Edita Slezakova. Midaseko lehendakaria

«Pasiorik izan gabe ezin da kazetaritza bikaina egin»

Midasek hogei urte baino gehiago daramatza eremu urriko hizkuntzetan eta hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren egunkarien etorkizuna ziurtatzen. Slezakovak hamar urtez gidatu du taldea.

BERRIA.
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Hamar urte daramatza Edita Slezakovak (Muzla, Eslovakia, 1960) Midas elkarteko lehendakari lanetan, hizkuntza gutxituek nahiz eremu urrikoek hedabideetan espazio propioa dutela ziurtatzen. Esperientzia propioa du lagun, Eslovakian hungarieraz argitaratzen den Uj Szo egunkarian egiten baitu lan. Bere zeregina da bermatzea «produkzioa segurua» dela. Hau da, enpresak bizirauteko behar bertze baliabide duela ziurtatzen du, eta, horretarako, bezeroekin zein hornitzaileekin harremanak egiten ditu eta zabalpen sistema kontrolatzen du. Euskal Herrian da egunotan, Midasek bihar Donostian egingo duen batzarra gidatzeko.

Ikusi gehiago:Midas elkartearen aurtengo batzar orokorra Donostian eginen dute, ostiralean

Hizkuntza gutxituetan edo eremu urriko hizkuntzetan diharduten hedabideek nola laguntzen diete beren komunitateei?

Maiz, beren hizkuntza gutxituan egunkaririk ez duten hiztunek hizkuntza nagusietako hedabideak kontsumitzen dituzte. Hori ez gertatzeko oso garrantzitsua da gutxiengoentzat egunkariak egitea, informazioa beren hizkuntzan izan dezaten. COVID-19arekin gertatu zen, adibidez, bete beharreko arau guztiak herrialdeetako hizkuntza nagusietan zabaldu zirela, baina hizkuntza minorizatuetako hiztunei ere informazioa beren hizkuntzan eman behar zitzaien.

Informazioa bermatzeaz gain, komunitate horien bertze alderdiren bati laguntzen diete?

Gure kultura eta identitatea babesteko ere garrantzitsua da merkatuan hizkuntza gutxituetan edo eremu urriko hizkuntzetan dauden egunkariak egotea. Horrez gain, hizkuntza horiei lotutako ikastetxeak izan beharko genituzke, eta horien hezkuntza eskaintzan egunkariak gakoak dira. Bi elementu horiek batera gure identitatea egonkortzen lagundu dezakete, eta oso indartsu egiten ahal gaituzte.

Zein erronkari egin behar diete aurre hizkuntza horietan diharduten hedabideek?

Erronkak askotarikoak dira; gutxiengoaren, egoeraren edo estatuaren arabera aldatzen dira. Adibidez, gutxiengo batek jatorrizko estatu bat baldin badu, hizkuntza horretan aritzen den hedabide batek zailtasun edo erronka gutxiago izanen ditu jatorrizko estaturik ez duen hizkuntza batek baino. Izan ere, hedabide batek diru laguntzak jaso ditzake argitaratzen den herrialdetik, eta baita bere hizkuntza nagusi den herrialdetik ere. Horrez gain, herrialde bakoitzaren egoera ekonomikoak ere anitz baldintzatzen du hedabideen garapena.

Herrialdeek behar bertze laguntzen dutela deritzozu?

Oso galdera zaila da hori. Diru laguntzei dagokienez, argi dut ez dela erraza neurtzea zein diru kopuru den nahikoa eta zein ez hedabide bat mantentzeko. Hala ere, badaude beste zenbait parametro hedabideek irautea ziurtatzeko: herrialdeetako legediak zein arau edo baldintza jartzen dituen hizkuntza gutxituetan argitalpenak egiteko, posta zerbitzuak ongi funtzionatzen duen edo zein prezio duen egunkariak zabaltzeak. Herrialdeek eskaintzen duten laguntza neurtzeko horiek denak kontuan hartu behar dira, baina, batez ere, ikusi behar da gutxiengoak onartzen dituen edo beraiekin arazoak izan ohi dituen.

Hedabide horiek dituzten muga guztiak kontuan izanda, kazetaritza independentea egin dezakete beti?

Sostengu ekonomikoa eta independentzia uztartzea erronka oso handia da. Errumaniako hedabideen kasuan, adibidez, kanpo finantzaketak nahiko ongi funtzionatzen du, eta, beraz, ez dira independenteak. Gure egunkariaren kasua ez da hori: ez dugu dirurik jasotzen apenas, eta inork ez gaitu behartzen gai jakin batzuk jorratzera. Askatasuna dugu, eta gure kazetariek nahi dutenaren inguruan idatz dezakete. Dena den, Midasen ikusi dudanaren arabera, esan dezaket ez dugula estatuen edo alderdi politikoen eraginpean dauden egunkaririk, eta hori esfortzu oso handia da.

Eta irakurleek zein eragin dute hizkuntza horietan argitaratzen diren hedabideen garapenean?

Oso garrantzitsua da neurtzea gure egunkaria hizkuntza komunitate horri saltzen ahal diogun ala ez. Izan ere, irakurle kopurua arazo larria bihurtu daiteke. Orokorrean, hizkuntza horietan argitaratzen duten komunikabideak txikiak izaten dira, eta hedapen txikia izaten dute, baina irakurle nahikorik gabe txikitasun horren azpitik ere gera daitezke. Hori ere kontuan izan beharrekoa da.

Erronka horiek guztiak kontuan hartuta, nola lor dezakete egunkari txikiek kalitatezko kazetaritza egitea?

Kazetariak oso gogotsuak direlako. Pasiorik izan gabe ezin da kazetaritza bikaina egin, baldin eta baldintza optimoak ez badituzu, noski. Eta egoera hori lortzea oso zaila dela esango nuke, azken urtea besterik ez dugu aztertu behar: egunkari batzuek langileak kaleratu behar izan dituzte, edo orri kopurua murriztu, ez zutelako irabazi nahikorik. Orain erronka eremu digitalean dago.

Digitala aipatu duzula, pil-pilean dauden teknologia berriek kazetaritzan izanen duten eraginari buruz zer deritzozu?

Adimen artifiziala, adibidez, denon ahotan dago azkenaldian. Jendeak dio gure ordez lana eginen duela, eta [kazetarioi] lana kenduko digula. Baina ez dut uste horrek kezkatu behar gaituenik, are gutxiago hizkuntza minorizatuetan edo eremu urriko hizkuntzetan idazten dugunoi. Garrantzitsuena da tresna horren erabilerari buruzko arauak jartzea.

Adibidez?

Egunkariko lantaldearekin hitz egin izan dut honi buruz. Orain arte gure irakurleei adierazi izan diegu argitaratutako informazio guztia guk egindakoa dela, eta egiazkoa. Adimen artifizialarekin egindako testuak argitaratuko bagenitu, propio zehaztu beharko genuke, eta testu horiek gainbegiratu, zuzenak izan daitezen.

Nola ikusten duzu hedabide txiki horien etorkizuna?

Herrialdeko gutxiengoaren indarrean dago gure etorkizuna: haiek beren kultura eta identitatea babestu nahi badute, itxaropena dugu. Izan ere, egunkari bat egitea soilik lehenengo pausoa da, hurrengoa da identifikatzea norentzat egiten den, eta ea beraiek egunkaria nahi duten.

Irakurleen esku dago, beraz, egunkariek irauteko gakoa?

Gutxiengo horrek aukera badu instituzioekin bere hizkuntzan mintzatzeko, autoritateekin hizkuntza horretan komunikatzeko edo zerbitzuetan hizkuntza hori erabiltzeko, komunitateak nahiz hizkuntza horretako hedabideak etorkizuna izango dute. Parametro anitz daude tartean, baina bat egiten badute, emaitza oso positiboa izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.