Paueko Auzitegiak Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga eta Bergoi Madernaz gazte independentistak Espainiaratzea erabaki du, baina hirurok beherala jakinarazi dute helegitea sartuko dutela. Ondorioz, auzia gehienez beste 40 bat egunez luza daiteke. Bitartean haiek preso jarraitu behar dutela erabaki du epaileak.
Duela hiru aste Plazaola, Lizeaga, Madernaz, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint Ramirez, Xalbador Ramirez eta Aiala Zaldibar Segiko kideek agerpen publikoa egin zuten Izpuran, Espainiaratzeko arriskuaren aurka, eta eragileei eta herritarrei babesa eskatu zieten. Hainbat hautetsik euren etxeetan aterpetzeko hautua plazaratu, eta hala egin zuten. Hain justu, Tobar ez beste denak atxilotuta eta behin-behinean preso daude.
Ramireztarren eta Perezen aurkako euroagindu eskaerak hilaren 22ko saioan aztertuko ditu Pauek. Fiskaltzak haiek ere Espainiaratzeko eskatua du.
Tobar eta Xabi Irigoien eta Iker Elissalde Beskoitze eta Hendaiako hautetsiak lehengo astetik euroaginduen aurkako gose greba egiten ari dira Hendaian.
Gaur Paueko Auzitegiaren aurrean protesta egiten ari ziren manifestarien kontra oldartu egin da Frantziako Polizia, eta bi lagun atxilotu ditu. Halaber, bi lagun zauritu ditu.
Txomin Catalogne eta Txomin Iriart-Urruti dira atzeman dituztenak, Kazeta.info-k dioenez. 19:00etan ekarretaratzeak egingo dituzte Larzabalen eta Kanbon.