Txutxi Ariznabarreta. Independentistak sareko bozeramailea

«Pauso eraginkorren hasiera mugarrituko du Aberri Egunak»

«Une berezian» heldu da aurtengo Aberri Eguna. Txutxi Ariznabarretaren arabera, egoera politiko berriak sortu duen «ilusioari» heldu behar dio euskal independentismoak, eta jauzi berri bat eman.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Aberri Egunaren prestaketa lanetan buru-belarri dabil Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kidea. Lan horretan etenaldi bat egin du, eta epe motz eta ertainera begira mugimendu independentistaren erronkak azaldu dizkio BERRIAri, egunkariak Andoainen (Gipuzkoa) duen egoitzara eginiko bisitan.

Aurtengo Aberri Eguna berezia izango dela diozue. Zergatik?

Aurten bi gertaera izango ditugu gogoan: Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75.a. Euskal Herriak estatu izaera galdu zuela 500 urte pasatu badira ere, herri honek erakutsi du bizirik dagoela, eta estatu hori berreskuratzeko pauso zehatzak eta eraginkorrak eman nahi dituela. Gernikako bonbardaketak, berriz, erakutsidigu errepresioaren eta zapalkuntzaren aurka, herri honek erantzuten jakin izan duela, askatasun egarriari bizirik eutsi diola eta hori indartu egin duela. Horri gaineratu behar diogu garai berriak zabaltzen ari direla Euskal Herrian, eta Europan krisialdi ekonomiko baten erdian gaudela. Horrek guztiak izaera berezi bat ematen dio urteari, eta Aberri Egunari. Gure ustez, ordua iritsi da pauso eraginkorrak emateko euskal estatua berreskuratzeko bidean. Pauso eraginkorren hasiera markatuko du Aberri Egunak. Mugarri bat jarriko du.

Badirudi, beste behin, abertzale guztiek ez duzuela batera eta leku berean ospatuko Aberri Eguna. Zer hausnarketa egiten duzue?

Gu ez gara inor beste batzuei esateko zer egin behar duten. Guk planteatzen duguna da Aberri Egunak izan behar duela Euskal Herriaren eguna, Euskal Herrian bizi direnentzat eta mundu osoan dagoen euskal komunitatearentzat. Alderdiek urte osoa daukate beren eguna egiteko eta beren diskurtsoak kaleratzeko. Guk uste dugu independentista guztiok elkarturik ospatu behar dugula Aberri Eguna. Hori da guk planteatzen duguna, eta uste dugu apurka-apurka horrantz doala kontua.

Saiorik egin duzue guztiak biltzeko?

Gu politika munduan gaude, baina ez gaude alderdien jokoan sartuta. Guk aukera bat eskaintzen dugu guztiok batera ospatzeko Aberri Eguna, baina ez gara sartzen hori kudeatzera alderdiekin, siglekin. Beti egoten dira baiezkoak eta ezezkoak, eta uste dugu hori ez dela biderik egokiena. Horrek ekartzen du bakoitza bere jarreran gogortzea.

Aberri Egunaz gain, zein beste ekimen antolatzen ditu Independentistak sareak, eta zein helbururekin?

Sare honen helburua litzateke herri honek erabakitzeko eskubidea duenean, gehiengoak independentziaren aldeko apustua egitea. Hori landu egin behar da, eta horretarako lehen pausoa da independentismoa agertzea, azaleratzea. Uste dugu oraindik independentismoaren parte handi bat ikusezina dela; jende asko dago ez dena ausartzen independentista moduan kalean azaltzen. Bestalde, XXI. mendeko independentismo bat landu behar dugu, benetan gaur egungo fenomenoei aurre egiten diona eta etorkizun bat eskaintzen diona euskal gizarte osoari, ideologia guztietako jendeari. Eta hor lan handia dago egiteko. Mobilizazioekin batera, pertsona independentista guztiak elkar lotu eta auzolan erraldoi batean lanean jarri behar ditugu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, ohiko diasporan eta egungo diaspora berrian. Ideien Faktoria deituriko ekimena antolatu dugu XXI. mendeko independentismo hau sortzeko. Horrekin nahi duguna da arlo guztietatik sakondu maila honetan, argudioz jantzi independentismoa eta argudio horiekin egungo eztabaida politiko errealean parte hartu.

Zein izango dira mugimendu independentistaren epe motz eta ertainera begirako erronkak?

Epe laburrera begira guk uste dugu independentismoak gainditu behar dituela oraindik dituen estigmak eta mugak, eta natural azaldu behar duela kalean bere indar guztia. Hortik aurrera, ikusmolde askotako pertsona independentistak elkar lotu, eta lobby herritar zabal bat antolatu beharko litzateke aurrera begirako bide horri ekiteko. Herri honen etorkizuna arlo guztietatik landu behar da: arlo identitario-kulturaletik, sozialetik, ekonomikotik eta politikotik. Guk uste dugu herri honen etorkizun bakarra independentziarako pausoak ematea dela, baina horretara heldu behar dugu benetako eztabaida eta hausnarketa sakon baten bitartez.

Independentzia lortzeko modukoa izan dadin, besteak beste, estrategia independentista artikulatuko lukeen subjektu politiko bat beharko litzateke. Horren haritik, aurrerapausorik ikusi duzue azkenaldian?

Euskal Herrian garai politiko berriak zabaldu dira eta ilusio handiak piztu dira. Baldintza berriak eta hobeak sortu dira independentista guztien arteko elkarlanerako. Aukera historiko baten aurrean gaude, herri honek bere erabakitzeko eskubidea lortzeko. Uste dugu badagoela aukera independentziaren aldeko aliantza estrategiko zabal bat osatzeko etabide mugarritu bat lantzeko, pauso eraginkor eta errealen gainean. Hori gauzatzeko, ezinbestekoa da oinarri zabal batek babestea, bultzatzea eta, momentu batzuetan, presionatzea eragile politikoak. Horrek izan beharko luke Independentistak sarearen zeregina. Badakigu pauso zehatz horien artikulazioan eragile politiko eta sozialek parte hartu behar dutela. Gure zeregina da aurrelan bat egitea, lur hori lantzea, gero lur horretan ereiten dugunak fruitu onak eman ditzan.

Ezkerreko eragile subiranista eta independentistak lantzen ari direnakordio nazional estrategikoa norabide horretan doala uste duzue?

Egin duten urratsa oso ona iruditzen zaigu. Uste dugu bidea egiten hasteko modurik egokiena dela indarrak batzea. Guk diogu pauso eraginkorrak zehazteko ordua dela.

Azken egunetan kaleratutako inkesta batek dio %23 baino ez daudela independentziaren alde. Azken urteetan egin diren inkestetan independentismoak ez du inoiz %30eko langa gainditu. Zeintzuk dira, bada, euskal independentismoaren ahulguneak?

Guk uste dugu etorkizunari begira independentismoak dimentsio berri bat hartu behar duela, esparru abertzalea gainditu behar duela eta erreferentzia bilakatu behar dela edozein euskal herritar demokrata eta progresistarentzat. Azken batean, zer eskaintzen digute estatuek gaur egun? Ezer gutxi. Eta horrek abertzale eta abertzale ez direnei eragiten die. Arlo sozialean, adibidez, izugarrizko deuseztatze prozesu baten aurrean gaude, eta ez da elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako eredurik eskaintzen. Egoera horri aurre egiteko, edozein herritar demokrata eta progresistak ikusiko du independentismoa izango dela erreferentzia nagusia. Independentismoaren dimentsio berri horrek potentzialtasun handia dauka.

Alderdi psikologikoak, baina, garrantzi handia dauka herritarren hautuan. Hori aldatzea zailagoa dirudi. Nola eragin nahi duzue alor horretan?

Uste dugu oreka bat lortu behar dela sentimenduen eta elementu arrazionalen artean. Hemen jende asko helduko da independentziaren alde egotera bide askotatik. Guretzat bide guztiek balio dute. Abertzale munduan herri honekiko sentimendu indartsu batzuk daude, gure identitatearekin, gure hizkuntzarekin... Eta mundu horretan jende asko dago uste duena herri hau estatu bihurtzea dela euskaldun gisa bizi ahal izateko aukera bakarra. Baina horiek bakarrik ez dute balio. Gehiengo zabalak eraikitzeko, elementu emozionalekin batera elementu arrazionalak sortu behar dira, eta planteatu behar da nolako gizarte eredua, nolako ongizate estatua eraiki nahi dugun, etorkizun erakargarri eta ilusioz betetako bat eskaintzeko herri honi.

Zer irakaspen atera duzue Eskoziako kasuaz?

Lehenengoa da orain arteko independentismoaren aurkako elementu asko hankaz gora jarri dituena. Esaten zen estatu-nazioetatik kanpo nazioek ez zeukatela garatzerik, eta Europan gauza horiek ezinezkoak zirela. Eskozia eta beste batzuek erakutsi dute Europan, eta, gaur, bideragarria eta posible dela independentzia, eta biderik hoberena dela ikuspuntu kulturaletik, sozialetik, ekonomikotik eta politikotik. Euskal Herrian esparru utopikoan iraun du independentismoak, eta Eskoziaren erreferentziak, adibidez, independentismoaren inguruko eztabaida espazio utopikotik eguneroko eztabaida politiko errealera ekarri du. Eta hori pauso oso inportantea da independentismoarentzat: herri honen etorkizunaz hitz egiten denean, aukera guztien artean independentzia aukera erreal modura agertzea. Esparru emotiboaz haratago, jendeak bat egiten du ikusten duenean proiektu bat posible dela. Ez bakarrik gustukoa duenean, baizik eta gustuko hori posible eta erreala denean.

Datorren asteko greba orokorrak zer leku dauka mugimendu independentistarentzat?

Egia da krisi ekonomiko larri honek mahai gainean jarri duela euskal estatuaren gaia. Behin eta berriz ikusi dugu gurekin kontatu gabe eta kanpotik hartzen direla neurriak, eta neurri horien ondorioak euskal herritarrok nozitzen ditugula, sufritzen ditugula. Baina ez daukagu ezer esateko eta ezer egiteko aukerarik arlo sozioekonomikoan eta sozio laboralean, lan harremanen arloan. Greba orokor honek erantzuten dio kate luze bateko neurri bati. Hor ikusten dugu herri honek ezin duela jarraitu horrela. Argi ikusi zenean krisiaren pisua, planteatu zen Euskal Herriak bazituela ahuleziak, baina baita bazituela bere potentzialtasunak ere krisiari aurre egiteko eta etorkizun ekonomiko bat lantzeko. Baina kontua da aukera horiek guztiak joaten zaizkigula ez daukagulako tresnarik gure pontentzialtasunak eta aukerak lantzeko. Hori benetan egoera larria da herri batentzat. Azken batean arazoa ez da koiunturazkoa, estrukturazkoa baizik. Estatu propioa behar dugu gure aukerak baliatzeko eta Europan hitz propioa izateko eta gure interesak defenditzeko.

Krisialdi ekonomikoaren testuinguru honetan Espainiako Gobernuazentralizaziorako joera agertzen ari da. Prozesu hori mehatxu ala aukera gisa ikusten duzue?

Hor estrategia bat dauka Espainiako Gobernuak.Hor jokoa da edozein abagune aprobetxatzen ari dela bere identitatea inposatzeko, bere zentralismo hori areagotzeko, herrien eta nazioen ukazioari eusteko eta hor dauden aldarrikapenak nola edo hala laminatzeko. Orain, egoera ekonomikoa ere baliatu nahidute norabide horretan pausoak emateko.

EAEn ere egitura instituzionalari buruzko eztabaida ireki du Eusko Jaurlaritzak. Zer espero duzue?

Gu ez gara sartzen horrelako eztabaida zehatz eta unean unekoetan. Alderdien arteko jokoan kokatzen dugu hori. Uste dugu eztabaida hauetan badagoela elementu bat guztia distortsionatzen duena, eta da lurraldetasun kontuarena. Guk planteatzen duguna da Euskal Herri osoaren etorkizunari begira lan egin behar dugula; oso-osorik planteatu behar direla elementu politikoak eta sozioekonomikoak. Lurralde kohesioa eta kohesio soziala eta ekonomikoa aztertu behar ditugu Euskal Herria oso-osorik kontuan hartuta. Zoritxarrez. orain ditugun instituzioak eta hor sortzen diren eztabaidak-eta oso distortsionatuak daude, ez diotelako erantzuten Euskal herri osoari. Independentistak saretik eta Ideien Faktoria-ren bitartez nahiko genuke esparru bat sortu aztertzen diren kontu horien guztien partzialtasuna gaindituko duena eta hausnarketak era nazionalean landuko dituena.

Hiru administraziotan zatituta dagoen Euskal Herri honetan, nola uztar daiteke lurralde bakoitzaren nortasun eta erritmoak eta zuek planteatzen duzuen independentismo integral hori?

Ohiko eztabaida dugu hori. Gure ustez, sare moduko lan bat sortu behar da lurralde guztien artean, aurrera begira, eta Euskal Herri osoa kontuan hartuta, artikulatzeko erabakitzeko eskubidea. Lurralde horietan dauden eragileek zeresan handia dute. Hausnarketa sakona egin behar dute. Kontu horiek artikulatzeko garaia dela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.