Pobreziak "nabarmen" egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunak neurtzeko Eusko Jaurlaritzaren 2020ko inkestaren arabera, herritarren %90 ongizate egoeran bizi da. Iazko ekaina eta irail artean egin zuten inkesta. 2008az geroztiko haurren pobrezia tasa altuena neurtu dute: %11,7

Beatriz Artolazabal, gaur, inkestaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 23a
14:11
Entzun

Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunak neurtzeko Eusko Jaurlaritzak 2020an egindako inkestak dioenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %90 ongizate egoeran bizi dira. «Europako herrialde aurreratuenetakoarekin aldera daiteke ongizate maila hori», nabarmendu du Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak, gaur, inkestaren emaitzak plazaratzeko egindako agerraldian. Haren esanetan, pobrezia eta ongizatea neurtzeko adierazleek «nabarmen» egin dute behera azkeneko bi urteotan. «Harrigarriak izan daitezke datuak pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren testuinguruan». 2018an %6,1ekoa zen benetako pobrezia, eta iaz %5,6koa. Haurren pobrezia tasa —14 urtetik beherakoak—, ordea, 2008az geroztik neurtutako altuena da: %7,3koa zen duela hamahiru urte, eta %11,7koa iaz. Tasa hori lotzen da egunero fruituak, barazkiak eta proteinak jateko gaitasunarekin. «Arazo hori, nagusiki, immigraziotik datozen adingabeen familietan daude», azpimarratu du sailburuak.

Bi urtez behin egiten du inkesta hori Eusko Jaurlaritzak. Luis Sanzo saileko estatistika organoko zuzendariak aurkezpenean azaldu duenez, ohikoena izaten da hori ekaina eta uztaila artean egitea, baina iaz, pandemia medio, ekaina eta iraila artean egin zuten. Artolazabalen iritziz, pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko «euste horma bat» izan dira gizarte babeserako zerbitzuak eta programak, eta ondorio ekonomikoak «arindu» dituzte. «Inkesta honen emaitzak erakusten du sistemak funtzionatzen duela eta kolektibo ahulenen zailtasunak arindu dituela. Kolpea gelditzeko gai izan ginen».

Pobrezia tasa %16,1ekoa zen 1986an EAE-n. 1990eko hamarkadan nabarmen egin zuen behera, eta tasa txikiena 2008an neurtu zuten (%4,2); hain justu, Atzeraldi Handia hasi aurretik. 2018ra bitartean gorantz jarraitu zuen eta %6,1era iritsi, baina azkeneko bi urteotan atzera behera egin du.

Kontrara, areagotu egin dira kolektiboen arteko desberdintasunak. Artolazabalen hitzetan, ordea, txosteneko emaitzak aintzat hartuta hori ez da gertatu egoera ahulenean dauden pertsonak pobretu direlako, baizik eta egoera onenean daudenak are gehiago aberastu direlako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.