ETAren desarmatzea. Eragileen erreakzioa

Pausoaren adjektibo askotarikoak

Alderdi eta sindikatu abertzaleek modu positiboan hartu dute NEBren adierazpena, eta Espainiari eta Frantziari begiratu dioteGainerakoek, berriz, ETAren «erabateko» desarmatzea eta desagertzea eskatu dute

EH Bilduko kideak, atzo, egiaztatzaileekin egin beharreko bilerara sartzen. Unamunzaga, Matute, Arraiz eta Etxeberria dira. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia - Ainhoa Larrabe
Bilbo
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Urratsa eta pausoa. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) ETAk armategiak indargabetzeari ekin diola adierazi ostean behin eta berriz errepikatu ziren hitzak izan ziren horiek. Eguerdian egindako agerraldiaren ostean, alderdi politikoetako, sindikatuetako, patronaleko eta Elizako ordezkariekin bildu ziren NEBeko kideak. Eta bileratik atera ostean denen ahotan ibili ziren «urratsa» eta «pausoa» hitzak. Baina horien ondoren joan ziren adjektiboak ez ziren berdinak izan. Batzuentzat handia izan zena, besteentzat txikia izan baitzen. Edozein modutan, alde guztiek bat egin zuten ETAk hartutako aldebakarreko erabakia positiboa izan zela. Ondoren, ordea, bakoitzak bere trabak edo erabateko adostasunik ezaren hitzak gehitu zizkien. Hala egin zutenek. Gainerakoek Espainia eta Frantziari begiratu zien, eurek ere pausoak eman behar dituztela gogorarazteko.

PELLO URIZAR EH Bilduko legebiltzarkidea

«Aurrerantzean eragile armatua izateari uzteko prozesua abiatu du ETAk»

«Bakea eta konponbidea bultzatzen duen mugarri baten aurrean gaude. ETA bere esku dituen urratsak egiten ari da norabide egokian, Aieteko Konferentziaren hasieratik gaur arte. Oraingoan, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bere gain hartuko du ETAren armategien zigilatzea eta erabilpen operatibotik kanpo uzteko prozesuaren gainbegiratzea, etorkizunean estatuekin armagabetze prozesu bati heltzeko oinarriak jarriz eta horretarako borondate osoa agertuz. Beraz, urrats horrekin, ETAk aurrerantzean eragile armatua izateari uzteko prozesua abiatu du. [...] Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen egitekoa ere azpimarra- garria eta txalogarria da guztiz, Aieten hasitako bidea bururaino eramateko hartu duten konpromisoarengatik. Egiaztatze Batzordearen jokabide horrek ondorio oso positiboak ekar ditzake nazioarteko eremutik».

PATXI LOPEZ PSE-EEko idazkari nagusia

«ETAk desagertu beharra dauka, armek ez baitute eurek bakarrik hiltzen»

«ETAren adierazpena bide onean egindako keinu bat da, baina ez da aski. Horregatik, euskal gizartearen zati handi batek bere armategi guztia entrega dezala eta desager dadila eskatzen diogu. Baina behin betiko desarmatzea beharrezkoa izateaz gain, ez da nahikoa ere. Armek ez baitute eurek bakarrik hiltzen. Hainbat erakundek eta ideologiak bultzatzen dituzte pertsonak armatzera eta tiro egitera. Eta ETAk duela bi urte esan zuen behin betiko utzi zuela ekintza armatua. Desagertzea izango da, beraz, gizarteak espero duena, eta ETAk bere presoen alde egin dezakeen onena».

NURIA LOPEZ DE GEREÑU Confebaskeko idazkari nagusia

«Erabateko desagerpenerako, eragile guztien parte hartzea beharrezkoa izango da»

«Ziurrenik, ez da guk nahi izan duguna, ezta gizarteak entzun nahi zuena ere. ETA erabat desarmatzeko eta desagertzeko eskatzen dugu, eta sortutako sufrimendua onar dezala. Gaur ez dugu hori entzun, baina bai pauso bat. Eta halako prozesuetan esperientzia daukaten pertsonek ikusten dute pauso hori badela beste pauso baterako giltza. Horregatik, positiboki ikusi behar da. Bereziki azpimarratu nahi dut batzorde hau egiten ari den lan ona: eskaintzen duen esperientzia, diskrezioa, edo lana egiteko era. Aurrerantzean euren lana bultzatzeko, eragile guztien parte hartzea beharrezkoa izango da, erabateko desagerpen bat lortu ahal izateko».

ADOLFO MUÑOZ ELAko idazkari nagusia

«Aldebakartasuna behar bada ere, orain ez da nahikoa desarmatze fase baterako»

«ELAk bere poza adierazi nahi du, ETAk armategien inbentarioa egiten hasi eta horiek behin betiko zigilatzea erabaki duelako, desarmatze prozesurako ezinbesteko urrats gisa, eta NEBk gainbegiratuta. Erabaki honek ostera ere berresten du prozesuaren aldebakartasuna eta atzeraezintasuna, eta bat dator gure gizartearen helburu eta eskariekin, baita Foro Sozialak eman zituen gomendioekin ere. [...] Carltonen izan dugun bileran, NEBk, eskaera zehatza egin digu euskal gizarteari honako hau helarazteko: aldebakartasuna beharrezkoa izanik, orain ez dela nahiko armategiak deuseztatzeko faserako. Hori ezin izango da mamitu Espainiako eta Frantziako gobernuen konpromiso eraginkorrik gabe».

AINHOA ETXAIDE LABeko idazkari nagusia

«Gasteizko Gobernuari dei egiten diogu bakea eraikitzeko egitekoari heltzeko»

«Ibilbide oso batean txertatzen den pausoa da hau, Euskal Herriarentzako konponbide integrala ekarriko duen ibilbidean. Ziur gaude ETA erakundearen apustu honek bestelako aurrerapauso batzuk eta ondorio garrantzitsuak ekarriko dituela konponbide integral horretarako gure herrian lotu beharreko akordioei begira. [...] Gasteizko Gobernuari dei berezia egin nahi diogu. Euskal Herrian konponbidea eta bakea eraikitzeko prozesuan eduki beharko lukeen egiteko garrantzitsuari hel diezaion. Ordua da estatuaren jokoari bizkar emateko eta, behingoz, garai berriak sortzeko apustuan buru-belarri sartzeko, euskal jendarteak aldarrikatzen dion bezala eta aurrerantzean ere aldarrikatu behar dugun bezala».

EUSKADIKO CCOO 

«Normalizazio politikoa sendotzeko beharrezko albistea izango da»

«NEBek egindako adierazpena ETAren desarmatze eta aldebakarreko desagertzearen barruan sartu behar da. Ikuspegi horretatik albiste ona da, eta herrialdearen normalizazio politikoaren panorama sendotzeko beharrezkoa izango da».

RAUL ARZA UGT-Euskadiko idazkari nagusia

«Ez dira itxaropenak bete, baina pauso bat da erabateko desarmatzearen bidean»

«Beste pauso bat da hartu behar da. Guk ETAren behin betiko desagertzea eskatzen dugu, Euskadin bake eta askatasun aro berri bati hasiera eman ahal izateko. Ez dira aurretik jarritako itxaropenak bete, baina erabateko desarmatzearen bidean emandako pauso bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.