Nahiak eta Cristinak —ez dute abizena eman nahi izan—, 2009ko abenduaren 23an, Bilboko Udaltzaingoa etorkin bat miatzen zebilela ikusi zuten. Gertatzen ari zenari begira gelditu ziren, eta Poliziaren alde egiteko aginduari uko egin ziotenean, atxilotu egin zituzten. Cristinak argi du: «Ez dute inork jakiterik nahi sektore batzuei zer-nolako gehiegikeriak egiten dizkieten».
Bi emakumeek kausa salatu zuten, baina epaitegiek auzia artxibatzea erabaki zuten. Orain, helegitea aurkeztu ostean, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak kasua berriz irekitzeko eskatu du, legez kanpoko atxiloketak izan zirela argudiatuz. Izan ere, Cristina eta Nahia ordu luzez egon ziren polizia etxean, familia eta abokatua abisatzeko aukera barik. Gertakari haien harira, bi emakumeak desobedientzia larri gisa kalifikatutako delituaz akusatzea «gehiegizkoa» dela dio probintzia auzitegiak, akusatuak atxilotzeko aitzakia ematen duela.
Patxi de la Fuente SOS Arrazakeriako kideak adierazi duenez, kasu hau etengabe errepikatzen den istorio baten adibide besterik ez da. «Diskriminazioaren aurka lan egiten dugun taldeok urteak daramatzagu Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren gehiegikeriak salatzen, baita lekukoekin izan ohi duten jarrera salatzen ere». De la Fuenteren arabera, Poliziak egunero egiten ditu halako erasoak, «batez ere kolektibo jakin batzuen aurka, kolore ezberdineko azala izate hutsagatik».
Akusatu zituzten bi emakumeek EAEko Arartekoari ere kexa bat bidali zioten. Hark gomendio batzuk helarazi dizkie Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Bertan, neurriak har ditzaten eskatzen die, pertsonen eskubideei eraso egin diezaiokeen Poliziaren edozein jarrera saihesteko.
Erantzule politikoak salatuz
Nahiak esan duenez, haiei gertatutakoa ez da gertakari isolatu bat: «Poliziaren jazarpena etengabea da gure auzokide batzuentzat». Horren guztiaren eragile nagusia Iñaki Azkuna Bilboko alkatea dela salatu du Nahiak. «Hark egiten ditu ordenantzak, ondo iruditzen zaizkion printzipioetan oinarriturik». Poliziak Azkunaren laguntzaileak direla esan du: «Inpunitate osoz jokatzen dute».
Horrela, erantzun judiziala eskatu du Cristinak, «gertakariak behar beste ikertu ez direlako». Baina, batez ere, udalaren erantzukizun politikoa azpimarratu du. «Labanadunari gerra eta era horretako hitz potoloak erabiltzen dituztenei galdegin nahi diegu Poliziak zer ezkutatu behar duen, zein gehiegikeria egiten duen lekukorik nahi ez izateko».
Herritarrei egindako deia
Herritarrei ere deia egin die De la Fuentek, ekintza arrazista edo diskriminatzaileen aurka kemenez aritu daitezen. Horretarako, salaketa jarri, Arartekoarengana jo edo bazterkeriaren aurkako mugimenduren batera jo dezaketela azaldu du.
Halako gertakariak argitzeko, lekukoek izan dezaketen garrantzia azpimarratu du De la Fuentek. Azaroan Bilboko metroan izan zen eraso xenofoboa gogorarazi du. Orduan, salaketa bertan behera utzi behar izan zen, nahiz eta bagoia beteta egon, eta kamerak zein segurtasun jagoleak egon, ezin izan zelako jakin erasotzaileak nortzuk izan ziren.
Cristinak ere beldur barik halako jarrerak salatzeko deia egin du. «Presio sozialaren bidez soilik geldituko ditugu Poliziaren gehiegikeriak».
«Poliziek ez dute nahi inork ikusterik etorkinekin zer jarrera duten»
Bilboko Udaltzaingoak ustez ilegalki atxilotu zituen bi emakumeren auzia irekitzeko agindu du probintzia auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu