Patxi Gomez atxilotu dute, espetxe zigorra «osorik» bete dezan

ETAren erabakiaren ostean, hamar pertsona atxilotu dituzte; hiru, aurrez ezarritako zigorrak betetzeko

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Patxi Gomez Lopez preso ohia atxilotu zuen atzo goizean, Espainiako Auzitegi Gorenak luzatutako espetxezigorra bete dezan. Gomezek hogei urte egin zituen preso, eta 2009an irten zen espetxetik; orain, beste hamar urterako espetxeratuko dute, Parot doktrina delakoa ezarri diotelako. Atxiloketa salatu dute ezker abertzaleak, Etxerat-ek eta Herrira mugimenduak, eta Gomez «berehala» askatzeko eskatu dute. Urriaren 20tik, ETAk jardun armatuaren amaiera jakinarazi zuenetik, hamar pertsona atxilotu dituzte; horietatik hiru —Oihana Agirre, Alberto Gonzalez eta Patxi Gomez—, aurrez ezarritako zigorra bete dezaten.

Hiru alditan atxilotu dute Gomez, eta bitan luzatu diote zigorra. ETAko kide izatea, lehergaiak eramatea eta hilketa saioa leporatuta, 1989an sartu zuten preso, eta 2002an irten zen espetxetik, zigorraren 3/4ak bete ostean. Urtebete eta lau hilabete geroago, berriro atxilotu zuten, Auzitegi Nazionalak espetxe zigorra 2006an amaitu behar zela argudiatuta.

2009ko apirilean, Zigor Kode berria aplikatu zioten, eta berriz askatu zuten. Erabaki horren aurka egin zuen Fiskaltzak, eta 2009ko azaroan, Patxi Gomez berriro beste 10 urterako espetxeratzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, Parot doktrinak ezarritako muga—30 urte— betetzeko.

Denbora tarte horretan elkartasun keinu ugari jaso ditu Gomezek —2010eko urtarrilean, Gomez berriz ez espetxeratzeko eskatu zuen Ortuellako Udalak, PSE-EEk aurkeztutako mozio batean—. Era berean, hainbat prentsaurreko eta ekitaldi publikotan parte hartu du; besteak beste, iazko otsailean, Bilboko Euskalduna jauregian, Sorturen estatutuen aurkezpenean. Berri agentziek nabarmendu dute, halaber, Bateragune auziko espetxeratzeko autoan ere azaltzen dela haren izena, espetxean zela Arnaldo Otegirekin izandako elkarrizketa batzuk direla medio.

Ezker abertzaleak, Etxerat-ek eta Herrira mugimenduak gogor salatu dute Gomezen atxiloketa. Atxiloketa Espainiako Estatuaren «mendeku politikaren isla» dela salatu du Maribi Ugarteburuk, ezker abertzalekoak. Etxerat-ek eta Herrira-k, berriz, Parot doktrina ezarri dieten preso guztiak aske uzteko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.