Filipe Laskarai. IK-ko militante izana

«Popori buruz egia lortzen ez deino, ez da bakerik»

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Dudarik ez du Filipe Laskaraik egun batez argituko dela Jean Louis Larre Popo IK-ko kideari 1983ko agorrilaren 7an zer gertatu zitzaion. «Espero, nonbaitetik, egun batez norbaitek mintzatzeko kuraia ukanen duela. Edo, bestela, guk dugu gure desmartxa batetik agerraraziko».

«Non da Popo?» galderari erantzunik jaso gabe 30 urte pasatu dituzue. Zer sentimendu sortzen dizu egoerak?

Bai pertsona gisa, bai militante gisa, ulertze eza eta kexua eragiten dit. Politikoki agerrarazten duten mespretxua onartezina da. Beste alde batetik, izugarria da lagun, seme edota anaia bat galtzea edo zer bilakatu den ez jakitea. Jakin behar da, gainera, bazirela afera ikertzeko bideak eta ez dutela sekula urrats txikiena ere egin zer gertatu zen argitzeko. Horrek agertarazten du zerbait ilun gorde nahi dutela eta, bistan da, nazka eta kexua eragiten dit.

Oroit zara duela 30 urteko giroaz? Popo Larreren berririk ez zela jakin zenuen unea nola gogoratzen duzu?

Oroit naiz, bai. Gertakari latz horren ondotik aski fite jakin genuen militanteen artean bazela sasitar bat bere alde joan zena. Popo biziki, biziki abila eta argia zen, eta egia da hastapenean pentsatzen genuela aterako zela. Baina, xehetasun gehiago jakinik, fite ohartu ginen ez zela posible. Hor eman zen sarekadatik gizon batek, laguntzarik gabe, ez zuen ateratzeko posibilitaterik. Poliziaren atzaparretan egonik, desagerrarazi zutela argi gelditu zen laster. Orduan ere kexua eta herra sentitu genuen, zinez giro berezia zen.

Hogeita hamar urte pasatu direla, desagertze horren arduradunei zein mezu pasarazi nahiko zenuke?

Lehena, 1983ko agorrilaren 7tik geroz luzatzen gabiltzan non da Popo? galdera argitu arte ez dugula amore emanen. Anitz bide jorratu ditugu, eta segituko dugu gure ahalekin, egia jakin arte. Hemen bake prozesu batean sarturik gaude eta Euskal Herri bat eraiki behar baldin badugu, afera hori beharko da argitu, konponbidea lortu ahal izateko. Ez dugu amore emanen, bururaino joanen gara, eta ondoko hilabete edo urteetan ere pausoak emanen ditugu aitzina afera honetan.

Bakebidean aitzina egin ahal izateko, Larreri gertatutakoari begira egia jakitea ezinbestekoa dela diozu.

Bai, bai. Bakea eta gatazkaren konpontzea lortuko dugu egia jinen delarik Euskal Herrira. Popori buruz eta Euskal Herriari buruz egia etortzen ez deino, ez da gatazka konpontzerik eta bakerik.

Omenaldia duzue gaur Heletan, Larreren sorterrian. Zer ekartzen dute horrelako mementoek?

Inportantea da, lehenik ez ahanzteko; lagun, senide edo militante gisa biziki gogorra delako norbait galtzea, kasu horretan are gehiago, ez delako sekula jakin non eta nola gertatu den. Bestalde, oroitarazteko Frantziako Estatuari baduela zor bat. Gu eta ondoko belaunaldikoak ere hor izanen gareino, beti nahiko dugu egia argitu. Estatuak egia zor dio Euskal Herriari, Popo ez delako desagertu arrunt bat. Popo desagertu da testuinguru batean, engaiatua zen Euskal Herriaren askapenerako borrokan. Horregatik baldin bada desagertu, Parisek egia eta erantzun politiko bat zor digu. Bistan da, omenaldia memento goxo bat ere bada familiarentzat eta lagunentzat. Poporen oroitzapenarekin goxotasun bat sortzea inportantea da.

Egia lortu arte, argitasuna galdetzen segituko duzuela diozu. Zer egin dezakezue?

Baditugu pista batzuk abiaturik. Adibidez, Dumonten hilobiari buruz ere badira elementu batzuk. Egia eskuratzeko bidean baliatuko ditugu, ahal dugun heinean.

Egiaren argitaratzeari begira esperantza baduzu?

Ez dut dudarik. Egia beti agertzen da nonbaitetik. Espero, nonbaitetik, egun batez norbaitek mintzatzeko kuraia ukanen duela. Edo, bestela, guk dugu gure desmartxa batetik agerraraziko. Baina bai, ez dut dudarik, egun batez egia agertuko da. Baina noiz? Hori ez dakit...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.