Indarkeria matxista

Pornografia «indarkeria eskola bat» dela salatuko du Emakundek azaroaren 25ean

Nerabeentzako «kalitatezko sexu heziketa» eskatu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko kanpainan. Eudelek eta hiru aldundiek ere zabalduko dute, Emakunderekin eta Jaurlaritzarekin batera.

Jaurlaritzak, Emakundek, Eudelek eta hiru aldundiek prestatu dute kanpaina. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko azaroaren 9a
14:06
Entzun

Pornografiak gazteen sexu heziketan duen eragin kaltegarria jorratuko dute Emakundek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio publikoek aurtengo azaroaren 25ean. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begirako kanpaina aurkeztu dute gaur Gasteizen: Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da lelopean, «kalitatezko sexu heziketa» eskatu dute nerabeentzat. Izan ere, datu kezkagarri batekin abiatu du mintzaldia Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak: «Eszena pornografikoen %88,2k emakumeen kontrako indarkeria erakusten dute, bai fisikoa bai hitzezkoa». Ohartarazi du, gainera, gaztetxoak 12 urterekin hasten direla pornografia kontsumitzen: «Pentsatu behar dugu horrek zer eragin duen haien sexu heziketan . Pornografia indarkeria eskola bihurtu da».

«Aktore pornoa naiz; hilabete pare bat daramat zure semeari menderatze sexualerako teknikak eta zure alabari menderatua izateko moduak irakasten». Gizonezko baten hitz horiek jaso ditu kanpainako iragarkiak, «gizarte osoa» pornografiaren ondorioez kontzientziatze aldera. Ildo horretan, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak aitortu du «bizkarra eman» izan zaiola pornografiak utzitako errealitateari: «Gure etxean bertan, gure seme-alabak emakumeen kontrako indarkeria ikas dezakete. Arriskurik handiena da eszena pornografikoetan ikusten dutena errealtzat hartzea, hau da, fikzioa eta errealitatea ez bereiztea».

Izan ere, Melgosak emandako datuen arabera, nerabeen herenek uste dute pornografiak «eragin handia» duela beren sexu harremanetan: «Egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat bihurtu da». Eta ez da arazo puntual bat, baizik eta orokortua, teknologien eta Interneten garapenaren ondorioz pornografia «masiboki» hedatu baita: «Eskaintza neurrigabea da, doakoa eta 24 ordukoa. Arazoa ez da sexua ikustea, baizik eta indarkeria ikustea».

Hala, sailburuak azaldu du pornografia hegemonikoa «iruditeria erotiko kolektibo bat» eraikitzen ari dela, «non emakumeen aurkako jarrera bortitzak normalizatzen diren; non besteekiko enpatia desagertzen den, eta botere harremanekin ordezkatzen». Eta nabarmendu du genero rolak ere barneratu egiten dituztela gaztetxoek: «Maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, sexualizatua eta beti gizonen gozamenaren esanetara dagoena. Mutilek ikasten dute menderatu behar dutela, eta neskek, berriz, men egin behar dutela, nahi ez dituzten gauzak egiteraino».

Horri lotuta, Jakitun programako adituen ohartarazpenaz mintzatu da Elgarresta: «Desio sexuala indarkeriarekin, min fisikoarekin, sufrimenduarekin, umiliazioarekin eta adingabeen aurkako abusuekin lotuta irudikatzea eragiten du pornografia hegemonikoak, eta, gainera, estereotipo arrazistaz eta sexistaz beteta dago». Beraz, mezu irmoa eman du: «Ezin dugu onartu umiliazioa eta menderakuntza erotiko bihurtzea, indarkeria naturalizatzea, sexua eta bortizkeria nahastea». Hala, Emakundeko zuzendariak nabarmendu du gazteek «kalitatezko sexu heziketa jasotzeko eskubidea» dutela.

Erakundeak, elkarlanean

Aurten ere, EAEko erakunde publikoek elkarrekin prestatu dute azaroaren 25erako kanpaina: Jaurlaritzak eta Emakundek ez ezik, Eudelek eta hiru aldundiek ere zabalduko dute mezua. Melgosak nabarmendu du elkarlan hori «beharrezkoa» dela eta «herri moduan» aurre egin behar zaiola indarkeria matxistari.

Hala, Esther Apraiz Eudeleko presidenteak udalak adoretu ditu, gaia landu dezaten: ahalduntze eta autodefentsa programak abiatzera deitu ditu, indarkeria digitalari aurrea hartzeko estrategiak prestatzera... «Instituzioetan mekanismo guztiak aktibatzea proposatzen dugu, bermatzeko emakumeek modua dutela beren desioak eta portaera sexualak adierazteko, inolako bortxarik gabe, eta genero estereotipoen eta aginduen eraginik gabe».

Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Patricia Campelok, berriz, sexu indarkeriaren gorakadari erreparatu dio: «Bizkaian, 2021etik 2022ra %20 handitu zen. Adituen esanetan, pornoaren eragina erabatekoa da gorakada horretan, batez ere gazteen artean. Horregatik jarri dugu arreta hor». Jone Berriozabal Arabako Diputazioko Berdintasun diputatuaren hitzetan, gazteek «berdintasunezko harremanak» eraiki ahal izatea dago jokoan: «Heziketa afektibo-sexuala eskubide bat da, eta ezin zaie ukatu adingabeei. Izan ere, pornoa ez dago hezteko egina». Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun diputatuak inplikatzeko deia egin die familiei, eskolei eta hezkuntza informaleko eragileei, eta, bereziki, gizonei: «Konpromisoa hartu behar dute, eta korporatibismo matxista apurtu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.