DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Pirata mozorroak nagusi kuadrilla egunean

Pirataz jantzita irtengo dira kalera gaur donostiarrak, eta mozorro originalenak, gainera, saria jasoko du. Kuadrilla bazkaria egingo dute, eta ezustekoren bat izango da kafea hartu ondoren. Arratsaldean, kuadrillen jaitsiera ezaguna egingo dute, Pasai txarangarekin batera. 

2012ko abuztuaren 17a
17:22
Entzun

Kuadrillen eguna da gaur Donostian, pirata mozorro hoberenak armairutik ateratzeko eguna. Piraten Kolektiboak antolatuta, ekintza ugari daude prestatuta gaurko, eta baldintza bakarra jarri dute: norberaren izaera alboratu eta pirata bilakatzea. Goizeko 11:30ean, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte Portuko arranplan, Eskifaia Gazteen Kofradiak antolatuta. Ondoren, pintxo hotzen lehiaketa izango da (13:00). Pintxoak dastatu ondoren gosez jarraitzen dutenek 14:00etan bazkari herrikoia izango dute, La Flamenkan; eta ezustekoren bat izango da kafea hartu ondoren. 

Pirata gaztetxoenentzat ere antolatu dituzte jolasak: futbolin erraldoia, graffitti tailerra eta abar. Portaletas eta Nautikoaren arteko eremuan egingo dira. Eta arratsaldeko azken ordurako, 19:00etan, kuadrillen jaitsiera ezaguna egingo da La Flamenkatik abiatuta, Pasai txarangarekin batera. Bukatutakoan, menu berezia: saiheskia eta oilaskoa (20:30ean, Trinitate Plazan). Mozorro originalenak, gainera, saria jasoko du. Kuadrilla bazkaria egingo dute, eta ezustekoren bat izango da kafea hartu ondoren. 19:00etan, kuadrillen jaitsiera ezaguna egingo dute La Flamenkatik abiatuta, Pasai txarangarekin batera. 

Egunez bestelako ekitaldi mordoa dago udalak antolatuta, hemen ikusgai. Su festari dagokionez, Caballer FX Valentziako (Herrialde Katalanak) su etxearen txanda izango da gaur. Tradizio luzeko su etxea da. Efektu bereziengatik eta koloreengatik dira ezagunak su etxe horren emanaldiak. Joaten diren leku bakoitzean, Valentziaren esentzia islatzen saiatzen dira. Behin baino gehiagotan irabazi dute Donostian —iaz, besteak beste—, eta aurten ere ikuskizun ona ematea espero da.

Gauaren hamaika aurpegiak

Aste Nagusia azken txanpan sartu da dagoeneko, eta gune gehientsuenetan gaur izango da dantza eta festarako azken aukera. Trikiteens taldea igoko da Konstituzio plazako oholtzara 23:30 jo orduko, erromeriazaleen gozagarri. Easo plazan, berriz, Avenida orkestrak itxiko du festetako bolero eta pasodobleen eskaintza. Argentinarrak izango dira Bulebarreko Kioskora igotzen azkenak, El Cachivache laukotea. Buenos Airesko folklorea ekarriko dute Donostiara, tango erritmo biziekin. Dantzariak ere izango dituzte, tangoa dantzatzen jakin ez eta ikusiz ikasi nahi duenaren mesedetan.

Musika modernoago batera jauzi eginez, Alex del Toro DJa arduratuko da gaur Kursaaleko Urumea terraza girotzeaz. R de Rumba Nautikoko DJ Gunean hip hop doinuak nagusituko dira Violadores del Verso taldearen eskutik. Saguesen, berriz, Anai-Arrebak Pasaiako taldearen eta Ken Zazpi talde aski ezagunaren emanaldiaren ostean amaituko dira kontzertuak, hurrengo urtera arte.

Pirata txikien abordatzea

Umeen eguna antolatu zuten atzo Donostiako piratek, eta haurrek ere, handiek bezala, abordatzea egin zuten. La Flamenkatik Nautikorako bidean igerileku bat jarri zuten, eta hantxe ibili ziren haurrak, aurkako taldeko piratei bandera lapurtzeko ahaleginetan. Berrehun haur inguru bildu ziren, banderen jokoan aritzeko prest. Hogei haur sartzen ziren txanda bakoitzean, bi taldetan banaturik. Ederki pasa zuten, uretan plisti-plasta, piratak izango balira bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.