Jende anitz etorri zen aurkezpenera. Eta gehienek erran zidaten gauza bera: Sergio hagitz ausarta izan dela». Luchi Sotorenak dira hitzak. Sergio Saldaña du seme, Tengo trastorno bipolar (Nahasmendu bipolarra dut) liburuaren egilea. Duela urte eta erdi plazaratu zuen, bere buruko gaitzaren berri emateko. Bere istorioa bere gordinean kontatu zuen. Baina umorea baliatuz; eritasunari dramatismoa kenduz. Estigmaren aurkako borrokan urratsa egin nahi izan zuen lan horren bidez. Eta horretan jarraitzen du. Amaren hitzak entzun, eta barre egin du. «Ez baita adore kontua; idaztea gustuko dut, eta nire gaitza hori egiteko aitzakia izan da». Eritasun mentala duten pertsonek boteretu behar dutela nabarmendu du; paternalismoak baztertu, eta nork bere hutsak egiteko eskubidea defendatu du. Bai eta buruko gaitza izanda ere.
Bistakoa da Saldañak amarekin harreman berezia eta estua duela. Sotok aitortu du, hala ere, ordura arte ezagutzen ez zituen pasadizo anitzen berri jaso zuela, liburuaren bidez. Gogorra egin zitzaion 20 urtez bizi izandakoa liburu batean irakurtzea. «Negarrez hasi, eta ezin loak hartu egon nintzen denbora luzez».
«Hamasei urterekin hasi zen, baina hemezortzi bete arte ez zioten diagnostikoa egin. Erran zigutenean, zertaz ari ziren ere ez nekien. Sergiok liburua idatzi arte ez nuen jakin nik nire familian gaitz bera izan zuten bertze bi pertsona izan zirela. Ez baitzen deus erraten horri buruz».
Estigma hitza zaila egiten zaiola erran du Saldañaren amak. «Argigarriagoa iruditzen zait erratea gaitza duena markatu egiten duela gizarteak». Eta oraindik hala dela uste du. Hedabideak jo ditu horren adibide. «Krimenen bat gertatzen denean, hiltzaileak buruko gaitza ote zuen aipatzen da; normaltzat jotzen baita gaixotasun mentala duenak halako gauzak egitea».
«Istorio positiboak kontatzeko ordua da. Eta Sergiok hori egin du. Barre egin nuen irakurtzen nuen bitartean, bai eta negar ere; hark errandakoaren aurrean, psikiatrok zertarako balio dugun galdetu nion neure buruari». Lorena de Simon psikiatra da, eta estigmaren aurkako proiektu batean aritu da Saldañarekin, liburuaren harira. Lan horren garrantzia nabarmendu du. «Garrantzitsua da eritasun mentala duen pertsonak gaitz bera duen bertze batekin hitz egin ahal izatea, normaltasunez, esperientziak partekatzea».
Psikiatren gabeziak
«Hor huts egiten duzue psikiatrek; ezin duzuelako gaitza duenaren larruan jarri», erran dio Saldañak De Simoni. Eta medikuak onartu du: «Psikiatrak sintomak ikusten ditu; distantzia bada: ez du eritasuna duenaren esperientzia hori bizi. Hainbat herritan gaixotasun mentala duten pertsonak egoten dira buruko osasunaren esparruko lantaldeetan, hain zuzen ere, huts hori, nolabait, betetzeko».
Saldañak arrazoi osoa duela uste du De Simonek: «Boteretu behar du gaitz mentala duenak; paternalismoa ez da ona. Psikiatron joera ere hori da, eta, anitzetan, zaila egiten zaigu horri ihes egitea; baina egin dezakegun hutsik larriena da paternalismoaren bidetik jotzea». «Paternalismoakgaixo mental kroniko tipikoa ekartzen du», erantsi du Saldañak.
Luchi Sotok ongi daki De Simon eta bere semea zertaz ari diren. Baina onartu du «hagitz zaila» egin zaiola Saldañari bere kabuz erabakitzen uztea. «Beldurrak hartzen zaitu». Duela zazpi urtekoak ekarri ditu gogora. «Bakarrik bizi nahi zuen; eta horrek sekulako beldurra eragiten zidan niri».
«Nik erabakia hartua nuen, ordea. Nire etxe propioa izateko lan egin nuen, eta han bizi nahi nuen. Baina egia da benetako beldurra sumatu nuela inguruan». Saldañak lortu zuen bere erabakiarekin aurrera egitea. Ez aldi horretan bakarrik. Bertze anitzek ez dute aukera hori, ordea. Eta horrek, eritasuna bera onartzeko prozesua luzatu bertzerik ez du egiten, De Simonen ustez. «Arbuioa eragiten du?», galdetu dio Saldañak psikiatrari. «Nik uste dut baietz. Gaixotasun bat dudala erraten dizute, eta, gainera, erabakitzeko ahalmena kenduko dizute, horren ondorioz. Eritasuna onartzeko urratsak egitea zailtzen du egoera horrek, eta gaitza duena ahalduntzeko prozesuari ez dio inolako mesederik egiten», erantzun dio.
Erabakitzeko. Huts egiteko eskubidea aldarrikatu du Saldañak. Baina horrek ez du erran nahi bakartzea defendatzen duenik. Familiaz gain, lagunen babesa sentitu du Saldañak, eta horrek izan duen garrantzia nabarmendu du. Ñabarduna inportante bat jarri du mahai gainean, hala ere: «Nik lagunei eskatzen nien adi egoteko; azkarregi hitz egiten nuela ohartzen baziren, lo gutxi egin nuela uste bazuten, galdetzeko, zerbait errateko». Lagunak bere gaitzaren zelatari bilakatu ziren. Eta dira. Baina Saldañak eskatuta. «Eta horrek ez du paternalismoarekin deus ikustekorik».
Luchi Sotok elkarte baten babesa bilatu zuen semearen gaixotasunaren berri jaso zuenean. «Bertze hainbat gurasorekin egoteak on egin zidan». Elkarteen rolari buruz ez du iritzi bera Saldañak: «Nafarroan dagoen elkarte bakarra guztiz emana dago gaixo kronikoari; hori da izorratuena eta gaizkienik artatua. Gaitza dutenen eta haien senideen elkarteak bereiztea komeni da. Anitzetan, hala ere, guretzat hain kaltegarria den paternalismoaren bidetik jotzen dute». Eta Saldañak ez du paternalismorik nahi.
Buruko osasuna. Bazterkeriaren aurka
Paternalismoa baztertu arte
Liburu batean eman zuen Sergio Saldañak bere nahasmendu bipolarraren berri, duela urte eta erdi; eritasun mentala dutenek boteretu behar dutela aldarrikatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu