Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegia erabat itxita eduki du Eusko Jaurlaritzak ia bi astez. Atzo jakinarazi arren, martxoaren 20an eman zion Ingurumen Sailak jarduera guztia geldiarazteko agindua, airean bentzeno kopuru handiak antzeman zituela argudiatuta. Otsailetik ekoizpena murriztua zuen findegiak, enpresaren erabakiz, eta herenegun kendu zuen Jaurlaritzak debekua. Petronorrek, halere, gezurtatu egin du geldituta egon dela.
Azken asteotan Muskiz, Abanto eta Zierbenako herritarrek aurkeztutako kexei erreparatuta eskatu zizkion Jaurlaritzak Petronorri gas isurpenei buruzko datuak. Herriotako bizilagunek eta eragileek martxoaren 22an salatu zuten hil hasieratik «oso nabarmena» izaten ari zela airearen kutsadura. «Hodei toxiko bat» eragitea leporatu zioten findegiari, eta horren adierazle jarri zituzten haien osasunean agertutako sintomak: itolarria, goragalea, negarra, buruko mina, azaleko hazkura eta mukiak.
Jaurlaritzaren arabera, Petronorren datuek agerian utzi zuten bentzeno partikulen kopuru handia igortzen ari zela. Ingurumen Sailak azaldu duenez, findegiko lehen unitateko hozte sisteman zegoen matxura batek eragin zuen isurketa, eta hori konponduta, martxan jarri zuten berriro, igandean, ezohiko arazorik gabe. Gobernuak zehaztu du sei neurgailu dauzkala findegiaren inguruan, eta datozen egunotan «jarraipen berezia» egingo diotela airearen kalitateari.
Enpresak, ordea, beste bertsio bat eman du: findegia itxi izana eta «legez baimendutako isurketa mailak» gainditu izana «erabat gezurrezkoa» dela adierazi du ohar bidez. «Tamaina horretako eskakizun» batek idatzizko agindua beharko lukeela gaineratu du, eta halakorik ez dutela jaso.
Ekoizpena, jaitsita
Otsailetik erregaien ekoizpena jaitsita zeukan Petronorrek, baina orain apurka ohiko mailetara itzuliko da. Kontsumoaren beherakadaren ondorioz, bi fintze planta itxi zituen urte hasieran, eta ekoizpena ia geldituta egon zen bolada batez. Erregaiaren produkzioa merkatuko prezioa baino baxuagoa zelako hartu zuen erabakia.
Baina erregaiaren irabazi ahalmena handitu egin da. Enpresan «hobetze sintomak» sumatu dituztenez, fintze planta bat martxan jarri zuten atzo, baina errendimendu baxuan, «irabazi ahalmena egonkortu arte». Bigarren planta geldi dute oraindik, mantentze lanetan.
Petronor geldiarazi dute, bentzenoagatik
Eusko Jaurlaritzak esan du findegia bi astez ixteko agindua eman zuela, baina enpresak gezurtatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu