Alardea

Plastiko beltzen ordez, mozorroak izan dira gaur alarde mistokoen kontra Hondarribian

Jaizkibel konpainiakoak Kale Nagusira heldu direnean, jende multzo batek peto horiak eta Walt Disneyko pertsonaien maskarak zituen jantzita. Dena dela, beste urteetan baino oihu gutxiago izan dira gaur. Alarde mistokoak eguerdian Guadalupeko mezan izan dira, lehen aldiz.

2007ko irailaren 8a
22:22
Entzun
Gaur Hondarribian (Gipuzkoa) ez da jendearen aldetik plastiko beltzik izan, aurrekoetan bezala, alarde mistokoekin kontra egiteko. Baina bai mozorroak; Jaizkibel konpainiako gizonezko eta emakumezko alardekideak Kale Nagusira iritsi direnean, jende multzo batek peto horiak eta Walt Disneyko pertsonaien maskarak zituen jantzita. Alarde tradizionalaren aldeko herritarrek zeuzkaten mozorroak, eta emakumezkoak ziren batik bat -gazteak asko-, alardean emakumearen beraren parte-hartzearen kontra daudenak. Horietako batzuek buelta hartu eta bizkarra eman diete Jaizkibelekoei. Hondarribian normaltasunik ez aurten ere, beraz.

8:25ean atera dira Jaizkibel konpainiakoak desfilean. Bi pankarta zeuzkaten: Emakumeak alardean eta Berdintasun Legea gauzatu. Lagun askok irten dute taldean, 250 lagunek; haien artean ziren, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia eta Xabier Lapitz hondarribitar kazetariak. Eragileek atzetik jarraitu diete, babesa ematen: Garbiñe Biurrun epaileak, Bilgume Feministako kideek, politikariek, Iñigo Lamarka EAEko arartekoak, Izaskun Moyua Emakumearen zuzendariak... Ertzainak ere han ziren, ohi bezala, normaltasunik ezaren seinale; Ertzaintzaren helikoptero bat ere ibili da.

Dena dela, alarde mistokoak Kale Nagusira iritsi direnean, aurten besteetan baino oihu gutxiago izan dira haien kontra.

8:55ean bukatu dute herriko goizeko saioa Jaizkibelekoek, eta autobusean sartu eta Guadalupera igo dira; aurten igo dira lehen aldiz hara. Desfilatu ondotik, bi deskarga egin dituzte eskopetariek.



Alarde tradizionalekoen txanda hasi da ondoren herrian; 4.500 kide inguru atera dira.

Eguerdian meza izan da Guadalupen, eta han izan dira lehen aldiz alarde mistoko ordezkariak -mandoak-. Alarde tradizionalekoak ere bertan ziren; hauek elizan aulkiak gordeta zituzten, Jaizkibelgoek ez. Gaurko egunez Fundazioak antolatzen ez duen ekitaldi publiko bakarra da meza.

Garoa Lekuona Jaizkibel konpainiako kapitaina gustura zegoen, "plastiko beltza erori egin delako". Duela urte batzuk Kale Nagusitik pasatzen ez zietela uzten gogoratu du, eta hura ere desagertu zela. "Orain mozorroak atera dituzte baina, egia esan, erridikulu samarra da".

Lamarka arartekoak gaurkoa "positiboa" izan dela esan du, eta datorren urtean ertzainen beharrik ez izatea lortu beharko litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.