«Niri galderak egiteko, zein zarela uste duzu zuk?», esan izan diote nerabeek Maria Jesus Alava Reyesi kontsultan sartzen direnean. Psikologoa da, eta Madrilgo Alava Reyes Psikologia Zentroko zuzendaria. Euskal Herriko Unibertsitateko ikastaroetan parte hartu du, eta haur eta gazteen jarrera arazotsuak nola atzeman eta nola landu azaldu du bertan. Haren hitzetan, tratamenduak arrakasta izan dezan, gurasoen presentzia «nahitaezkoa» da; «portaera etxean hasten da», nabarmendu du Alavak.
Alava Reyes Psikologia Zentroko zazpi psikologok 331 haur eta gazteren kasuak aztertu dituzte. Egindako lanaren helburua jarrera gogorrak eta oldarkorrak dituzten nerabeen aurrean erantzuteko protokoloak zehaztea izan da. Tratatutako 331 adingabeetatik %20 2 urte baino gutxiagoko haurrak dira. «Gurasoek gero eta lehenago eramaten dituzte haurrak psikologora; nik sei hilabeteko haurrak ere ikusi izan ditut», zehaztu du Alavak.
Gaur egun, nerabeen jarrera erasokorrak gero eta ugariagoak dira. Alavaren ustez, gurasoek seme-alaben portaera zaintzeko «inoiz baino interes handiagoa» dute, baina ez dute ongi jarduten. «Asmoa ez da nahikoa, eta seme-alabak ongi hezteak denbora eskatzen du; gaur egun, ordea, gurasoek ez dute nahikoa asti erabiltzen haur eta gazteekin egoteko, eta, ondorioz, atentzio falta hori gehiegizko babesarekin ordeztu nahi izaten dute», azaldu du. Horregatik, Alavak adierazi du sarritan nerabeek ez dutela mugarik izaten eta etxean nahi dutena egiten dutela.
Jarrera oldarkorrak lehen urteetan azaldu ohi dira, haurrek 6 urte bete aurretik. «Haur batzuek tenperamentu gogorra izaten dute oso txikitatik, baina gurasoek ez dute hori jarrera arazotsuaren aurrekari gisa hartzen», esan du Alavak. Arauak ez errespetatzeak, burugogor jarduteak eta beste haurrekin jarrera erasokorra izateak gerora ere horrelako portaerak errepikatzea ekarriko du, eta, horregatik, tratamendua goiz hastea ezinbestekoa dela uste du Alavak.
Lehenengo kontsulta
Haurrak eta gazteak kontsultara eraman aurretik, gurasoek zentrora deitzen dute. «Beren seme-alabak noiz eraman behar dituzten galdetu ohi dute lehenengo, arazoa haurrak psikologoarekin bakarrik konpondu behar duela uste baitute», adierazi du Alavak. Aldiz, hasiera batean garrantzitsuena gurasoek zer kontatzen duten jakitea da, hortik datu ugari lortzen dituztelako gero gazte eta haurrekin aritzeko. «Gainera, haur txikien kasuen %95ean nahikoa da tratamendua gurasoekin soilik egitea, nola jokatu jakin dezaten», argitu du Alavak.
Nerabeak kontsultara joaten direnean psikologoa «desafiatzen» saiatzen dira. «Batzuetan, hankak mahai gainean jartzen dituzte, eta ea nik zer uste dudan galdetzen didate, beraiei itaunak horrela egiteko», dio Alavak. Zenbait kasutan, gainera, haiek bezalako pertsonarik sekula ez duela artatu esaten diote psikologoari, beraien berezitasuna eta konplexutasuna azpimarratu nahian. «Horrelakoetan ezetz erantzuten diet nik, beraiek bezalakorik ez dudala ikusi, nahiz eta antzeko mila egoeraren aurrean egon naizen; era horretara, beraiek espezial sentiarazten ditut, eta nire aurrean konfiantza hartzen dute», kontatu du.
Nerabe gehienak ez dira borondatez joaten psikologoarengana, eta, horregatik, hasieran ez dute inolako interesik izaten beren jarrera aldatzeko. Alavaren hitzetan, oso garrantzitsua da gaztea bere portaera erasokorren jabe izatea, eta, horretarako, erregistroak egin ditzaten eskatzen zaie. «Gurasoen, lagunen eta irakasleen aurrean urduri jartzen direnean, eta bortitz erasotzen dietenean, datuak hartzea komeni izaten da, alegia, gertatutakoa erregistratzea; horrela, psikologoarengana eramaten dutenean, hura azter dezakete».
Ikerketaren ondorioak
Haien ikerketaren arabera, nerabeei eta haurrei mugak jartzeak jarrera erasokorrak murrizten ditu. Internet eta sakelakoa erabiltzea debekatzea eta etxera itzultzeko ordua ezartzea oso neurri eraginkorrak dira, Alavaren ustez. «Beren gustuko gauzetan mugak jartzeagatik gazteek ez diote zoriontsu izateari uzten; alderantziz, etxean aitortzen ez duten arren, psikologooi askotan esaten digute neurri berriek asko lagundu dietela», esan du.
Aztertutako beste alderdi bat gurasoen egoera emozionala izan da. «Datuek argi erakutsi dute kasu askotan amek arazo emozionalak dituztela; hain zuzen ere, kasuen %25ean errudun sentitzen dira», zehaztu du. Horregatik, seme-alabak egoera horren eragile ala ondorio diren ikertzen jarraitu behar da, familien harremana hobetzeko.
«Portaera etxean hasten da»
Maria Jesus Alava psikologoa jarrera oldarkorren prebentzio eta tratamenduaz aritu da EHUko ikastaroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu