Pello Olanok azaldu du Guardia Zibilak "modu basatian torturatu" duela atxiloaldian, Amnistiaren Aldeko Mugimendiak (AAM) arratsaldean adierazi duenez. AAMren arabera, Madrilera bidean kolpeak eman zizkioten Olanori, Guardia Zibilak galdeketa ugari egin dio, buruan hainbat aldiz jarri zioten poltsa -"arnasik gabe uzteraino"-, "lurrean etzanarazi eta manta batekin bildu zuten eskuak eskuburdinez lotuta zituela, zutik ordu asko igarotzera behartu zuten poliziek, flexioak eginarazi zizkioten, kolpeak eman zizkioten"... AAMk dio Olanok (49 urte) mehatxuak eta presioak ere etengabe jaso dituela -"besteak beste, bere umea erabili dute presioak egiteko"-.
Guardia Zibilaren esku bost egun egin ditu inkomunikatuta Olanok. Ostiral goizaldean atxilotu zuten, etxean, Lizartzan (Gipuzkoa). ETArentzako ziren lehergailuen garraioarekin lotura izatea egotzi zioten.
AAMk Espainiako Gobernua salatu du. "Zapateroren eta Rubalcabaren bulegoetan erabakitzen da tortura erabiltzea. Erabaki politikoa da torturaren erabilpena. Poliziak eta Guardia Zibilak euren lan tresna bezala erabiltzen dute tortura, inkomunikazioaren babespean".
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur hartu du Olano, eta kartzelara bidali du, ETAko kidea izatea, gerra armak edukitzea eta atentatu "terrorista" egiten saiatzea egotzita. Epailearen arabera, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiaren aurkako atentatua egiteko asmoa izan zuen Olanok 2001ean, gutxienez hiru alditan. Epaiaren autoan ageri denez, ETAri misil jaurtitzailea uzten zion atentatua gauzatzeko eta, ondoren, bueltan jasotzen zuen arma.
Epailearen aurrean inkomunikatuta deklaratu du Olanok eta konfiantzazko abokatuei ere ez diete akusatuarekin egoten utzi, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dioenez.
Horren harira, ustez harena den Lizartzako lokal baten miaketan izan zen atzo Olano. Berri agentziek zabaldu zutenez, hamar minutu iraun zuen miaketak, eta ez zuten "ezer aipagarririk" atzeman.
Iaz beste auzi bategatik zigortu zuten Olano -bi urteko espetxea-; Regina Otaola Lizartzako alkateari (PP) mehatxu egitea leporatu zioten.
politika
Pello Olanok dio "modu basatian torturatu" duela Guardia Zibilak
Grande Marlaska epaileak kartzelara bidali du gaur, ETAko kide izatea eta gerra armak edukitzea egotzita. Ostiraletik inkomunikatuta eduki dute. "Zapateroren eta Rubalcabaren bulegoetan erabakitzen da tortura erabiltzea", salatu du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu