«Nire lagun Aichari buruz hitz egingo dizuet. Mendebaldeko Saharan, Marokok okupatutako gunean bizi da. Preso dauka senarra, ekintzaile politiko bat. Kartzelara bisitan 4 urteko alabarekin joandako batean, auto batera sarrarazi zuten, eta etxe huts batera eraman zuten; bost gizonek bortxatu zuten, alaba aurrean zela. Saharar aktibista baten emaztea zelako». Gatazka politiko armatuek emakumeen bizitzan eta gorputzetan uzten duten arrastoa azaleratu zuten atzo Garazi Hach Embarek Irizar ekintzaile saharar eta euskal herritarraren hitzek. «Ezagutzen ez ditugun emakume asko daude horrela. Lurralde okupatuetan, saharar eta emakume izatea zigortuta dago».
Bruselan, Europako Parlamentuan mintzatu zen Hach Embarek, GUE/NGL ezkerreko koalizioa —tartean da EH Bildu— asteon egiten ari den foro feministan: Struggling for women's rights to build the future. Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak gidatuta, andreek gatazka armatuetan eta bake prozesuetan dituzten egoerak aztertu zituzten atzo Kurdistango, Siriako, Irlandako, Saharako eta Euskal Herriko ordezkariek. Nazioarteko elkartasuna izan zuten denek ahotan. «Emakume kurduak aitzindariak izan dira emakume guztien eskubideen aldeko borrokan; izan ere, borroka mugez harago doa: andre bakar bat geratzen bada libre izan gabe, ez dugu sekula askatasunik lortuko. Borroka erabakigarria da: existitzea ahalbidetuko diegu andreei», esan zuen Tugba Hezer HDP alderdi kurduak Turkiako Parlamentuan duen diputatuak.
Hain zuzen, gatazka armatuak ikuspegi feministatik aztertzea beharrezkotzat jo zuen Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak: «Gizarte askotan agerikoak dira gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak, heterosexualen eta homosexualen artekoak, zurien eta beste edozein arrazatakoen artekoak... Baina gatazka politiko armatu bat duten gizarteetan are polarizatuagoak daude harreman horiek, eta genero rolen estereotipazioa eta hermetismoa handiagoak dira». Adibide gisa jarri ditu euskal gatazkan ikertzaileek aipatu izan dituzten figura dikotomikoak: maskulinitate hegemonikoa irudikatzen duen gudaria, «gizon indartsua, adoretsua, publikoa», eta feminitate hegemonikoaren isla den andre, «familia ez ezik, kultura ere zaindu duena». Eta galdetu du: «Nork iraunarazi du bizia, borrokan zehar?».
Jennifer McCan Sinn Feineko kideak erantzun dio, Irlandako auziari erreparatuta: «Gatazkan hildako pertsonen %90 gizonak izan ziren; beraz, andreak bakarrik geratu ziren ardura guztiekin». Erantsi du gizarte kontserbadorea dela eurena: «Gizonek mendean hartutako gizarte bat geneukan, baina emakumeek iraunarazten zuten».
Halere, hizlariek nabarmendu dute espazio guztietan egon direla andrazkoak. «Emakumeak militanteak izan dira, presoak, politikariak, erailak...», esan du Etxebarrietak. Izan ere, gatazken kontakizunetik kanpo geratu ohi dira andreak, lekuko soilak balira bezala, baina rol aktiboa izan dute hainbatetan, Hezerek gogora ekarri duenez: «Errepresioak emakumeei eragiten die bereziki, baina ez dira soilik biktimak: funtsezkoak izan dira erresistentzian, zenbait hiriri eutsi ahal izateko». Rol aktibo hori askotarikoa da, eta andreen jabekuntzarako eremuak ireki ditu, Hach Embareken arabera: «Saharako errefuxiatuentzako kanpalekuak eraiki zituztenean, emakumeak mediku, erizain zein arkitekto izan ziren; gaitasun guztiak garatu behar izan zituzten».
Dena den, jardun horiek arriskuan jar ditzake emakumeak, gatazka gori dagoen guneetan batik bat. CSWD Demokraziaren aldeko Siriar Emakumeen Koalizioko kide Lama Kannoutek gogora ekarri du feministak jazarrita daudela bere herrialdean: «Baxar al-Assad presidenteak dio andreak babesten dituen herrialde sekularra dela Siria, baina hori ingelesez mintzatzen denean baino ez du esaten, ez baita egia: konstituzioak ezarria du erlijioa andreen gainetik dagoela, eta andreek erabat otzan izan behar dutela».
Parte hartzea, erronka
Hartara, oinarrizko «helburu feminista» bat dauka Kannoutek: «Bake akordio osoa eta bidezkoa». Eta bake hori ulertzeko moduan genero ikuspegia txertatu beharraz jardun da: «Herrialde laikoa behar dugu, botere bereizketarekin, emakumeen eskubide urraketak eta haien aurkako indarkeria debekatu ahal izateko». Irlandan ere ohartu dira begirada horren beharraz, McCanek berretsi duenez: «Bake prozesuan aurrera egin dugu, baina orain Irlanda parekide bat nahi dugu».
Bake prozesuetan, dena den, oihartzun txikia izaten dute andreen ahotsek. Kolonbiak ekarri berri du salbuespena: genero eta LGTBI ikuspegia txertatu dute lehen aldiz bake negoziazio batzuetan. «Gure erakundeetako gizonen aldean, berdintasun espazio inportanteak konkistatu ditugu; eta hala iritsi ginen Habanako negoziazioetara, baldintza berdinetan», adierazi du Victoria Sandino FARCeko komandante eta negoziazio taldeko kideak, bideoz igorritako mezu batean.
Kolonbiako emakumeen partaidetzak ahalbidetu zien andreen berariazko egoerak eta premiak bake prozesuan txertatzea. Antzeko abagune bat nahi du Oihane Etxebarrietak Euskal Herrirako: «Emakumeen —eta, batez ere, emakume feministen— parte hartzea ziurtatu behar dugu. Bakea feminista izango da, edo ez da izango: bake parekide bat lantzen ez badugu, ez da bakerik izango andreentzat. Gizartearen erdia osatzen dugu; gu gabe, ezin da eraiki pertsona guztiak barne hartuko dituen gizarte bat».
Polarizaziotik bake feministara
Gatazka politiko armatuetan eta bake prozesuetan emakumeek duten egitekoa aztertu dute Europako Parlamentuan, GUE/NGL ezkerreko koalizioak asteon antolatutako foro feministan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu