Pejenauteren izendapenarekin «arriskua hartu» zuela onartu du

Pejenautek deliturik ez duela egin adierazi du, Barcinak, eta haren dimisioa onartu beste biderik ez zuela

Yolanda Barcina, atzo, Parlamentuko batzordean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bereari eutsi dio Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak, baina inplizituki bere hutsa onartu du. Izan ere, batetik, aipatu du Jesus Pejenauteren egoeraren berri bazekiela. Bestetik, ekainean, Gizarte Politikako kontseilari izendatu aurretik, haren kasua «modu berezian, beste kontseilariekin ez bezala» aztertu zuela ere esan du: «Beste pertsona bat hauta nezakeen, UPNren harmailetan pertsona hoberenak baititugu. Baina, ekarpen handia egin zezakeelako beste profil baten alde egin nuen. Ohartzen nintzen arriskua hartzen nuela, eta, horregatik, zuhurtzia osoa hartu nuen. Jakin banu horrela erabiliko zutela, ez niokeen Pejenauteri hainbeste sufriaraziko». Barcinak argi utzi nahi izan du CANek Pejenauteri ez ziola zigorrik ezarri eta espedientea «garbi» zegoela.

Auzia urriaren 19an ezagutarazi zuen Kontuz!-ek. Salatutakoaren arabera, 2007ko otsailean, hiru egunez, Nafarroako Kutxako zuzendari gisa Pejenautek 500 euroko billeteak trukatzeko agindua eman zuen; 180.000 euro. Operazio haren eraginez, diru zuritzearen aurkako protokoloa abian jarri zen kutxa barruan. Garai hartan, zuzendaritzaren barruan, barne ikuskaritzaz arduratzen den kontrol batzordeko presidente zen Barcina.

Parlamentuan orain arteko bertsioa errepikatu besterik ez du egin Barcinak. Haren esanetan, Pejenauteren egoeraren berri galdetu zuen kutxa barruan, eta ez zuela isunik jaso egiaztatu ahal izan zuen. «Hain da horrela, ez zuten kutxatik bat-batean bota». Ogasunaren aurrean ere dena erregularizatuta zuela aipatu du, etaez zuela «aitorpen osagarririk» egin behar izan. Haren ustez, «ezker abertzalearen kolektiboak eta Bilduk», auzia politikoki ustiatu nahi izan dute. Hori ikusirik, «bere burua hobeto defenditzeko, urriaren 21ean dimisioa emateko erabakia hartu zuen Pejenautek. «Erabaki hori librea eta pertsonala da. Ulertu zuen hobeto defendi zezakeela bere burua kanpotik. Gainera, oso kontuan hartu zuen karguan jarraituz gero, bere izen ona modu atzeraezinean kaltetuko lukeela». Dimisioa onartu beste erremediorik ez zuela esan du.

Iragan astean Barcinak esan zuen «mundu guztiak» zuela auziaren berri. Bilduko Maiorga Ramirezek zehaztasuna eskatu dio: «Nork zekien? UPNn mundu guztiak zekien? Nafarroako Kutxan? Gobernuko beste kideren bati eragin diezaiokeen beste auziren bati buruz ba al dakizu aldez aurretik?». Galdera gehiago egin dizkio: «Horren berri bazenekien zein izan zen zure ekarpena ikerketan? Zer kopuru trukatu zuen guztira? Kontrol batzordeko presidente gisa, bazenekien diruaren jatorria? Prest zaude dokumentazio guztia emateko? Espainiako Bankuak dena legezkotzat jo bazuen, non dago txostena? Zuk sinatu zenuen bera ez zigortzeko espedientea?».

Barcinak akusazio batekin erantzun dio Ramirezi. Pejenaute «aldez aurretik epaitzea» egotzi dio. UPNko Sergio Sayasen ustez, gobernua dago jomugan. «UPNk aurrez aurre esan diezaieke herritarrei: gardentasunean eta zintzotasunean ez dago gu gaindituko gaituenik».

NaBaiko Txentxo Jimenezek galdetu du trukatutako 180.000 euroak etxebizitza baten salmentatik zetozen eta egiazko prezioa zen, ala beltzean jasotako aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.