Paueko Kontseilu Nagusiko presidente izendatu dute Labazee, 29 bozekin

Herritarren hautua «kontuan hartu» duelako, oposizioak ez du lehendakaritzako hautagairik aurkeztu

Atzo egin zuen lehen bilera Kontseilu Nagusi osatu berriak, Paueko egoitzan GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Paue
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Atzo izendatu zuten Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidentea. 52 kontseilarietarik 29k Georges Labazee sozialistaren alde eginik, hark hartu zuen aulkia. Haatik, inor ez zuen ukan parean, oposizioak ez zuelako hautagairik aurkeztu. Herritarren hautua «kontuan hartu» dutela erranik eta emaitzak «errespetatzen» dituztela gehituz, hautagairik ez aurkezteko erabakia azaldu zuten Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko Forces 64 taldearen presidenteak eta Max Brisson UMP taldekoak.

Hori dela eta, 29 kontseilarik Labazeeren alde egin zuten, 21ek zuri bozkatu eta bi boz baliogabe kontatu zituzten. Txalo artean eta aldekoen eta oposizioaren goresmenen artean hartu zuen kargu berria. Oposizioko hautetsi bat Labazeeren alde agertu zen; izan ere, ezkerrean 28 hautetsi dira, eta 29 boz lortu zituen. Alain Iriart independente gisa aurkeztu zen abertzaleak zuri bozkatu zuen. Orain arte eskuinaren aldean kokatu zen, baina aldi honetan ez da haien aldean egonen. Haatik, ez da sozialisten aldean ere kokatzen; egitasmoen arabera erabakiko du.

Jean Jauresen esaldi batekin hasi zuen lehen diskurtsoa Labazeek: «Pentsatzea eta jardutea merezi du, argirantz eta zuzentasunerantz zuzenduriko indarra ez da inoiz galdua. Historiak irakasten dizkigu lan handien zailtasunak eta lorpenen geldokeriak, baina esperantza justifikatzen digu».Haien lorpenari begi kliska egin zion esaldi horrekin, lehen aldikoz lortu dutelako gehiengoa Kontseilu Nagusian.

Garapen ekonomikoa eta «elkartasuna herritarren artean eta elkartasuna lurraldeen artean» garatuz, herritarren ongizatea dute sozialistek lehentasunetan. Lurralde honetako «kide izatearen sentimendua» aitzinera eraman nahi duela ere azaldu du Labazeek. Hainbat egitasmo aurkeztuditu: «Herritarretarik hurbilago izateko xedez», sei Departamenduko Etxe eraikiko dituzte, bertan haien zerbitzuak bilduak izanen direla. Garraio sare zabal bat planteatzeko asmoz, horren xede duten herri eta hiri elkargoei laguntza eskainiko diete, funtzionamendurako gastuen erdia haien kontu hartuz. Defendatzaile sutsu gisa, AHT egitasmoa aipatu du baita ere, «horretan sinesten» dutela erranez.

Hamabost presidenteorde ukanen ditu ondoan. Tartean, Kotte Ezenarro Hendaiako kontseilaria egonen da, elkartasunaren sailaz arduratzeko. Brissonek eta Lasserrek argi utzi dute «oposizio eraikitzaile» bat izan nahi dutela.

Euskal gaiak aipatu gabe

Pays egituren desagerpena gaitzesteaz aparte, Labazeek ez zuen ezer zehaztu Euskal Herritik datozen aldarrikapenei begira. 2012an Alderdi Sozialista garaile bada, «kuadro legal» baten bidez, «departamenduko eta bereziki Euskal Herriko hautetsi, aktore eta herritarren artean eraikitzen jarraitzeko» tresna bat martxan jarri beharko dela adierazi du.

Euskal Herriak «kontuan hartu beharreko berezitasunak» dituela eta horiek «errespetatu» beharko dituela ohartarazi diote presidente berriari Brissonek zein Lasserrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.