Portuk eta Sarasolak jarritako tortura salaketengatik auzibidea segituko dute 15 guardia zibilen kontra

Iazko urtarrilean atxilotutako gazte lesakarrek Guardia Zibilaren eskuetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten. Donostiako Auzitegiko epaile arduradunak gaur jakinarazi du epaiketa prozesua hasiko dutela.

2009ko martxoaren 2a
18:56
Entzun
Igor Portuk eta Mattin Sarasolak iaz jarritako tortura eta tratu txar salaketak argitzeko auzibidean aurrera egingo dutela jakinarazi du gaur haien salaketa auzia daraman Donostiako Auzitegiko epaile arduradunak, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak jakinarazi duenez.

Iazko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten Lesakako (Nafarroa) bi gazteak, Arrasaten (Gipuzkoa). Atxilotu ondoren eta polizia etxean Guardia Zibilaren eskuetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten biek. Portu, gainera, erietxera eraman behar izan zuten, hainbat zaurirekin, tartean saihetsa hautsita eta birika bat zulatuta. Biak kartzelatu egin zituzten handik egun batzutara.

Portuk iaz Donostiako instrukzio epaileari adierazi zion ez zuela atxiloketaren unean kontra egin, eta guardia zibilek atxiloketaren unetik Lesakara, hainbat miaketaren lekuko izateko, eraman zuten arte jo egin zutela.

Handik egun gutxira Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak esan zuen hark zituen zauriak

hura atxilotzeko unean "oratu eta atxikitzeko maniobretan" egin zituela, "ihes egiten saiatu baitzen".

Epaituko dituzten 15 guardia zibilen artean, atxiloketa operazioa zuzendu zuena eta polizia etxeko ziegetako zaindari arduraduna daude.

Guardia Zibilaren esanetan, 2005eko abenduaren 30ean ETAk Madrilgo Barajas aireportuko T4 terminalean egindako atentatuan parte hartu zuten biek. Egun hartan bonba indartsu bat leherrarazi zuen ETAk T4ko aparkalekuan, aldez aurretik abisua emanda. Baina eremua jendez husteko lanetan hainbat akats egon ziren, eta Ekuadorko bi gaztek, Diego Armando Estaciok eta Carlos Alonso Palatek, ez zuten aireportuko arduradunen nahiz Poliziaren oharkizuna entzun (haietako bat lotan zegoen, furgoneta batean), eta bonbaren eztandaren ondorioz hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.