Polizia bati «torturatzaile» deitu diolako, salatik bota dute gazte bat

Akusatuek deklarazioak behartu gabe egin zituztela esan dute operazioan parte hartu zuten poliziek

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Tentsio uneak izan ziren atzo Oiartzualdeko hamasei gazteen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketan, akusatuetako batek bere atxiloketan eta galdeketetan parte hartu zuen polizia bat ezagutu eta hari «torturatzaile» deitu eta aurpegira begiratzeko eskatu zionean. Epaimahaiko presidenteak gaztea salatik kanporatu zuen eta minutu batzuk igarota itzuli zen auzi gelara.

Hirugarren auzi saioa izan zen atzokoa eta polizia operazioan zein galdeketetan parte hartu zuten poliziek deklaratu zuten. Hamasei gazteen aurkako frogarik ez zuten aurkeztu eta akusatuek eginiko tortura salaketak ukatu zituzten. Akusatuek polizia etxean eginiko deklarazioak euren kabuz eta inolako presiorik gabe egin zituztela adierazi zuten.

Auzipetuek kontrakoa azaldu zuten epaiketaren hasieran, torturatu egin zituztela azaldu zioten epaileari, eta horregatik esan zituztela euren eta beste batzuen kontrako akusazioak, nahiz eta egiak ez izan.

Aste honetako azken auzi saioa izan zen atzoko. Epaiketak datorren astean jarraituko du. Bien bitartean, elkartasun ekimenak jarraitzen dute Errenterian. Eguerdian elkarretaratzea egin zuten Foru plazako Aske Gunean eta, arratsaldean, torturaren gaineko hitzaldia egin zuten TAT Torturaren Aurkako Taldearen eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.