M-22: hauteskunde ostea

Patxi Lopezek «PSEren aurkako frontea» osatzea leporatu die EAJri eta Bilduri

Iñigo Urkulluk gogorarazi du PSEren eta PPren bozek «euskal gizartearen %30» ordezkatzen dutela

Erredakzioa
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den larunbatean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen eraketetan EAJk eta Bilduk «PSE-EEren aurkako frontea» egin zutela ziur da Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Bi alderdiok PSE-EEri hainbat udalerritako alkatetzak kentzeko ituna egin dutela esan du Lopezek, Lasarte-Oria eta Trapagarango udaletan gertatutakoa adibidetzat jarriz. «Larunbatean indar abertzaleen arteko frontea eratu zen, abertzaleak ez direnak erakundeetatik botatzeko», salatu du. «Eta hori PSE-EEren aurkako fronte bat da», erantsi du.

Jeltzaleekin haserre agertu da lehendakaria Ser irratiari eskainitako elkarrizketan. «PSE-EEk eta PPk erakundeetako egonkortasuna bermatzeko egindako proposamenari jeltzaleek bizkarra eman diote, eta nahiago izan dute Bildu bidelagun izatea, kontuan hartu gabe horrek izan ditzakeen ondorioak». EAJk hartutako bidearen erantzule bakarra EAJ bera dela eta sozialistek inolako ardurarik ez dutela ohartarazi du Lopezek. Bildurekin bat eginda, politikan «hamar urte atzera» egiteko eta «fronte eta liskarren politiketara» itzultzeko arriskua dagoela iritzi dio lehendakariak.

Larunbatean ikusi zen argazkiarekin kezkatuta dagoela esan du, udal gobernu gehienetan «egonkortasuna» ez dagoelako bermatuta. Hala, udal askotan gehiengo osorik ez egotearen ardura EAJrena baino ez da, Lopezen ustez. Gainera, «Euskadiren garapenerako» ezinbestekoak diren proiektu asko —abiadura handiko trena, errausketa planta, Pasaiako portua eta kutxen fusioa— gelditu egingo direla ohartarazi du.

Lehendakaria ez da fio Bildurekin. «Ikusi beharko da Bilduk zertarako erabiltzen duen erakundeetan duen ordezkaritza: indarkeriari babesa ematen jarraitzeko, ala demokratekin bat egin eta indarkeria desagertu dadin lan egiteko», esan du. Elorrion (Bizkaia) EAJk eta PPk Bilduri alkatetza kendu eta gero izandako liskarrak gogoan hartuta, lehendakariak salatu du egoera hori eta Bilduk emandako erantzuna «iraganerako itzulera nabaria» dela. Bildu legezkoa izanda ere, oraindik «ibilbide demokratiko luzea» egiteke duela iritzi dio lehendakariak. Bere ustez, koalizioa erakundeetan egoteak ez du esan nahi euskal gizartearen alde gobernatuko duenik.

Alderdien Legea

Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidenteak ukatu egin du EAJk akordioa egin duenik Bildurekin PSE-EEri alkatetzak kentzeko. «Agerikoa da ez dela itunik egon Bildurekin erakundeetako boterea banatzeko», esan du Radio Euskadin. EAJko zinegotziek «irizpide orokor bati» jarraitu zioten, eta euren hautagaiei botoa eman zieten udaletan, azaldu du.

Hori esanda, larunbateko argazkiaz bestelako irakurketa bat egin du Urkulluk. Bere iritziz, agerian geratu da euskal gizartea Alderdien Legea indarrean sartu aurreko berbera dela, eta lege horren ondorioz erakundeetan izan den ordezkaritza «trukatua» egon dela. «Azken hamar urteotako erakundeen argazkia benetakoa zela pentsatzen zuena oker zegoen».Hala, gogoeta egiteko eskatu die PSE-EEri eta PPri, are gehiago maiatzeko hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta. Azpimarratu duenez, bozek agerian utzi dute PSE-EEk eta PPk «euskal gizartearen %30a bakarrik» ordezkatzen dutela.Datu horren inguruan «zintzotasunez» hausnartu beharko lukete bi alderdi horiek, EAJko presidentearen ustez. Lehendakariari ere eskatu dio hausnartu dezan ea euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duen: «Erantzuna ezezkoa bada, ondorioa argia da».

Udalen osaketa dela eta, PSE-EE eta PPk EAJren aurka esan dituzten «gezurrak eta irainak» ez zaizkio batere gustatu Urkulluri, baina azpimarratu du bere asmoa ez dela alderdi politikoen arteko harremanak tenkatzea.

Bestalde, Lasarte-Orian zinegotzi jeltzaleek Bilduren hautagaiaren aldeko botoa eman eta alkatetza eskuratzea ahalbidetu izana ez zaiola atsegina egin aitortu du Urkulluk. Gai hori atzoko EBBren batzarrean aztertzekoak ziren jeltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.