Plazara harpidetza kanpaina aurkeztu dute BERRIAk eta 'Hitzek', Baionan

Kioskoetako harpidetza egiteko aukera ukanen dute Ipar Euskal Herriko irakurleek BERRIA hartzeko

Argazkian, Plazara kanpainaren aurkezpena, Baionako Euskal Erakustokian. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
BERRIAk Plazara izeneko harpidetza kanpaina aurkeztu zuen atzo Baionan. Urte luzeetan Ipar Euskal Herriko irakurleek arazo nabarmenak ukan dituzte BERRIA etxean hartzeko postaz, eta arazo hori gainditzeko xedez, kioskoetako harpidetza egiteko aukera lantzeari ekin zion duela bi urte, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin. Ezohiko sistema da Ipar Euskal Herrian. Zailtasunak bide berritzaileak ikertzera eta lantzera eramanik, BERRIAren hedapen duina lortzeko bidea atzeman dela erran zuen Joan Mari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak.

Euskaldunon Egunkaria, sorreratik, egunkari nazionala izateko asmoz sortu zen, Euskal Herri osorako egina. Espainiako Poliziak egunkaria itxi ondoren sortu zen BERRIA egunkaria irizpide horri jarraiki zaiola gogoratu zuen. Ipar Euskal Herriak beti ukan du tokia haren barruan, Euskal Herriko gainerateko lurralde edo herrialdeek bezala. Postaren bidez egiten den banaketa sistemak, ordea, zailtasun anitz izan ditu betidanik, eta usu harpidedunek berandu eskuratzen zuten etxean. Horrek hedapena mugatu duela onartu zuen.

Datorren urtean BERRIAk hamar urte beteko ditu. Osagarri gisa sortu ziren Hitzak, eta haiekin batera, Ipar Euskal Herriko Hitza. Ipar Euskal Herriko irakurleei begira eskaintza zabalagoa bermatzeko erronka izan zela nabarmendu zuen. Laster Ipar Euskal Herriko Hitza-k bere webgunea ukanen duela jakinarazi zuen, eta Interneten bidez irakurtzeko aukera ere bermatuko dela. Kioskoetako eskaintza gehituko zaio orain arteko banaketari.

Plazara!

Hobekuntza horretan oinarriturik, BERRIAk Plazara kanpaina sustatuko du Ipar Euskal Herrian ondoko aste eta hilabeteotan, lehengo harpidedunak berreskuratu eta harpidedun berriak lortzeko. Hego Euskal Herrianharpidedunei begirako kanpainak arruntak ohi dira, baina horrelakorik ez da aspaldian egin Ipar Euskal Herrian. «Harpidetza hartzeak bi onura ditu: lehena, BERRIArentzat, hasieratik finkatu eta bermatzen duelako irakurle kopuru jakin bat; bigarrena, irakurlearentzat, merkeago eskuratzen duelako egunkaria». BERRIAk egiten dituen hainbat eskaintzatan parte hartzeko aukera ere ematen du harpidetzak.

Plazara kanpainaren bidez, BERRIA merkeago erosteko aukera ukanen du irakurleak. Gainera, lehen bi asteetako harpidetza urririk eskuratuko du. «Horrek bide emango dio harpidetza egin nahi duen pertsonari frogatzeko ongi eskuratzen duela, eta ez dituela aurkitzen lehen postarekin zituen arazo berak». Ondoren egingo luke benetako harpidetza.

Kanpaina bi ardatzetan oinarrituko da, arestian aipatu bezala. Orain artean harpidetza ukan duten pertsonak deituko ditu BERRIAk, eta egin diren aldaketak azalduko dizkie, banaketaren arazoa gainditzeko bidea jarri duela azalduz. Etorkizunera begira ukan ditzakeen aukerak ere aurkeztuko zaizkio. Bertze alde batetik, euskalgintzako gizarte eragileekin batera lantzen ari da xedea kanpainan garatzeko. Horren adibide gisa aipatu zuen heldu den larunbatean Baionan egingo den Xilaba bertso txapelketako finalean Ipar Euskal Herriko Hitza-ren 2.500 ale banatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.