«Porrota» ukatu du Lopezek

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du bakegintzarako lantaldea osatzea posible izango dela Eusko LegebiltzarreanAralarrek berretsi egin du ez duela parte hartuko «foro baztertzaileetan»

jokin sagarzazu
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egunek aurrera egin ahala, gero eta zailago dirudi Patxi Lopezek proposatutako bakegintzarakolantaldeak indar politiko guztien babesa lortzea. «Porrot baten istorioa kontatzen ari dira, baina ez da horrela. Ez gaude hain gaizki», esan du, hala ere, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Nabarmendu duenez, «UPD eta EA izan ezik» gainontzeko taldeak batzordea osatzearen alde agertu ziren joan den ostegunean, eta hasierako elkar ulertze hori baliatu nahi du aurrera egiteko. Lehendakariak aipatutako babes hori, baina, ezbaian jarri dute PPk, EAJk eta Aralarrek.

Aralarrek eraman zuen, hain zuzen ere, mozio baten bidez, lantaldea osatzeko planteamendua Eusko Legebiltzarrera. Batzorde irekia eta inolako bazterketarik gabekoa proposatu zuen. Ezker abertzaleari parte hartzeko aukera emateak sortu zuen, baina, desadostasun handiena, bereziki PSE-EE eta PPren artean —ezker abertzalearen edo PPren artean hautatzea galdegin zion Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Lopezi—. EAJk, berriz, inprobisazioa leporatu zion lehendakariari, eta aldez aurretik porrotera kondenatutako proposamen bat aurkeztea. Hala ere, akordioetara iristeko prestasuna agertu zuten jeltzaleek. «Modu serioan lan egiten ari gara ETAren amaiera lortzeko. Badakigu urratsak egin behar direla eta hori ahalik eta modu integratzailean egin behar dela», esan du Josu Erkoreka EAJko parlamentaria ETBn eginiko elkarrizketa batean. Erkorekak, hala ere, uste du legebiltzarraren egungo egiturak «gaitasunik gabe» uzten duela lehendakariaren proposamena.

Keinua Ezenarrori

Ostegunean zehar izandako negoziazioetan, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidea ere saiatu zen akordio batera iristen gainontzeko taldeekin. Nahiz eta ezker abertzaleari modu iraunkorrean parte hartzeko aukerarik ez eman, batzordea osatzearen alde azaldu zen, «lehen urrats modura».

Herenegun eginiko agerraldi batean, baina, Aralarreko zuzendaritza, Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusia buru zuela, atzera egin zuen, eta berretsi zuen ez duela batzorde «baztertzaile» batean parte hartuko. Aralarren zuzendaritzaren ustez, elkarrizketa ez bada integratzailea, sor daitezkeen ekimenek ez dute etorkizunik izango, eta ez dute lagunduko «egiazko bakea» eraikitzen. Ezenarro eta alderdiaren zuzendaritzaren arteko desadostasunaren aurrean, berriz, Zabaletak adierazi zuen alderdiaren barruan «iritzi ezberdinak» daudela, baina bazterketarik gabeko elkarrizketaren aldeko «bat egite ideologikoa» irmoa dela Aralarren.

Aralarrek bere jarrera argitu badu ere, alderdi horrekin akordio batera iristeko aukera aipatuzuen atzo Patxi Lopezek, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Aralarren «bi ildo» daudela uste du lehendakariak, eta legebiltzar taldeak ponentziaren helburua eta edukiak «argi» dituela. «Espero dut bat egite hori lortzea».

Ostegunean legebiltzarreanesandakoaren haritik mintzatu da Lopez, eta ezker abertzalearen parte hartzearen aurka dagoela adierazi du, «hori ezker abertzaleari protagonismoa emateko baldin bada». «Foroa ez da ezker abertzalearen agendarako, ez protagonismorako, ezta ideologiarako ere; euskal gizartearen bizikidetzarako da foroa», azaldudu.

Lehendakariak nabarmendu duenez, ezker abertzalearekin «zorrotz» izaten jarraitu beharra dago, «demokraziarako ibilbidean aurrera jarrai dezan». Hala ere, gaineratu du bide horretan «lagundu» behar zaiola.

Lopezen adierazpenak gogor kritikatu ditu ezker abertzaleak, komunikabideetara igorritako ohar batean. Jarrera «erabat arduragabea» leporatu dio hari, eta «bere ospe momentua bilatu» nahi izatea. Ezker abertzaleak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio «exijentziak planteatzeari uzteko», eta «behingoz, bazterketa eskemak alboratuz jarduteko»: «bestela, bere karguan jarraitzeko inolako zilegitasunik ez du izango», gaineratu du.

Ezker Abertzalearen iritziz «ironikoa» da Lopezek elkarbizitzarako ekarpen gisa aurkeztea lantaldea, «proposamen horrek ez duenean elkarbizitzarako oinarri den eskubide indibidual zein kolektibo guztien errespetua aintzat hartzen», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.