Prentsa askatasuna

Politikarien ustelkeria auziak ikertzen zituen kazetari bat hil dute, Maltan

Daphne Caruana Galiziaren autoan bonba bat itsatsi zuten astelehenean, Bidnija herritik gertu, uhartearen iparraldean.

urtzi urkizu
2017ko urriaren 17a
12:30
Entzun

Maltako Gobernuko agintarien eta oposizioko politikarien ustelkeria auziak ikertu eta azaleratzen zituen Daphne Caruana Galizia kazetariak. Zorrotz aritzen zen daphnecaruanagalizia.com blogean, batzuen eta besteen kontra. 53 urte zituela hil zuten, astelehenean, bonba itsatsi batekin. "Maltako bizitza publikoa gizon arriskutsu ezegonkorrez betea dago. Printzipiorik eta eskrupulurik ez duten politikariz betea", idatzi zuen blogean berriki. "Lotsagarriak edonon daude. Egoera amorragarria da", idatzi zuen azkeneko artikuluan.

Erreakzioak sortu ditu Caruanaren hilketak. Joseph Muscat Maltako lehen ministroak "prentsa askatasunaren aurkako eraso gogortzat" jo du gertatutakoa. "Ez dut atsedenik hartuko auzi honetan justizia egin arte. Gure herriak justizia merezi du", gaineratu du. Caruanak lehen ministroaren eta haren emaztearen inguruko artikuluak idatzi zituen, eta Panamako enpresa batetik dirua nola lortzen zuten azaleratu zuen.

Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak esan du hilketa "basatia" izan dela. "Caruana Galizia kazetariak bere bizitza sakrifikatu du, egiaren bila. Ez da ahaztua izango".

Julian Assangek 20.000 euroko saria eskaini du kazetariaren hiltzaileen inguruko informazioa ematearen truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.