Estatuaren biktimek luzaroan pairatu duten «isiltasunari, utzikeriari eta ahanzturari» amaiera eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, «ordaina, justizia eta egia» emango dien dekretua landu du. 1968. eta 1978. urteen bitartean «motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen ondorioz» sufrimendu bidegabeak jasan dituzten pertsonei aitorpena eta erreparazioa emateko dekretuaren zirriborroa atzo aurkeztu zuen Jaurlaritzak. Haren bitartez, «gizarte elkartasuna» ezarri nahi du Jaurlaritzak, eta «elkarbizitzari eta zuzenbide estatuaren zilegitasunari» ekarpena egin nahi dio, Idoia Mendia eledunak azaldu zuenez.
Manuela Carmena epaile ohiak egin du dokumentua, Jaurlaritzaren aginduz, eta ekarpenak jasotzeko fasean dago oraindik, onartu aurretik. Gobernuaren asmoa da udaberri honetan onartzea, eta ziur dago legebiltzar talde gehienen adostasunarekin aterako dela aurrera. Behin dekretua martxan jarrita, 1979tik gaur egunera arteko kasuak jasoko dituen beste dekretua lantzeari ekingo dio. Alabaina, Mendiak onartu du oso zaila izango dela bigarren dekretu hori legealdia amaitu aurretik onartzea.
Jaurlaritzaren dekretuaren zirriborroan sailkatuta datoz arautuko dituen kalteak zeintzuk izango diren: «Heriotza, balioezintasun handia, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor partziala eta balioezintasun gabeko lesio iraunkorrak». Kalte horiek nork eragindakoak izango diren ere zehaztuta dator: «Segurtasun indarretako agenteek, beste funtzionario publiko batzuek edo administrazio publikoa osatzen duten hainbat estamentutako kanpoko laguntzaileek».
Ordea, zirriborroak argi dio ez direla «inolaz ere» sufrimendu bidegabetzat joko «edozein indarkeriazko jarduera egiten ari zirenek edo egiteko asmoa zutenek jarduera horiek egiterakoan jasandako sufrimenduak, nahiz eta heriotza edo lesioak indarkeriaekintza hori zuzenean saihesteko edo eragozteko agintaritzaren egintza legitimoen ondorioz gertatu». Hau da, dekretutik kanpo geratuko dira bonba bat jartzen hildako etakideak edo poliziarekin izandako tiroketetan hildakoak, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak azpimarratu duenez. ETAren biktimak «lasaitu» asmoz utzi ditu dekretutik kanpo kasu horiek, haren esanetan. «Ez ditugu biktima batzuk eta besteak maila berean jarri nahi, ezta indarkeriak parekatu nahi ere», gaineratu du.
Dekretuak zehazten duenez, erreparazioa jasotzeko moduan egongo dira «egiaztatuta» geratzen diren sufrimenduak, nahiz eta bere garaian ez ziren horrela hartu, egileak prozedura judizialbatean errugabetu edo absolbitu zituztelako edo auzia artxibatu zelako. Biktima gisa onartuak izan nahi dutenen kasuak aztertzeko Balorazio Batzorde bat osatuko dela dio zirriborroak.
Erreparazioa nolakoa izango den eta dirutan zenbatekoa izango den ere zehaztu du Jaurlaritzak: 35.000 eurotik 390.000 euro bitarteko kalte-ordainak. Atal ekonomikoarekin batera, «gogobetetze morala» ere nola egingo den jaso du zirriborroak. Horrekin zer lortu nahi duten azaldu du Carmenak: «Urte luzez zigorgabetasunak eragin duen sufrimendu handia arindu nahi dugu». Jakinarazi duenez, dagoeneko 60 lagunen heriotza agiriak bildu dituzte, baina beste pertsona askoren eskaerak jasotzea espero dute. Hartarako, bi bide jarri dituzte: 945-01 91 05 telefonoa eta [email protected] helbidea.
Poliziaren biktimei «ordaina, egia eta justizia» emango die Jaurlaritzak
Bonba bat jartzen edo tiroketetan hildakoak ez ditu biktimatzat hartuko Eusko Jaurlaritzaren dekretuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu