«Pixkanaka», eremu propioa berreraikiz

Bi urteren ondoren, Eraiki gazte antolakundea aurkeztu dute Aralarreko gazteek. Iratzarriren zatiketa gaindituta, «gogotsu» ari dira berrantolatze lanean, eta elkarlana sendotu nahi dute gainontzeko gazte erakundeekin.

Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gazte gisa beharrizan espezifikoak dituztela ikusi dute Aralar alderdiko gazteek, eta beharrezko zutela erakunde propio bat izatea, betiere, Aralarren proiektuaren barruan. 2004ko azaroan Iratzarri sortu zutenetik, erakunde horrek betetzen zuen zeregin hori, baina zatiketa izan zuten 2012ko otsailean. Alderdi bihurtuta, Aralarren proiektutik aldendu zen sektoreak jarraitu zuen Iratzarriren erreferentziapean, eta Aralarreko gazteak erakundea berrantolatzeko prozesuan aritu dira geroztik. Joan den astelehenean aurkeztu zuten emaitza, Donostian: Eraiki gazte antolakundea, «Euskal Herria independente, sozialista eta feministan sinesten dugun gazteok sortua».

Eraikiko Ander Vizan (Portugalete, 1993) ez zen «arazoaren mamian» egon Iratzarriren banaketa gertatu zenean, baina, haren esanetan, «gazte batzuen protagonismo nahia eta interes pertsonalak» izan ziren arazoa, eta ez desadostasun politiko edo ideologikoak. «Prestatu zuten batzar bat, gai zerrendan ezer garrantzitsurik aurkeztu gabe eta deialdi zabalik egin gabe. Hor bozkatu zuten Aralarretik irten eta proiektu berri bat sortzea».

Egun batzuetara egin zuten agerraldia Aralarren jarraitzearen alde zeuden Iratzarriko hainbat militantek, beren arrazoiak azaltzeko. Antolakundea sorreratik Aralarren egon zela adirazi zuten, eta zentzurik ez zuela hortik kanpo. «Ezker abertzaleko beste sentsibilitatearekin» eta EA eta Alternatibarekin egindako aliantza defendatu zuten, «ezker abertzale zabal eta plurala» lortzeko. Vizan: «Beraz, Aralarreko gazteok eta lehen Iratzarrin zeudenek esaten dugu Iratzarri ez zela inoiz joan Aralarretik, eta Aralarren daudela Iratzarriren proiektuan sinesten zuten gazteak».

Iratzarri alderdi gisa erregistratu, eta beren bidea egin zuten aldendutako haiek. Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkeztu dira orain, Iratzarri-Eki eta Ezker Anitzaren arteko koalizioa osatuta. Hausturak Aralarreko gazteen artean «desmotibazioa eta desmobilizazioa» eragin zutela aitortzen du Vizanek, eta kosta egin zaiela gazte erakundea berrosatzea. «Hasieran egon zen energia falta bat, itxuraz zure 'lagunak' diren horiek beste bide bat hartzen dutelako soilik beren interesengatik».

Bi urtetako lanaren ondoren, ordea, lortu dute proiektua berriz abian jartzea. «Pixkanakako lana» izan dela dio Vizanek, hasierako giro hori iraultzen jardun behar izan dutelako: «Batzuk tiraka aritu dira proiektu hau berriz ere martxan jartzeko. Orain gogotsu ari gara gazteria hau antolatzen, eta pixkanaka ari da jendea animatzen eta parte hartzen».

Prekaritatea lehentasun

Prozesu horren barnean, Maiatzaren Lehenaren testuinguruan aurkeztu dute Eraiki. Aurkezpenean bertan, garrantzi berezia eman diote gazteriaren egoera sozioekonomikoari. «Ikusten dugu lanaren prekarizazioa erabatekoa dela gazteen artean, dependentzia tasa handienetakoa daukagula, gure herritik irtetera behartuak gaudela...», azaldu du Vizanek.

Antolakundea sortzea beharrezko ikusi dute, besteak beste, arazo horiei «gazte gisa» aurre egiteko: «Autonomia dugu gazte gisa gure beharrei erantzuteko, baina beti jakinda Aralarren proiektuaren parte garela».

Aurkezpeneko agirian adierazi zuten «lehentasun» gisa hartuko dituztela langabezia eta prekaritatea. Eta, horri aurre egiteko, elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten: «Garai berri hauek ikusarazten digute, inoiz baino gehiago, eraldaketa soziala bilatzen dugunon arteko elkarrizketa, elkarlana eta akordioa izango dela gakoa biharko Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko». Independentzia eta sozialismoa leloaren barnean kokatzen dute beren jarduna, nola nazio askapenaren borroka, hala askapen sozialarena.

Horretan sakontzeko, elkarlana sendotzera bidean eman nahi dituzte hurrengo pausoak. Oraindik ez dute «harreman formalik» egin gainontzeko gazte antolakundeekin, baina epe laburrerako helburu nagusi gisa jarri dute lan hori. Argi du Vizanek harreman «estuagoa» izango dutela helburuak partekatzen dituztenekin —EH Bilduren inguruan dabiltzan sentsibilitateekin—, baina ez du baztertu gainontzekoekin ere elkarlanean jardutea, batera aritzeko puntu komunak aurkituz gero. «Arazoei aurre egin eta gure helburuak lortzeko, ezinbestekoa izango da ezkerreko eta abertzale garen gazteon elkarlana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.