Bateragune auzian Espainiako Auzitegi Gorenak eman berri duen epaia salatzeko Gernikako Akordioaren izenpetzaileek atzorako deitu zituen elkarretaratzeetan milaka lagunek parte hartu zuten. Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin ziren handienak, baina, hiriburuetan bezala, herri askotan ere elkarretaratzeak egin zituzten.
Iruñean azken uneraino kolokan izan zen atzo elkarretaratzea egiteko aukera, ostegunean herrialde osoko protestak debekatu baitzituen Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak. Azkenean, egitea erabaki zuten antolatzaileek. Elkarretaratzea egiteko premia berezirik ez dagoela esan zuen Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak debekua arrazoitzeko. Gernikako Akordioaren sinatzaileek helegitea aurkeztu zuten, baina ez zuten haren inguruko erabakirik jaso. Horregatik erabaki zuten elkarretaratzea egitea. Espainiako Polizia ez zen agertu.
19:00etarako egina zuten deialdia, eta 19:05ean zabaldu zuten pankarta, Prozesuaren aurkako erasorik ez! Konponbide garaia da leloarekikoa. Ezker abertzaleko Juan Kruz Aldasoro, NaBaiko Asun Fernandez de Garaialde, eta Bilduko Bakartxo Ruiz, Pello Martinez de Eulate eta Bikendi Barea jarri ziren pankartaren atzean, eta haiekin batera, dozenaka herritar. Hamabost minutu inguru egon ziren Udaletxeko plazan.
Elkarretaratzearen amaieran, Bateragune auziko azken epaia «oso larritzat» jo zuen Juan Kruz Aldasorok. «Larria da Euskal Herriarentzat, bai eta orain dagoen konponbide aukerarentzat ere». Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren debekua ere kritikatu zuen Aldasorok, eta bertze elkarretaratze bat iragarri zuen hilaren 24rako Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Gasteizen ere ehunka lagun bildu ziren Andre Mari Zuriaren plazan. Herritarrekin nahastuta, han izan ziren Gernikako Akordioa izenpetu duten eragileetako Gasteizko ordezkari batzuk, eta baita, besteak beste, ezker abertzaleko Joseba Permach, D3M eta Askatasuna auzian auzipetutako Amparo Lasheras eta Iñaki Aldekoa Aralarrekoa ere.
Bi elkarretaratze Bilbon
Bilboko Plaza Zirkularrean ere ehunka lagun bildu ziren, eta tartean ikus zitezkeen Gernikako Akordioaren izenpetzaileen ordezkariak. Besteak beste, elkarretaratzera joan ziren ezker abertzaleko Tasio Erkizia, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide,Arantza Urkaregi D3M eta Askatasuna auzian auzipetua eta Ikasle Abertzaleetako Ikoitz Arrese.
Gernikako Akordioak iluntzerako deitutakoaz gain, Bilboko Bilduk deituta eguerdian beste elkarretaratze bat egin zen udaletxeko eskaileretan. Elkarretaratze horrek ere lelo bera izan zuen. Prentsari eginiko adierazpenetan, Txema Azkuenaga zinegotziak gogor salatu zuen Espainiako Estatuaren jarrera: «Aukerak sortu eta bide berrietan sakondu ordez, oztopoak jartzen jarraitzen du Madrilek. Herri honetan urte luzeetan desio izan dugun benetako bake eta demokraziarako aukera inoiz baino argiagoa denean dator ebazpen hau, eta herritarren gehiengo handiak ez duez ulertzen, ez eta onartzen ere».
Donostian, Bulebarrean elkarretaratu ziren Prozesuaren aurkako erasorik ez! Konponbide garaia da leloa erabilita. Han ere ehunka lagun bildu ziren, eta, tartean, Gernikako Akordioko eragileetako ordezkariak.
Gernikako Akordioko alderdi eta eragileek herenegun eginiko agerraldian adierazi zuten Espainiako Estatuaren «erasoei» erantzuteko indarrak biltzen jarraitu behar dela. Agerraldi horretan esandakoa esan zuten atzo ere. Eragile horien arabera, Bateragune auziaren inguruko epaia «larria eta mingarria» da, eta hala uste du euskal gizartearen «gehiengoak» ere. Horren harira, gogorarazi zuten bost zigortuak konponbide prozesuaren alde «ekarpen ukaezina» egin zutela, eta salatu zuten, hain justu, prozesu hori «oztopatzeko» epaitu zituztela. «Bakegileak atxilotzen eta espetxeratzen dituen estatuak argi eta garbi adierazten du bakerik ez duela nahi», nabarmendu zuten.
Gernikako Akordioaren sinatzaileen arabera, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari ezarritako zigorra «ez da Euskal Herrian hasitako bake eta normalizazio prozesuak izandako lehenengo erasoa». Salatu zuten «prozesu hau hasi zenetik» Espainiako Estatuak «trabak eta oztopoak» baino ez dituela jarri. Gogorarazi zuten ETAk jarduera armatuen amaiera iragarri zuenetik atxiloketak eta tortura salaketak izan direla, erakunde politiko eta sozial askok legez kanpo jarraitzen dutela eta Espainiako Estatuko espetxeetan euskal presoen egoerak «okerrera» egin duela. «Traba eta oztopo horiek guztiak mingarriak izan arren, Gernikako Akordioan bat egin genuen eragileok euskal herritarrei behin eta berriz eskatu diegu bake eta normalizazio prozesuaren aldeko konpromisoa era aktibo batean berresteko», azpimarratu zuten.
'Bateragune auzia'. Epaia salatzeko elkarretaratzeak
Plazetan salatu dute herritarrek 'Bateragune auziko' Gorenaren epaia
Hegoaldeko lau hiriburuetan eta hainbat herritan egin dituzte elkarretaratzeak, Gernikako Akordioak deitutaIruñean, debekuak debeku, jendea bildu da, eta ez da gertatu aparteko ezer
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu