Pobreziari eta desberdintasunari buruzko bigarren txostena aurkeztu du gaur Errealitate Sozialaren Behatokiak, Iruñean. Patxi Tuñon behatokiko zuzendari nagusiak, Antidio Martinez de Lizarrondo zuzendariak eta Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak eman dute txostenaren ondorioen berri.
Azaldu dutenez, pobreza maila %8,4tik %7,4ra murriztu zen 2015etik 2016ra Nafarroan. Datu horien arabera, foru erkidegoko pobrezia tasa estatu espainiarreko batez bestekoa baino ia 3 puntu apalagoa da —%10,2koa da Espainian—, eta erkidego guztien artean ehunekorik baxuena du.
Laparrak nabarmendu du Nafarroa "postu aurreratuetan" dagoela pobrezia eta desberdintasun alorrean erreferente diren Europako herrialde eta lurraldeen zerrendan. Hala ere, ohartarazi du desberdintasun garrantzitsuak daudela, bai biztanleria talde jakinen artean, baita lurraldearen iparraldeko eta hegoaldeko eskualdeen artean ere.
Txostenak jasotzen duenez, pobrezia maila altuagoa da 16 urtetik beherakoen artean (%29,3), 65 urtetik gorakoen artean baino (%18); eta emakumezkoen artean (%23,8) gizonezkoen artean baino (%21,4). Era berean, pobreziak gehiago kolpatzen ditu atzerritarrak (%64), bertan jaiotakoen aldean (%18,4).
Lurralde desberdintasunei dagokienez, Tutera ingurua da eskualderik kaltetuena. Nafarroako Biztanleriaren Errenta Estatistikaren arabera, pobrezia maila %16,9koa da bertan, eta Nafarroako batez bestekoa, berriz, %12,1koa.
Pobreziari aurre egiteko neurrien artean, Laparrak "funtsezko" jo du Bermatutako Errenta. Lehendakariordeak azaldu du haren eragina ez dutela neurtu oraindik azterketek, baina, azken datuak eskuan, neurria "norabide onean" hartu zela frogatu da, haren iritziz. Batez ere, haurtzaroko pobreziari aurre egitera eta gizarteratzea erraztera bideratu zelako.