2000. urteko Gizarte Eskubideen Agiriarekin batera indartu zen oinarrizko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta urte bat lehenago Nafarroak eman zuen jauzia. Ordura arte bazen antzeko helburua zuen laguntzarik, Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrera kasu.
Urtero gora egin du laguntza hori jasotzen duten hartzaileen kopuruak: guztira 39.172 bizikidetza unitatek jaso zuten laguntza hori Hego Euskal Herrian 2006. urtean.Hala ere, zehaztu behar da hasiera batean Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %75aren azpitik zeudenak zutela oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea. Eta portzentajea handitu ahala (Nafarroan %80; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %88), geroz eta jende gehiagok izan du oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea.
Familien Laguntzarako Kutxaren arabera, 2007ko urtarrilean 5.343 lagunek eskuratu zuten gutxieneko gizarteratze laguntza Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin.
EAEn pobrezia larrian dagoen biztanleen %3,7ra heltzen dela dio Jaurlaritzak laguntza horiekin.
LANA AURKITZEA GILTZA. Oinarrizko errenta hilero jasotzen da, premia egoera desagertu arte. «Gizarteratzea eta lan merkatura itzultzea oinarrizko errentarekin batera datozen helburuak dira», dio Mikel Santiago Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze zuzendariak. Hitzarmen bat sinatu behar dute laguntzaren hartzaileek prestaketa horretan «konpromisoa» hartzeko, eta orduan hasiko dira «oinarrizko beharrizanak». Dena den, lan merkaturatzeko helbururik ez duten hainbat hartzaile badago, pentsioan jasotzen dituztenak kasu.
Ikastaro eta tailerretan parte hartzen dutenen %20 bertan «kronifikatuta» daudela onartu arren, gehienak lan merkatura heltzen direla dio Santiagok. «Urtebete azpitik jaso ohi dute oinarrizko errenta, gero lan mundura heltzen baitira».
Gizarte elkarteek beste iritzi bat dute. Oinarrizko errenta jasotzen dutenek egiten dituzten ikastaroak ez direla merkatura egokitzen diote. Are gehiago, alor horretan «mafiak» sortu direla kritikatzen du Nekane Jurado Elkartzen-eko kideak: «Ikastaroak emateagatik diru laguntzak ematen dira, eta horretaz baliatzen dira hainbat diplomak banatzeko». Bestetik, pobreziak sortzen duen lan merkatua onartzen ari dela deritzo Juradok. «LGS pobreziaren atarian jarri beharko litzateke, haien benetako merkaturatzea lortu ahal izateko». LGS igotzeko iritziarekin bat dator Santiago, baina bertan bere sailak eskumenik ez duela azaldu du. 2007an 7.988,4 eurokoa da Hegoaldean LGS eta 7.029,84koa oinarrizko errenta (Nafarroan 5.477,76 eurokoa da).
ETXEBIZITZA, EZTABAIDAGAI. Eusko Jaurlaritzako Gizarteratzeko II. Planak lanari dagozkion politika aktiboak hobetzeko ahalegina egingo duela aurreratu du Santiagok. Horretaz gain, etxebizitzarako osagarria oinarrizko errentan sartu nahi dutela dio: «Diru kopuruan muga jarri gabe». Orain arte Gizarte Larrialdietarako Diru laguntzek (GLD) betetzen baitzuten hutsune hori, eta oinarrizko errentan jasotzen ez dutenek laguntza horietara (GLD) jotzeko aukera izango dutela argitu du Santiagok.
Erabaki horrek benetako arazoari ez diola mesederik egiten deritzo Juradok, osagarri hori «neurririk gabeko alokairuak» jartzen dituztenentzat baita. Etxebizitza-sozial parke baten beharra azpimarratu du hori zuzentzeko, oinarrizko errenta jasotzen dutenek alokairurik ordaindu behar ez dezaten. Neurri zehatzetara mugatu beharrean, egungo pobreziaren egoeraz jabetzeko Juradok dio ikuspegi zabalagoa eduki behar dela. Azken hamar urteetan pobrezia berria sortu dela azpimarratzen du: «Aldaketa asko gertatu da azken hamarkadetan: aberastasunaren polarizazioa geroz eta handiagoa da, lanaren prekarietatea ere bai, etxebizitzaren prezioaren gorakada...». Egoera horrek egungo gizarteak bultzatzen dituen «irizpide indibidualistekin» talka egiten du, egoerak sortzen dituen arazoen erantzule egiten baitu pertsona.
MILATIK GORA ONURADUN BAIONAN. «Baionan 1.300 lagunek dute RMI izenarekin ezagutzen den laguntza hori», dio izena eman nahi ez duen gizarte laguntzaile batek. Gehienak Lapurdi kostaldean bizi dira, Angelu eta Miarritze direlarik salbuespenak.
Frantziak eredu korapilatsua du gizarte laguntzen arloan, eta ondorioz Ipar Euskal Herriak. Hainbat laguntza mota daude, gurutzatzen direnak. Zenbat arlotan, diru sarreren, xahutzeen eta familia egoeraren arabera gizarte laguntzaileek finkatzen dute pertsona bakoitzari dagokion laguntza kopurua. Laguntza horiek gutxieneko errentari gehitzen zaizkio. Adibidez, osasunari dagozkion xahutzeak osoki ordaintzen dizkiete. Horrez gain, etxea alokatzen duen pertsona batek laguntza eska dezake. 245 eurora mugatzen da hilero, baina txikiagoa ere izan daiteke.
Baina batetik eman eta bertzetik kendu. Etxearengatik laguntza jasotzen duten pertsonei 52,90 euro kentzen dizkiete gutxieneko errentatik. Ororen buru 387,96 euro ditu bizitzeko. Argindarra eta telefonoa ordaintzeko laguntzak ere eska ditzakete, Familien Kutxak erabakitzen duelarik eskubidea duen edo ez.
«Gizarteratzea zen lehen helburua, baina ez zaie lanik proposatzen, ez prestakuntza egokirik, funtsean jendea kontrolatzeko eta kriminalizatzeko tresna bilakatzen ari da», dio gizarte laguntzaileak. Izan ere, langabeek kontratu bat izenpetu behar dute hastapenean. Eta hiru hilero, hautetsiek, enpresa buruek eta bertze zenbait eragilek erabakitzen dute laguntza mantentzea.
Sistemak bertze traba handi bat dauka. Langabeak hilabete batez lan egiten badu, eskubideen azterketa egiteko hiru hilabeteetako diru sarrerak kontuan hartzen direnez, gainditzen du gutxieneko sarrera eta eskubide guztiak galtzen ditu hiru hilabetez. «Sistema honek lan beltza bultzatzen du».
Eskubide bera, oztopo gehiago
«Etorkinek oinarrizko errenta jasotzeko eskubide osoa dute, Espainiako Atzerritarren Legea horrela aitortuta, hemen bizitzeko beharrezkoa dokumentazioa izan edo ez». Oinarri hori azpimarratu du Fede Garcia SOS Arrazakeriako kideak etorkinek laguntza hori jasotzeko dituzten zailtasunak azpimarratu aurretik. «Opari bat ematen dietela dirudi, baina ez da horrela; haien eskubidea da». Eskubidea izanagatik, ordea, kasu askotan ez dela betetzen dio Garciak.
Hasieratik arazoei aurre egin behar dietela dio Garciak. «Udalerriren batean erroldatuta egon behar duzu laguntzak jaso ahal izateko. Eta urtea bete bitartean nondik atera dezake gizarteratzeko behar den dirua?». Homologaziorik gabeko ikastaroak eta instituzioen partetik nolabaiteko «kriminalizazioa» dagoela dio. Egoerak hobera egingo duen itxaropen gutxi ditu Garciak, erakundeak eguneroko gauza txikiak zuzentzeko bidean ez daudela deritzo eta.
«Eskubide bat bete ez, mesede egiten dizutela ematen du»
Orain dela lau urte eta erdi heldu zen Nahia Gonzalez Euskal Herrira, Bilbo inguruan ezartzeko asmoz
J.R.
Gasteiz
Orain dela lau urte eta erdi heldu zen Nahia Gonzalez (52 urte) Bilbora Madrildik. Heldu eta urte bat geroago hasi zen oinarrizko errenta jasotzen. Dantza ikastaroak ematen ditu emakumeen elkarte batean, eta laguntzei soldata hori gehituta, hilabetean 804 eurotara ez dela heltzen dio.
Eusko Jaurlaritzak lanaren bidezko gizarteratzea du helburu, baina Nahiak ez du esperientzia onik izan alor horretan. «Zuk eskaini dezakezuna ez baitie balio», deritzo. Txiki-txikitatik antzezlea dela aldarrikatzen du, eta horrekin lotutako egitasmoak eskaini zizkioten gizarte laguntzaileek lana bilatu behar ziotenean. Baina proposamen horiek behin eta berriz atzera bota dizkiotela dio. «Lorezaintza eta eraikitze ikastaroak dira nagusi; 750 euro ematen dizkizute zortzi orduko lanaldiagatik, eta, sei hilabeteren buruan, praktikak bukatuta, ez dago jarraitzerik». Bilbotik Sodupera mugitu zen alokairu merkeago baten bila. «Oinarrizko errenta etxeko jabearentzat da zuzenean eta gero dagoenarekin moldatu behar».
Bizitza beste modu batean antolatzeko beharra aztertu duela dio Gonzalezek. Euskal Herrian sustrairik ez izateak asmo hori nabarmen zailtzen duela azpimarratu du, ordea. Horretaz gain, errolda aldatzean Etxebideko alokairuko pisuetarako sarbidea eragotzi diotela kritikatu du.
Alokairurako Gizarte Larrialdietarako Diru Laguntzek ez dutela mesede askorik egiten dio. Bilbon urtean behin eskatzen dira laguntza horiek. Hilabeteko alokairurako 145 euro ematea «nahiko lotsagarria» dela deritzo. Horretaz gain, apurka ematen dituzten laguntzak direnez, hartzailea txarto sentiarazten dute. «Zurea den eskubide bat bete ez, mesede egiten dizutela ematen du».
Laguntzak hainbatetan kendu dizkiotela azaldu du Gonzalezek. Arartekora joan zen gertatutakoaren berri ematera, eta oraindik oso gogoan duen erantzuna eman zioten bertan. «Izan ere, jendea ez zen joaten bertara kezka horiek jakinaraztera, horrek izan zitzakeen ondorioen beldur».
«Errentaren helburua ez da gizarteratzea, oldarra ekiditea baizik»
Hiru hilabetez laguntzak kendu zizkioten Belghouli, etxea partekatzekolagun bat hartzeagatik
a. r.
Baiona
Lucrece Belghoulek lau urtez ukan du gizarteratzeko gutxieneko errenta. «387,96 eurorekin, etxea ordaintzekoa kenduta, ezin da bizi. Laguntza horren helburua ez da gizarteratzea, jendearen oldarra ekiditea eta gizartean bakea atxikitzea baizik». Diru kopuru horrek eta duintasunak ez dutela bat egiten dio. Estatistiken jokoari begira, gutxieneko errenta ez dela langabezian kontatzen azpimarratzen du. Iraupenerako dela ukanik, lan beltza edo bertze bide batzuk jorratu behar dituzte.
Janaria da horietako bat. Ez du onartzen dirurik ez izateagatik ongi jateko eskubiderik ez duenik. «Lanik ez badut ere, ez dut zaborrik janen, eta dei egin nahi diet nire egoeran daudenei, dituzten baliabidea erabil ditzaten, duintasunez elikatzea eskubidea delako».
Gutxieneko errentak bakartzera bultzatzen dituela dio. Alta, baztertuak badaude ere hiritar eta kontsumitzaile direla dio. Ez dute 1.000 euro xahutzeko, baina Estatutik hartu 387,60 euro horiek gastatzen dituzte kontsumitzaile gisa. Eta BEZ gisa %20 Estatuari itzultzen zaiola dakar gogora.
Kontseilu Nagusiak laguntzak kendu zizkion hiru hilabetez. Lagun batek etxea partekatzea eskatu zion, eta kontratuan sartu zuen, Familien Laguntzarako Kutxako langileak arazorik ez zegoela azaldu ondoren. Alta, hilabete baten buruan laguntzak kendu zizkioten. Bikotean bizi zela argudiatu zioten, nahiz eta Belghoulek azaldu bere bikotea bertze etxe baten bizi zela. «Azaldu zidaten gizonezko batekin bizi nintzenez arduradunen aitzinean bikotea ginela, arazorik ez zela izanen pisukidea neska izan balitz, edo ni gizona». Errepublika laikoari moral katolikoa egitea leporatzen dio, sexu bereko pertsonen arteko harremanik ez balego bezala. Uste baten arabera, gizarte laguntzak eteten dituen sistema salatzen du. Laguntza murritzak elkarrekin bizitzera bultzatzen ditu, eta gero, sistemak gutxitzen die laguntza.
Egiturak gizarteratzeko ahalik ez duela dio. Prestakuntza gisa gidatzeko baimena lortzea eskatu zuen eta ukatu zioten. Alta, lan proposamenak jasotzen bazituen, ezin zituen hartu, ez zuelako ez gidabaimenik, ez autorik.
«Laguntza eskatzen dugularik kontratua izenpetzeko eskatzen digute, eta nahiz eta ez den derrigorrezkoa, gizarteratzearekin deus ikustekorik ez duten pertsonek erabakitzen dute eskubidea dugun, haien Estatistiken arabera». Delinkuentziaren legearen ondorioz, gizarte laguntzak eskatzen dituzten guztiak kriminalizatzen dituztela dio. Izan ere, gizarte zerbitzuek ez dute lanbide sekreturik, eta pertsonen datu konfidentzialak partekatu behar dituzte gainerateko zerbitzuekin, horien artean justizia eta polizia.