eskubide zibil eta politikoak

Poliziak Aurore Martin atxilotzea eragotzi dute ehunka herritarrek, Baionan

Frantziako Polizia 14:45 aldera saiatu da Batasuneko kidea atzematen, haren ahizparen etxean. Herritarrek Martin babestu eta Poliziaren asmoak eragotzi ditu, eta Saint Andree plazako Pyrenees ostatura joan da Martin; Polizia Baiona Ttipitik erretiratu da. Abendutik lehengo larunbatera arte ezkutatuta egon da, Espainiaren euroagindu eskaera dela eta; Frantziako Barne ministroak arratsaldean esan du bete egingo dutela eskaera. Batasunak "gatazka konpontzeko logikan" sartzeko exijitu dio Frantziari, eta Martinek "herri harresia eraikitzen" jarraitzeko eskatu du. Atxiloketa garaiko argazkiak

2011ko ekainaren 21a
20:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Frantziako Polizia Aurore Martin Batasuneko kidea atxilotzera joan da gaur 14:45 aldera Baionako etxe batera, baina jendeak eragotzi egin du atxiloketa. 15:00etatik Saint Andree plazako Pyrenees ostatuan egon da Martin, berrehunen bat lagunek babestuta. Poliziak Baiona Ttipia inguratu du laurak aldera, plazatik ehunen bat metrora zeuden jendarmeak, baina 18:30ak inguruan erretiratu egin dira. Ondoren, Aurore Martin ere jende artean babesturik atera da Saint Andree plazatik.

Claude Gueant Frantziako Gobernuko Barne ministroak arratsaldeko seiak aldera esan du Martinen kontrako euroagindu eskaera bete egingo dutela.

Elkartasun giroa nabari da plazan, "nahiz beldurra eta tentsioa" baden, bertan daudenek diotenez.

Martinen ahizpak Euskaldunen karrikan duen etxera joan dira poliziak, atxiloketa egiteko asmoz, batzuk burua estalita, beste batzuk kaleko jantzita. Etxeko atea bota dute eta, Martinek adierazi duenez, beso eta hanketatik eutsita saiatu dira atzematen, baina jendea azaldu da eta hura askatzea lortu dute.

16:00ak aldera prentsaurrekoa eman dute ostatuan

Arratsaldeko laurak aldera prentsaurrekoa eman dute hainbat eragilek eta Martinek berak Pyrenees ostatuan, eta Xabi Larralde Batasuneko kideak salatu du egoera ezin dela onartu, "eskubideen urraketa delako, Euskal Herrian egoera politiko berria delako abian eta gizarteak prozesu demokratikoaren nahia adierazia duelako". Larraldek Frantziari exijitu dio "gatazka konpontzeko logikan" sartzeko.

Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak atxiloketa saiakera salatu, eta mobilizazio deia luzatu. 

Martinek "herri harresia eraikitzen" jarraitzeko eskatu du.

Ezker abertzaleak, prentsa ohar baten bidez, atxiloketa eragozteko izan den "herri mobilizazioa txalotu" du, baita azkenaldiko sostengu kanpaina ere. "Eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarriarekin bat egin dute alor zein ikuspegi politiko anitzeko milaka lagunek".

Aralarrek Espainiari eskatu dio Martinen kontrako euroagindua bertan behera utz dezala. "Espainiako eta Frantziako estatuek modu makurrean erabiltzen dute euroagindua, askatasunak ukatzeko eta murrizteko". Ezker Batuak ere euroagindu eskaera erretiratzeko galdegin du.

Larunbatetik jendaurrean

Lehengo larunbatean azaldu zen jendaurrean Batasuneko kidea, Miarritzeko ekitaldi batean, iazko abendutik gordeta egon ondotik. Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den urtetik haren kontrako euroagindu eskaera egina du, Batasunaren bilera batzuetan parte hartu izana egotzita. Frantziako Errepublikan legezko alderdi politikoa da Batasuna, Espainiako Estatuan ez.

Gaur ere elkartasuna

Hilabeteotan Ipar Euskal Herrian atxikimendu ugari jaso du Martinek. Euroaginduaren aurka egin dute.

Gaur ere sostengua jaso du. Besteak beste, Martine Bisauta Baionako hautetsiarena (UMP), Marie Christine Aragon Baionako auzapezordearena (PS) eta hautesi abertzaleena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.