Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak azaldu dutenez, behin baino gehiagotan entzun behar izan dute "justiziari bere lana egiten" utzi behar zaiola. Baina, orain, epaiketan gertatutakoa ikusita, pentsatzen dute "batzuek" ez dutela "garbi" jokatu hark iraun duen bitartean.
Esan dutenez, epaiketan "frogatuta" gelditu da ertzainen bertsioa ez dela "sinesgarria": "Lekukoek argi utzi dute han ez zela liskar jendetsurik egon, ezta burua estalia zuten berrehun lagun edo bota omen zizkieten gauzen zaparradarik ere".
Ertzainek deklaratutako beste kontu batzuk ere -gomazko pilotak hilgarriak izan zitezkeenik ez zekitela, edo gau hartan armak garbitu zituztela ez zekitelako gomazko pilota batek zauritutako pertsona bat zegoela- ez dira "sinesgarriak" Cabacasen lagunen begietara: "Nahiago izan dute inkonpetentzia itxura eman, frogak deuseztatzen ibili zirela ezkutatzeko".
Era berean, kritikatu dute akusatuak "egon ez zen eraso baten eta epaiketa injustu baten biktima gisa" aurkeztu nahi izatea. "Hemen, Iñigo eta bere familia dira biktima bakarrak", erantsi dute.
Gertaera hauen guztien sorburuan dagoen "polizia eredua" kritikatu dute: "Hau ez da gure polizia, eta ez dugu gure diruaz ordaindu nahi", esan dute. Eredua ez ezik, berau sustatzen duten arduradun politikoak ere salatu dituzte. Berriro ere "justizia, aitortza eta erreparazioa" eskatu dute, eta nabarmendu dute gizarteak ez lukeela onartuko "zigorrik ez dakarren epairik".
Mau Cabacasek salatu du epaiketan Eusko Jaurlaritzako abokatuak egon zirela, akusatuen abokatuekin "erabateko sintonian", eta ertzain batek deklaratu zuela abokatu horien laguntza izan zuela bere lekukotza prestatzeko. "Diru publikoz ordaindutako abokatuak dira horiek", esan du. "Guk gure abokatuak ordaindu ditugu, baina abokatuen defentsa ere ordaindu dugula dirudi".