Euskal Herriko erakunde publikoetan aritu izan diren edo gaur egun ordezkari diren 25 kargudun publikok pauso bat aurrera eman dute. Herrira mugimenduak etziko Euskal Herri osoan zein nazioartean antolatu dituen mobilizazioekin bat egin dute, eta guztiek sinatutako agiri batean presoen giza eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatu dute. Besteak beste, Espainian zein Frantzian ezartzen ari diren bizi osorako espetxe zigorrak bertan behera uzteko eskatzen dute, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeako. «Premiazkotzat» jotzen dute, halaber, espetxe politika egungo denbora berrietara egokitzea, «iraganeko irizpideak alboratuz eta giza eskubideen errespetua abiapuntu berri gisa finkatuz».
Agiriaren sinatzaileen artean, Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak, hainbat udaletako zinegotziak eta alkateak zein udaletako ordezkari izandakoak eta Gipuzkoako batzarkideak daude. Ordezkariok Bildu koaliziokoak, ezker abertzalekoak, Eusko Alkartasunakoak eta EAJkoak dira. Besteak beste, Tasio Erkizia, Ramon Labaien, Joseba Azkarraga, Bakartxo Ruiz, Ainhoa Aznarez, Maiorga Ramirez eta Angeles Iztuetak sinatu dute agiria.
Nahiz eta bakoitzak alderdi, ideia eta proiektu desberdinak ordezkatzen dituzten, ordezkari politikoek uste dute premiazkoa dela euskal preso politikoen giza eskubideak berehala errespetzea.
Etzi, Herrira-k Euskal Herri osoko herrietan eta auzoetan ehunka mobilizazio egingo ditu espetxe politika alda dezatela eskatzeko, Goazen plazara! ekitaldiaren bitartez. Deialdi horrekin bat egitera dei egin diete herritarrei: «Garrantzitsua da herritarrok batuta ekitea, espetxeetako giltzak dituztenak jarrera aldatzera behartzeko».
Batetik, euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen dute. Bestetik, Espainian de facto ezartzen den bizi osorako espetxe zigorra ezartzen duen doktrina bertan behera uzteko, eta preso horiek askatzeko eskatzen dute. Frantzian ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera utzi eta «baldintzapeko askatasunari» bide emateko ere eskatzen dute. Gainera, zigorraren bi herenak eta hiru laurdenak beteak dituzten presoak kaleratzea galdegin dute. Horrez gain, beharrezkotzat jo dute gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta presoen osasun eskubidea bermatzea.
Oro har, Espainiako eta Frantziako gobernuei iraganeko jokabideak aldatzeko eskatu diete.
Konponbide prozesua. Euskal Presoak
Plazak betetzera dei egin dute hainbat hautetsik eta hautetsi ohik
Etzi espetxe politikaren aldaketa eskatuko duen deialdi masiboarekin bat egin eta agiri bat sinatu dute 25 kargudun publikokBizi osorako zigorra indargabetu eta espetxe politika aro berrira egokitzea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu