Patxi Lopez: «ETA garaitua dago; demokratok irabazi dugu»

«Askatasuna behin betiko ezartzeko oraindik denbora» beharko dela esan du lehendakariak, baina ez dagoela «urruti»Herritarren hobe beharrean pentsatzeko eta arduraz jokatzeko eskatu dio Pastorrek PPri

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
ETA «garaitua» dagoela esan du Patxi Lopez lehendakariak: «Oso ondo daki indarkeriarekin ez duela sekula ezer lortuko». Euskal Herrian «askatasuna behin betiko ezartzeko» oraindik «denbora bat» beharko dela ohartarazi du, baina gauza batetaz seguru dagoela esan du: «Demokratok irabazi dugu».

Asturiasen esan ditu horiek lehendakariak, Tuña herrian, Rafael Riego Askatasunerako Saria eman diotenean. Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentearekin partekatu du saria. Pozarren agertu dira biak, eta Euskal Herrian «askatasuna» lortuko dela seguru. «Zalantzarik gabe lortuko dugun askatasunaren alde egiteagatik saria jasotzea bereziki eskertzekoa da», esan du Basagoitik.

Hain zuzen, Espainian mutur joka dauden bi alderdiek EAEn gobernua eskuratzeko egin zuten akordioa goratu dute bi buruzagiek, Lopezek bereziki. Akordio horri esker, «gauza asko onerako aldatzen ari dira», lehendakariaren hitzetan: «Zatiketa garaia atzean utzi du», eta bi alderdien arteko harremana «krispazioen sorburu» ez izatea ahalbidetu du. «Batzuetan batzea da egin behar dena guztien askatasuna defendatzeko».

Askatasunean egoteko, «zinegotziek hauteskunde zerrendetan terroristen zerrendetan egon gabe» egon behar dutela esan du Lopezek. Eta mehatxatuta dauden hautetsiei eskaini die saria, etorkizun baikorra iragarri aurretik: «Zinegotziek bizkartzainekin bizitzeari utziko dioten eguna ez dago urruti».

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak ere, ez du urrun ikusten indarkeriaren amaiera. «Behin betiko bakea» Lopezen gobernuarekin lortuko den esperantza azaldu du hauteskundeetarako Trapagako hautagaiak aurkezteko ekitaldian.

Hori hala izan dadin, sozialistak «bide onean» ari direla ziurtatu du Pastorrek, EAJk eta PPk egindako kritikak txarretsita. Espainiako PPri, arduraz jokatzeko eskatu dio, gainera: «Agian Espainiakoeskuinak eskuzabaltasun, erantzukizun eta estatu ikuspegi handiagoz aritu beharko luke bizitzen ari garen momentu garrantzitsuari aurre egiteko, terrorismoaren amaiera ikusten ari baikara». Alderdikeriak «pixka bat» alboratu eta herritarren hobe beharrean pentsatzeko eskatu dio.

Sozialisten batasun eske

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta Barne ministroaren ustez ere, «gertu dago ETAren amaiera», baina orain «irmotasuna, batasuna eta zuhurtzia» behar direla ohartarazi du, «indartu behar ez direnak ez indartzeko». Bere alderdiari eta Sorturi buruz ari zen Rubalcaba hori esatean; Sorturen legeztatzearen inguruan ordezkari sozialistek egin dituzten hausnarketei buruz.

«Elkarrekin iritsi gara honaino, eta elkarrekin amaitu behar dugu. Gutxi falta da, zintzoki, baina oraindik geratzen da, eta ondo egin behar da. Datozen egun eta hilabeteetan asko hitz egin behar dugu gure artean, ahalik eta ondoena koordinatu, amaiera ikusten ari garenean lagungarri ez diren bat ez etortzeak saihesteko».

Egigurenen iritziek sortutako liskarren oinarria ulertzen duela ere esan du Espainiako presidenteordeak: «Ulergarria da amaiera gerturatzen denean borondate desberdinak egotea; bada azkarrago joan nahi duenik eta normala da eztabaida hor egotea». Horregatik, lasaitasuna eta batasuna eskatu ditu.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua ere Sorturi buruz mintzatu da,eta ezker abertzaleari buruz. Ezker abertzalea «urratsak» egiten ari dela agerikoa dela esan du, eta hori onartu behar zaiola: «Ez gaude itsu, eta agerikoa da Sorturen munduak eman dituen pausoak bide onean eman dituela; hori hala baloratu behar da».

Alderdia legeztatzeko eskakizunen «listoia» ezin dela aldatu ere azaldu du, Lopezek berriki esandakoak errepikatuta: «Ezin dugu etengabe eskaera berriak egiten edo listoia igotzen egon». Edozein moduz, Sortu legezkoa den edo ez erabakitzea auzitegiei dagokiela zehaztu du.

ETAren erabakia

ETA ere hartu du hizpide Aresek. Erakunde armatuak bere erabakiari eusten diola esan du: «Su-etenean jarraitzen du». Kontrakoa pentsatzeko arrazoirik ez dagoela azaldu du. «Txartel batzuk eta auto batzuk lapurtu dituzte, baina, adituen arabera, klandestinitate egoeran bizitzeko beharrari lotuta daude horiek». Hala ere, ETA ez dela desagertu, eta, beraz, erakundeko kideak atxilotzen jarraitu behar dela zehaztu du.

PPk jakinarazi du Espainiako Gobernua ez duela hurrengo kontrol saioan estutuko; PSOEren gobernuari ez diola Sorturi buruz galdetuko. PSE-EEko hainbat kideren jarrerak sortutako liskarrak argitu direla uste du PPk, gobernuak Sorturen aurka egingo duela, eta, beraz, bide onean ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.