da gai bere kabuz bizirik irauteko. Fundamentalismo honi soilik erlazio sozial guztien birpolitizazioaren bidez egin dakioke aurre». Filosofo esloveniarrak Marx aldarrikatu du, baita estatua ere: «Estatua inoiz baino garrantzitsuagoa da arazo handi guztiak konpontzeko».

Mutila trenetik irten da. Eskuko telefonoarekin jolasean dabil nire ondoan. Ilehoria ikusi dudan galdetu dit. Baietz erantzun diot. «Flipatzen ari naiz, zenbakia eman dit. Haur-kotxearekin lagundu diot eta ondoan eseri naiz. Telefonoarekin hasi naizela ikusi eta hizketan hasi zait. Horretaz ari ginela, zenbakia eskatu diot. Eman eta dei galdu bat egiteko eskatu dit, hark ere nirea izateko». «Badakizu zer egin behar duzun»,esan diot, aditu-plantak eginez. Lau teilatu aurpegia jarri du. «Ederra da, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.