Planchuelo GALeko kide zela frogatutzat eman du akusazioak

Errugabea dela esateko baliatu du azken hitza Espainiako Poliziaren Bilboko buru izandakoak, GALen azken epaiketanAkusazioak 99 urteko zigorra eskatu du; fiskaltzak eta defentsak, aldiz, absoluzioa

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«GAL estatu terrorismoa izan zen, kontratatutako mertzenarioekin». Argi dauka hori GALen Kontrako Herri Ekimena taldearen herri akusazioko abokatu Begoña Lalanak. Ez dauka dudarik Miguel Planchuelo «erakunde terrorista» horretan inplikatuta egon zela, eta 1986an Baionako Batzoki eta Donibane Lohizuneko La Consolation tabernen kontra egin zituzten atentatuak berak agindu zituela. Hiru egunez Espainiako Auzitegi Nazionalean egin den epaiketan hori aski frogatuta gelditu dela eta horregatik Espainiako Poliziaren Bilboko buru izan zenari sei atentatu saio egiteagatik 99 urteko espetxe zigorra jarri behar zaiola defendatu zuen azken ondorioetan.

Hori argudiatzeko froga sendorik ez du azaldu herri akusazioak, baina auziaren izaera kontuan hartzeko eskatu dio Alfonso Guevara buru duen epaimahaiari. Poliziak bere buruaren kontrako ikerketak aurrera eraman behar dituenez, eraginkorra izatea zaila delako. «Estatu terrorismo» auzietan froga indartsuak izatea zaila dela Estrasburgoko epaitegiak ere onartzen duela, eta hori kontuan izateko eskatu dio.

Segundo Mareyren bahiketagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak Planchuelo zigortu zuenean absolbitu egin zuten «erakunde armatuko kide» izatearen delitutik. GALen bahiketa horretan parte hartu zuela bai, baina, gehiagotan parte hartu zuela frogatu ez zenez, delitu hori egozteko beharrezkoa den «jarraipena» ez zela gertatu argudiatu zuen auzitegiak, Lalanak gogora ekarri zuenez. Baina, ohartarazi duenez, orain ezin da hori esan. Planchuelok berak onartu zuen epaiketan GALen agiri bat idatzi zuela —Brouard GALek hil zuela ukatzen zuena—, telefonotik beste norbaitek diktatu zionean. Gainera, GALek gerora 30 atentatu inguru egin dituela ekarri zuen gogora, eta, beraz, badagoela «denboran jarraipena».

Akusazioak frogatutzat eman zuen berak agindu zituela Batzoki eta La Consolation tabernen kontrako atentatuak ere, eta esan zuen horretarako hainbat zantzu daudela. Azaldu zuenhonako zantzu hauek gehitu behar zaizkiola Jose Amedo eta Michel Dominguez zigortzeko Auzitegi Nazionalak 1991n kaleratutako autoari: frogatuta geratu dela —Planchuelok berak onartu du epaiketan— 1985ean Planchuelo ere egon zela honako hauek egindako bileran: Jose Amedok, Francisco Alvarezek —garai hartan terrorismoaren kontrako borrokaren buru zen Espainiako Estatuan— eta Jean Philippe Labadek —atentatuen antolatzaile jotzen dute— egindako bileran, eta berak eta Alvarezek esan zutela «Amedori babesa ematera» joan zirela. Alvarezek, gainera, bilera hartaz hitz egitean «komando» hitza esan zuen, epaileak esan gisan «subkontzienteak kale eginda edo».

Hiru sikarioak Portugaldik Euskal Herrira «presa handiz» eraman zituztela ere ekarri du gogora akusazioak. Eta esan du, defentsak dioen bezala informazio lanetarako taldea bazen, ez zegoela zertan hainbesteko larritasunez ekarri. Ohartarazi zuen, gainera, ez daukala inolako zentzurik frantsesez ez zekiten hiru lagun «Frantzia hegoaldera» informazio lanak egitera eramateak.

Polizia agintariak «atzean»

Mertzenarioen deklarazioak ere ekarri zituen gogora Lalanak—epaiketakoak zein beste auzi batzuetan egindakoak—. Nabarmendu zuen haiek bazekitela GALen atzean «polizia autoritatea» zegoela, eta Planchuelo zela Amedoren eta Dominguezen burua.

Inmaculada Gomezen deklarazioa ere aipatu zuen; Gomezek esan zuen garai hartan, Amedoren maitalea zelarik, hark esaten ziola GALekin lotutako gaietan bere agintariak ez zirela ari hitz emandakoa betetzen. Planchueloz ere hitz egiten zuela zehaztu zuen, gainera.

Oso bestelako argudioak eman zituzten Fiskaltzak eta Planchueloren defentsak. Biek nabarmendu zuten Amedo eta Dominguez zigortu zituzten auzitik aparteko ezer ez duela eraman defentsak epaiketara, ez duela diligentzia berririk ere eskatu. Orduan, Planchuelo errugabea zela ebatzi zuen auzitegiak, eta, beraz, haien irudiko, orain ez dago hura zigortu behar dela esateko arrazoirik.

Auzia «modu arraroan» eramatea bota zion fiskalak akusazioari, eta «akusazio temerarioa» egitea aurpegiratu zion defentsak. Azken hitza egiteko aukera eman ziotenean, errugabea dela esateko baliatu zuen Planchuelok.

Epaia besterik ez da falta orain. Epaimahaiak ez du epemugarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.