Jesus Pejenaute Nafarroako Gizarte Politikako kontseilaria «zipristinduko lukeen gertaera larri baten berri» eman zuen atzo goizean Kontuz plataformak. 2007ko otsailean, Nafarroako Kutxako (CAN) arlo komertzialeko zuzendariorde zela, aste batean 180.000 euro zuritzeko hiru operazio agindu zituen Pejenautek, 500 euroko billeteak 100 eta 200 euroko billeteen ordez trukatzeko metodologiaren bitartez. Kapital zuritzearen aurkako protokoloari jarraituz, Iruñeko CANen bulego nagusiko langileek erakunde barruko kontrol organoei ohartarazi zieten. «Horregatik, hori ezkutatu izana leporatzen diogu 2007an Enrique Goñi, Miguel Sanz eta Yolanda Barcinaren agindupean zen Nafarroako Kutxako zuzendaritzari».
Kontuz plataformak Nafarroako Parlamentuari, Gobernuari eta Fiskaltzari auzia ikertzeko eskatu die, eta ezer egin ezean, salaketa aurkezteko prest daude. Hala nahi izanez gero, fiskalari dituzten froga guztiak aurkezteko prestasuna azaldu dute. Kontuz ekainean sortu zen, Nafarroako Kutxan azken urteetan izandako gestio txarraren ondorioz erantzukizun politikoak exijitzeko eta balizko ustelkeria kasuak salatzeko asmoarekin.
2007ko otsailaren 19an, CANen bulego nagusiko buruzagiak «Pejenautek aginduta» 50.000 euro 500 euroko billeteetan trukatzeko eskatu zien langileei, eta ez zuen zehaztu zein zen bezeroa. Espainiako Bankuaren araudiari eta kutxako barne protokoloari jarraituz, langileek posta elektroniko bidez «operazio irregular bati buruz» ohartarazi zieten ikuskaritza eta segurtasun departamenduei. Horiek erantzun zuten «gertaera larria» zela, eta Pejenauterengana joko zutela azalpen eske.
Biharamunean, ordea, bulegoko zuzendariak beste 60.000 euro trukatzeko agindu zuen, eta otsailaren 21ean, beste 100.000 euro; «azkenean Pejenauteren idazkariak 70.000 euro soilik hartu zituen». Guztira, 180.000 euro. Hiru kasuetan, Pejenautek eman zuen agindua. «Pejenautek ez zuen argitu nondik atera ziren 500 euroko billeteak eta zein zen billete txikiagoen azken hartzailea». Kontrol organoetako arduradun batek haserrea azaldu zion CANeko zuzendaritzari: «Honek guztiak lotsa eta pena ematen dit»
Izan ere, Kontuz-ek «gertaera ezkutatzea» leporatu dio zuzendaritzari. 2007an, Miguel Sanz zen administrazio kontseiluko eta zuzendaritza batzordeko presidente, eta Barcina kontrol batzordeko presidente. Urte hartan lehenak 36.856 euro jaso zuen saritan eta bigarrenak 28.092 euro.
Operazio horren ondoren, Pejenautek aurre erretiro oparoa kobratu, eta CANi lotutako Vialogos enpresako negozio zuzendari izendatu zuten. 2009an, Barcinaren aholkulari pertsonal bihurtu zen, eta PSNk aurten gobernua utzi ostean, ekainean, Elena Torres ordezkatu zuen Gizarte Politikako departamenduan.
Pejenautek salaketa jarri du
Gobernuak ez du inongo baloraziorik egin, eta ohar baten bidez jakinarazi du Jesus Pejenautek salaketa jarri duela epaitegian Kontuz plataformaren aurka. «Kontseilari gisa egindako lanaren aurka egitea eta Nafarroako Gobernuaren izen ona zikintzea» leporatzen dio Pejenautek plataformari. Barcinak ez die adierazpenik egin nahi izan kazetariei.
Pejenaute kontseilariak 180.000 euro zuritu zituela salatu du Kontuz taldeak
Plataformaren arabera, ustezko delitua 2007an egin zen, eta Nafarroako Kutxako zuzendaritzak «ezkutatu» egin zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu