Paueko Auzitegiak uztailaren 17an erabakiko du Juan Mari Mujika Dorronsoro iheslaria Espainiaratuko duen ala ez. Fiskaltza euroagindua betetzearen alde azaldu da. Aldiz, Jean François Blanco defentsa abokatuak atxilotua aske uzteko eskatu du.
Frantziako Poliziak hilaren 4an atxilotu zuen, Barkoxen (Zuberoa), ETArekin lotuta. 2001ean Jose Maria Aznar Espainiako orduko gobernuburua hiltzeko atentatu saioan misilak jaso eta entregatzeko ardura izatea egotzi diote.
Ataundarra da Mujika, baina Domintxainen (Zuberoa) bizi zen azken urteotan. Hark salatua zuen beldurrez bizi dela 2008ko abendutik, Poliziari laguntza ematea eskaini ziotenetik.
Pauek Espainiaratzea erabakitzen badu, defentsak helegitea aurkezteko aukera izango du.
Lander Fernandezen estradizioaren aurka Erroman
Lander Fernandezen aldeko elkartasun taldeak ekimen bat egin du Erroman gaur, Espainiako enbaxadan. 30 lagunek egoitza barruko patioa okupatu dute, Euskal Herriaren aurkako "errepresioa" geratzeko eta Fernandezek aske behar duela eskatzeko. Eskutitz bat utzi dute, estradizio prozesua gelditzeko eskatuz.
Fernandez euskal preso ohia ekainaren 12an atzeman zuten Erroman, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta. Hurrengo egunean libre geratu zen, behin-behinean.