Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel baten kanpoaldean etxean egindako lehergailu bat jarri dute, baina eztanda egin aurretik indargabetu du Frantziako Poliziak. Lehergailua bolboraz eta gasolinaz betetako botila batekin eta erlojuarekin egindako tenporizadorearekin zegoen osatuta, Poliziak esan duenez, eta poltsa batean zegoen ezkutatuta.
Hoteleko kudeatzaileak aurkitu du etxean egindako lehergailua, 7:45ean, eta jakinarazi du bonbaren inguruan ez zegoela ezer idatzita.
Azkainera bidean dago hotela, Xantako auzoan, eta Donibane Lohizuneko golf klubaren kafetegia dago, besteak beste. Haren ondoan Michelle Alliot Marie Frantziako Gobernuko Justizia ministro eta Donibane Lohizuneko auzapez ohi eta hautetsiaren aitaren jatetxea dago.
Azken hilabeteetan turismo eraikin eta etxe agentzien aurkako erasoak egin dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta Irrintzi taldeak aldarrikatu ditu.
Kale erasoekin lotuta Poliziak hainbat atxiloketa egin ditu azkenaldian. Ekainaren bukaeran, kasu, hamabi lagun atzeman zituen Lapurdin eta Nafarroa Beherean, eta Parisko epaileak haietatik hiru kartzelara bidali zituen: Ibai Agirrebarrena, Eneko Etxegarai eta Gilen Goiti -lehen biak Fleuryra, hirugarrena Fresnesera-.
Gaur, berriz, Xan Beiry sartu dute kartzelan. Hura ere orduan atzeman zuten, epaileak aske utzi zuen, baina Fiskaltzak helegitea sartu zuen, gaur aztertu dute kasua eta espetxeratu egin dute Beiry; Fleury-Merogisen, hain justu.
Segi gazte erakundeak deituta, Iparraldeko atxiloketak salatu asmoz manifestazioa egin zuten uztailaren 11n Donibane Lohizunen. Euskal gazteria aitzina, hau ez da Frantzia ez Espainia, hau Euskal Herria da lelopean mila pertsona bildu ziren.
kale erasoa
Poliziak indargabetu egin du Donibane Lohizuneko hotel batean jarritako lehergailua
Hoteleko langile batek aurkitu du etxean egindako lehergailua, 7:45ean. Eraikina Azkainera bidean dago, Xantako auzoan. Xan Beiry kartzelan sartu dute gaur, kale erasoak egitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu