Euskal Elkargoaren urteurrena. Arloz arlo. Mikel Erramuzpe. EKEko presidentea

«Politika publiko azkarrago bat espero dugu euskal kulturari doakionez»

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Elkargoa sortzearekin Euskal Kultur Erakundea (EKE) desagertuko ote zen, airean zen galdera bat zen hori Elkargoa sortu aitzin. Elkargoak euskal kulturaren eskumena hartua baitu sortu bezain laster. Urtea iragana da orduz geroztik, eta kultura sailaren norabideak oraindik aski lausoak baldin badira ere, itxura guztien arabera EKE ez da desagertzekotan. Halere, Mikel Erramuzpe (Aldude, 1956) azaldurik, hark berak bilkura guztietan egiten duen galdera da hori, ea zer behar den bilakatu EKE.

Mementoko, EKE ez da desagertzekotan, beraz?

Mementoan denek erraten digute: «Segi ezazue lan hori, eta gero ere, ikusiko dugu. Ez gaitezen presa». Bereziki Elkargokoek. Gero, gu prest gara aldatzeko, desagertzeko, gauza hobe bat sortzeko bada. Tresna bat da azkenean EKE, zerbitzu bat.

Zer espero duzu Euskal Elkargotik?

Guk espero duguna da politika publiko bat euskal kulturari doakionez oraino fierragoa eta azkarragoa. Denek elkarrekin muntatuko duguna. Elkargo batek pisu bat badu, lehen ez zena.

Euskal Kulturaren eskumena hartua du Elkargoak, horrek ondoriorik izanen ote du zuen egituran?

Gisa guztiz, kultura eskumen partekatua da. Estatuak beti atxikitzen du eskumen hori, departamenduak ere, herrialdeak ere. Beraz, euskal kultura lau erakunde horien guztien artean beharko da partekatu. Horrek erran nahi du konkretuki EKE ez dela integratzen ahal Elkargoan.

Zergatik?

Elkargoak EKE integratzen badu,departamenduak, herrialdeaketa estatuak ez dute gehiago deus egitekorik EKErekin.

Sindikatua desagertu dela, Elkargoa sartu da EKEn administrari gisa, horrek zer aldatzen du?

Elkargoaren parte hartzea emendatuko dela. Estatua, herrialdea eta departamenduaren heinean emanen du bere diru laguntza. Guti gorabehera 40.000 euro gehiago. Hori hitzemana zaigu. Orotara 900.000 euroko aurrekontua du guti gorabehera EKEk.

Aspalditik du aurrekontu hori.

Bai. Bada diru bat ukaiten duguna, eta gero berriz barreiatzen duguna elkarteei. Baina jokoa da elkarteek sosa zuzenean ukaitea. Horiek ukaitea, ez guk. Elkarte batek baldin badu proiektu bat, inportanteena da guk elkarte hori lagun dezagun proiektua osatzen. Sosa ukan dezan, hemendik ez bada, handik. Hori da ingeniaritza kulturala. Hori da erakundearen lana. Estatua, herrialdea edo departamenduaren parte hartzea sustatzea.

Ba ote duzu adibide konkreturik?

Eman dezagun Etnopoloa. Estatuaren (DRAC) ardura da. Gure lana da estatuari erratea: «Egin ezazue lana euskal kulturari doakionez ere». Eta DRACekin Etnopolo hori sortu da. Gure lana zer da? Euskal kultura normaltasunez sustatua izan dadin erakunde guztiengandik.

Aldiz, horrek erran nahi du erakundeen irizpideak bete behar direla, zuek ezin dituzue irizpideak finkatu.

Bai, bistan dena. Baina biziki sotila da hori dena. Erakundeak, halere, badu pisu bat, sinbolikoa bada ere, bederen, pusatzen ahal du departamendua norabideen finkatzen, hautuak egiten. Aholkulari gara, halere. Hori da teknikariek egiten duten lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.