Udalen osaketa. Bizkaia. Mikel Torres. Portugaleteko alkatea

«Portugalete da udalerri sozialista batek izan behar duenaren eredu orain»

Ezkerraldean, PSE-EEren gotorleku izandakoan, Portugaleteko alkatetzari baino ez diote eutsi sozialistek; Torresek dioenez, «alderdi bat ez da historiatik bizi, egunero egiten duen lanetik baizik».

gotzon hermosilla
Portugalete
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Beste agintaldi bat du aurrean Mikel Torresek (Portugalete, Bizkaia, 1970) Portugaleteko alkate gisa. 2008an iritsi zen alkatetzara, Mikel Cabiecesek dimisioa eman ostean, eta 2011ko udal hauteskundeetan bere herrikideek berretsi zuten ardura horretan. Orain, hirugarren agintaldiari ekiteko prest dago, azken hauteskundeetan lorturiko arrakastaren bermeak akuilatuta; 8.000 boto baino gehiago lortu zituen, eta bederatzi zinegotzi, aurrekoan baino bat gehiago. Atzo karguan berretsi zuten; EAJko zinegotziek boto zuria eman zuten.

PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia ere bada Torres, eta ez du ukatzen alderdiarentzat kolpe gogorra izan direla Ezkerraldeko gainerako herrietan lorturiko emaitza apalak eta bereziki Barakaldoko alkatetza galdu izana. EAJ eta PSE-EEren arteko ituna jakinarazi aurretik erantzun die BERRIAren galderei.

Zein aldarterekin ekingo diozu agintaldi berriari?

Lehenengo eguneko aldarte berarekin; hots, gogo eta ilusio handiarekin, eta oso harro Portugaleteko herritarrek emandako konfiantzaz. Horrek pilak kargatzen dizkigu gauzatu nahi ditugun proiektuak aurrera ateratzeko.

Pozik hartu zenituzten Portugaleten lorturiko emaitzak?

Bai, oso balorazio positiboa egiten dugu. Azken lau urteotako lana konplikatua izan da, gutxiengoan gobernatu dugulako eta krisi ekonomikoa latza izan delako. Portugaleten lan ildo bat ezarri genuen, herritarrek ahalik eta gutxien nozi zitzaten krisiaren ondorioak, eta lau urte horien ostean PSE-EEk lortutako babesa are handiagoa izateak erakusten du lan ildo horretan asmatu genuela.

Bizkaiko Ezkerraldeko gainerako herrietan emaitzak ez dira hain onak izan.

Hala da. Ezkerraldean PSE-EEren eragina handia izan da historikoki, baina alderdi bat ez da historiatik bizi, egunero egiten den lanetik baizik. Argi dago leku batzuetan asmatu dugula eta beste batzuetan ez. Guretzat kolpe handia izan da Barakaldoko alkatetza galtzea, PSE-EEk Euskadin kudeatzen zuen udalerririk garrantzitsuena zelako, eta horrek eraman behar gaitu pentsatzera herritarrekin berriro konektatu behar dugula, eta akatsak egin baditugu, nola zuzen ditzakegun aztertzera. Argi dago Ezkerraldeko zenbait herritan ez ditugula gauzak ondo egin.

Beharbada, emaitza horien ostean, handitu egin da Portugaleteren garrantzi estrategikoa PSE-EErentzat?

Bai, orain Portugalete bilakatu da apur bat udalerri sozialista batek izan behar duenaren eredu. Gu saiatuko gara hemen egindako lana beste herrietara eramaten, eta, era berean, ahaleginduko gara herri horietan tokian tokiko lider erreferentzialak sor daitezen, hori ere garrantzitsua delako.

EAJ eta PSE-EEren arteko negoziazioen harira, aipatu izan da Bizkaiko zenbait herritan arazoak egon zitezkeela, bi alderdien arteko harremana bereziki gatazkatsua izan delako. Portugaleten zelako harremana izan duzue EAJrekin?

Beharrezko iritzi diogunean, zenbait arlotan elkarrekin egin dugu lan, eta beste batzuetan elkarren kontra aritu gara, gogorki aritu ere, eta ez gara ados paratu. Baina hori normala da. Nik beti esaten dut inportanteena dela egitasmorik garrantzitsuenak aurrera ateratzea, eta hori gertatu da. Beste zenbait arlotan nahiago nukeen EAJren jarrera beste bat izan balitz, baina ulertzen dut beraiek oposizioa egin behar dutela.

Orain arte, bost alderdik osatzen zuten udala, eta egoera politikoa asko aldatu den arren, orain ere bost alderdik lortu dute ordezkaritza. Agintaldia aurrekoa baino errazagoa edo zailagoa izango da?

Oraingo egoera politikoan zatiketa handiagoa da. Portugaleten zortzi zerrenda aurkeztu ziren, inoiz baino gehiago. Egia da bost alderdik lortu dutela ordezkaritza; Ezker Batua udaletik atera da, baina Ahal Dugu-k babestutako plataforma sartu da. Nik uste dut oraingo udalean badakigula zenbait alderdik nola erreakzionatuko duten, eta zalantzarik handiena Ahal Dugu-ren plataforma da, ez baitakigu zer egingo duten. Nire aldetik, atea zabalik dago haiekin ere lan egiteko. Batzuetan zenbait gauza oso ondo gelditzen dira jende aurrean aldarrikatzeko, baina eguneroko lanak gauzak bere onera ekartzen ditu.

Zeintzuk dira aurrera begirako lehentasunak?

Bi dira: egoera ekonomikoarekin eta enpleguarekin zerikusia duen guztia, eta, beste aldetik, gizarte politikak sustatzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.