Euskara Lege aldaketa Nafarroan. Roman Felones. Nafarroako Hezkuntza kontseilari ohia

«Posibilismo politikoaren alde egin genuen legearekin»

Euskararen legearen arduradun nagusietako bat izan zen Roman Felones. Gogora ekarri du testua onartu zuteneko garaia, orduko testuingurua eta eztabaidak; aldatu beharrik ez dela berretsi du.

edurne elizondo
Iruñea
2014ko abenduaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Politika alde batera utzi, eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko lanean murgildu da Roman Felones (Los Arcos, Nafarroa, 1951). NUPeko Gizarte Kontseiluko buru da. Arrosadiko campuseko bulegoan, hala ere, euskararen legea izan du mintzagai.

Euskararen legearen arduradun nagusia izan zinen. Inoiz ez duzu euskara ikasi nahi izan?

Nor bere garaiaren seme edo alaba da. Euskararen kontuetara 30 urte baino gehiago nituela iritsi nintzen. Uste dut niri ez zegokidala, hainbertze, euskara ikastea, baizik eta ahalbidetzea bertzeek ikasteko aukera izatea. Nire lana izan da euskara naturaltasunez agertzea irakaskuntzaren esparruan.

Uste duzu zure lana bete duzula legearen bidez?

Bai, zalantzarik gabe. Euskararen legeak, batez ere, irakaskuntzaren esparruan izan du eragina. Egungo datuak ezin dira alderatu 1983koekin. Aldaketa ikaragarria da. Administrazioren arloan ez da hainbertze egin aurrera.

Hala ere, euskaraz ikasi nahi duten guztiek ez dute bermatuta eskubide hori, oraindik.

Argi dago ezberdintasunak daudela eremuen artean. Baina ezberdintasun horiek prozesuaren ondorio logikoak dira, euskararen legea egoera jakin batean sortu baitzen: Foru Hobekuntzaren testuinguruan, hain zuzen ere. Testuak aipatzen du ikuspuntu linguistikotik Nafarroan zonifikazioa ezarriko dela. Euskararen legeak, beraz, arau hori islatu bertzerik ez zuen egin.

Foru Hobekuntza onartu baino lehen, Nafarroako Parlamentuak euskara herrialde osoan ofizial izatea onartu zuen, ordea.

Hasierako erabaki bat izan zen hori; hau da, parlamentua guztiz demokratikoa ez zen garaikoa. Gainera, ez dezagun geure burua engaina: gauza bat da asmoak mahai gainean jartzea, eta bertze bat asmo horiek gauzatzea. Orduko egoera politikoan zailtasun handiak zeuden, eta zailtasun horiek baldintzatu zuten prozesua.

Zein zen egoera?

PSOEk 1982. urteko urrian irabazi zituen hauteskundeak; eta otsailean, Hezkuntzako Probintzia zuzendari izendatu ninduten. Kargua hartu bezain pronto, konturatu nintzen nire egitekoa zela Nafarroan erakustea Espainian gertatutako aldaketa politiko garbia. Politika aldaketak, gainera, gako nagusi bat zuen: erakutsi nahi nion euskararen inguruko munduari alderdi sozialista ez zela euskarazko irakaskuntzaren aurka; alderantziz, erraztu nahi nuela euskara sisteman sartu ahal izatea.

Nafarroan hauteskundeak egin eta gero, Hezkuntza kontseilari izendatu zintuzten.

Kargu hori hartu, eta hiru helburu nagusi zehaztu nituen: hezkuntzako eskumenak lortzea, unibertsitate publikoaren oinarriak jartzea eta euskararen egoera normalizatzeko legea egitea. Nik uste nuen hirugarren helburu hori izanen zela zailena; baina, zailtasunak zailtasun, hura izan zen lortzen lehena.

Nolakoa izan zen legearen testua prestatzeko prozesua?

Gobernuan ginen, baina ez genuen gehiengorik. Eta EArekin akordio inplizitu bat genuen. Beraz, EAko kideak nire ohiko solaskide ziren garai hartan. Aurreproiektua prestatzen hasi ginenean, haiek izan nituen solaskide, bai eta ikastolen esparruko hainbat ordezkari ere, eta Nafarroako Kultura Kontseiluko hainbat kide ere bai.

EAk, hala ere, legearen aurka bozkatu zuen.

Testua prestatu eta gero, negoziazio prozesua hasi zen. Gure botoak ez baitziren nahikoak legea aurrera ateratzeko: 26 behar genituen. Negoziazio prozesu horretan egoera bitxia gertatu zen: eskuineko alderdien artean gertatutako haustura aprobetxatu genuen. Alderdi Moderatua baiezkoa ematearen alde zen; lau boto zituzten. Koalizio Popularrak ere negoziazioan parte hartzea erabaki zuen, eta legeari baietz erran zion. Bai eta Talde Mistoak ere. UPN abstenitu egin zen, eta EAk kontra bozkatu zuen; nire ustez, bere botoak ez zirela behar ikusi zuelako, baina pentsatuz, sakonean, legea onartzea urrats garrantzitsua zela. HBk, berriz, ez zuen parte hartu eztabaidan. Beraz, nazionalista moderatuekin hitzartutako legeak, azkenean, zentro-eskuinaren botoekin egin zuen aurrera. Ez zen erraza izan. Hori argi dago. Eztabaida handia izan zen, baina, azken batean, posibilismo politikoaren alde egin behar izan genuen. Eta ahal izan genuena egin genuen, gure esku zegoena.

Zonifikazioa izan zen eztabaidagai nagusia?

Eztabaidagai handia izan zen, bai: batzuentzat inolaz ere nahikoa ez zena bertze batzuentzat gehiegi zen. UPNk bi eremu bertzerik ez zuen ezarri nahi: euskalduna eta ez-euskalduna. Nazionalistek, berriz, zonifikaziorik ez ezartzea nahi zuten. Baina hori ezin zen egin, Foru Hobekuntzak zehazten zuelako zonifikazioa. Guk erdibideko aukera eskaini genuen, eremu mistoaren bitartez. Iruñerria hartzen zuen eremu horrek, hau da, eremurik garrantzitsuena demografiaren ikuspuntutik.

Eremu ez-euskaldunean ere bada euskaraz ikasi nahi duen jendea, baina aukerarik ez duena sare publikoan.

Guk beti erraztu nahi izan diogu bidea euskara ikasi nahi izan dionari. Bertze hainbat alderdik, berriz, herrialdea berriro euskaldundu nahi dute. Hori ez da gure aukera, ordea. Eztabaida historikoak hor daude, baina ni ez nago horren alde. Horrek ez du erran nahi, hala ere, aukerak eman behar ez direnik. Mailak ezartzea da gakoa. Ikastetxe publiko batean eman behar dira aukera horiek? Ni horren aldekoa naiz. Itunpeko ikastetxe batean egin behar da? Bertze aukera bat da hori. Baina lortzeko ez da legea aldatu beharrik.

PSNk berak aurkeztu du legea aldatzeko proposamena, Ezkerrarekin eta Geroa Bairekin. Zu hasieratik agertu zinen aurka. Zergatik?

Legeak ez duelako debekatzen eremu ez-euskaldunean D eredua ezartzeko aukera. Ez dago legea aldatu beharrik. Legeak esparru zabala ezartzen du, baina gero modu malguago edo zurrunago batean interpretatzen ahal da. 1991. urtean atera ginen gu gobernutik. Ni hasi nintzenean, euskara zen hezkuntzako arazo nagusia. Alde egin nuenerako, ez zen. 1991tik aurrera, UPNren gobernuen ardura izan da legea garatzea. Ez dute berdin jokatu Juan Cuz Alliren, Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren garaian: Sanzek eta Barcinak interpretazio murriztaileagoa egin dute.

Zu, beraz, kontent zaude 1986an onartu zenuten legearekin?

Dena ez da ona izan. Hainbat arlotan lan gehiago egin zitekeen. Baina, oro har, bai, kontent nago. Ni lanean hasi nintzenean, euskara hizkuntza alegala zen; orain, berriz, hezkuntza sisteman barneratutako hizkuntza da. Legearen irakurketa malguago baten alde nago, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.