Koronabirusa

PCR testen bitartez, 33 positibo berri atzeman dituzte; horietako 11, Bilbon

Esan dute ez dagoela motiborik Bizkaiko hiriburuan agerraldi bat dagoela adierazteko. Espainiako Gobernuak plan berri bat atondu du epidemiari aurre egiteko irizpideekin; erkidegoei aurkeztu die

Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Izurriari jarraipena egite aldera egiten ari diren PCR testen bidez atzemandako azken koronabirus kasuen berri eman zuten atzo osasun agintariek. Denera 33 positibo berri dira. Hamasei Bizkaian atzeman dituzte, eta horietako 11, Bilbon; kasu horien atzean epidemiaren oldartze bat dagoenik esateko motiborik ez dagoela adierazi zuten, baina ikertzen ari dira. Kasuen sorburua zein den ongi argitu nahi dute. Gipuzkoan kasu berriak zortzi dira; Nafarroan, sei; Araban, hiru. Ordiziako agerraldiak zeresan franko eman du, baina baretzen ari dela dirudi; kasu berri bakar bat zenbatu dute orain kasu multzo horrekin lotuta. Denera 74 dira. Nafarroako datuetan positibo bat erlazionatuta dago Tuteran lehengo astean jakinarazitako kasuekin, eta bi Iruñean gaitzak duen agerraldi berri batekin. Eusko Jaurlaritzak ohi baino datu gutxiago eman zituen atzo, arazo batzuk izan zituela argudiatuta. Ez zuen jakinarazi, esaterako, egindako PCR testen kopurua, edota zenbat pertsona dauden erietxean birusaren ondorioz.

 

Izurriarekin lotutako zalantza guneetako bat Donostian egon zen atzo, Etxadi kiroldegian; bertako langile batek positibo eman zuela jakin zen, eta, halakoetarako prestatuta dagoen protokoloari atxikita, kiroldegia itxi egin zuten Donostia Kirolako arduradunek. Aste osoan halaxe egongo zela esan zuten, eta desinfektatu egingo zutela; behargin horren gertuko kideei ere testak egingo zizkietela esplikatu zuten. Arratsaldean, ordea, jakin zen «faltsua» izan zela positiboa, eta ez zegoela, beraz, eragozpenik gaur kiroldegia berriz irekitzeko. Ustez positibo eman zuen kiroldegiko langileari PCR test batean kutsatu gisa atzemandako pertsona baten kontaktu estua izateagatik egin zioten azterketa, eta emaitza ikusi ostean eman zuen Osakidetzak abisua.

Andoainen (Gipuzkoa) ludoteka bat ere itxi behar izan zuten, erabiltzaile batek positibo eman zuela eta. Udalarena da instalazioa, eta erakundeak plazaratutako oharraren arabera, «lasai» egon behar dute herritarrek, testak egiten ari zaizkielako positiboaren gertuko kontaktuei, eta osasun agintariekin batera koordinatzen ari direlako zer egin hemendik aurrera.

Getarian (Gipuzkoa) ere hainbat kasu ikertzen ari direla jakin zen. Haritz Alberdi alkateak esan zuen bi kasu baieztatuta daudela, eta hamar lagun bakartuta daudela badaezpada ere. Ordiziako Udalak, berriz, azaldu zuen izurriaren aurkako aparteko neurriak hartzen jarraituko duela.

Bestalde, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoekin bilera bat egin zuen atzo izurriari aurre egiten jarraitzeko ondu duen plana aurkezteko. Erkidegoek beren gain dute orain epidemia hesitzeko neurriak bideratzeko ardura; plan horren arabera, Osasun Ministerioak ere esku hartuko du gaitzaren susperraldiak erkidego batean baina gehiagotan hedatzen badira, eta neurri «koordinatuak» behar badira.

Erkidegoen erabakiei buruz

Egoera larritzen bada, alarma egoera berriz indarrean jartzeko eskumena ere izango du Espainiako Gobernuak, baina, ahal dela, hori saihestu egin nahi da. Planaren helburu nagusia erantzun «bizkorrak» ematea dela gogoratu dute. Erkidegoek hartzen dituzten erabakiekin eskubideren bat urratzen badute —esaterako, mugikortasuna mugatzera egiten badute— , epaitegi batean berretsi beharko dituzte neurri horiek. Katalunian, esaterako, arazoa izan zuten atzo LLeidan zabalduta dagoen agerraldi bat kontrolatze aldera hartu nahi zuten neurri baten ondorioz; Kataluniako Generalitateak Segria eskualdean etxeko itxialdia ezarri nahi zuen, baina epaile batek ez zuen onartu. Espainiako Gobernuko iturriek, hala ere, adierazi zuten «aski erreminta» badituela erakunde autonomikoak erabaki hori bideratzeko. Erabakia dekretu baten bidez egiten ahaleginduko zirela esan zuten gero Generalitateko arduradunek.

Onbidean Espainiako Gobernuak ondu duen plan hori ostegunean onartzea da asmoa. Erkidegoei zuzenduriko hainbat betebehar ere zehazten ditu: osasun publikoan aski baliabide izan behar dituzte epidemia taxuz kontrolatzeko, alerta eta informazio sistema eraginkor bat martxan izan behar dute, arta berezietarako atondutako 1,5-2 ohe eduki beharko dituzte 10.000 biztanleko, eta fase akutuetarako, 37-40. Babeserako materialetan izurriaren unerik gogorrenetan izan ziren eskasia egoerak berriz errepika ez daitezen, irizpide bat ezarri dute Madrildik: aski baliabide izan beharko dute erkidegoek zortzi asterako, kanpotik laguntzarik batere jaso gabe ere.

Espainiako Gobernuko osasun agintariek kezka azaldu zuten atzo leku askotan agerraldiak izaten ari delako epidemia; kasu askoren ondorioz «transmisio komunitarioa» gertatzen ari dela onartu zuten, eta adi ibili behar dela. Toki guztietan agerikoa da joera bat: kutsatuak gero eta gazteagoak dira, adina behera ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.