PSE-EEko lehendakarigaia

Eneko Andueza: «PP ez beste batzuk prest egongo dira gu babesteko»

Anduezak dio EAJk eta PSEk ituna eginez gero ez dutela beste inoren botorik beharko gehiengo absolutua lortzeko, baina Sumarren jarri ditu begiak.

xabier martin
Donostia
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Hautagaien arteko eztabaida batetik atera berritan hartu du BERRIA Eneko Anduezak (Eibar, 1979). Elkarrekin Podemosetik EH Bildurako boto transferentzia, «Podemosen mesedeen emaitza» dela uste du PSE-EEko lehendakarigaiak.

«Kartak buruz gora» jarri dituzu, garbi utzita EH Bilduren lehendakari bat ez duzula babestuko. Ohartzen zara dezepzioa har dezaketela ezkerreko boto emaile askok?

Ez, zeren eta pertsona horiek badakite independentista dela EH Bilduren proiektua; pertsona horiek ulertzen dute gure boto papera ezinbestekoa dela ezkerra gobernu barruan egoteko.

Muga etiko bati erreparatzen diozu EH Bildurekin gobernu aliantzarik ez egiteko, baina EH Bilduren botoak jasotzeko prest zaude. Nola da hori?

Alderdi batek erabakitzen badu baiezko botoa ematea, beste batek ezin du esan «ez, nire alde ez bozkatu». Beraiek erabaki hori hartzen badute, ni ez naiz inor esateko noren alde bozkatu behar duten; eta, beraz, nik errespetatuko nuke. 

Beraz, eman ez, baina jaso bai?

Nik ez dut esaten «nire alde bozkatzen baduzu ongi, baina nik ez dut zure alde bozkatuko». Norberak bere erabakiak hartzen ditu askatasunean eta demokratikoki, ez dago besterik.

Gipuzkoan, Araban eta Gasteizen, PPri esker gobernatzen duzue EAJrekin batera. Onartuko dituzue berriro PPren botoak, haren beharra baduzue?

Nik nahiko nuke hori ez gertatzea, eta geroz eta garrantzi handiagoa dauka gure aldeko boz asko egotea, gobernu egonkor bat egon dadin.

Orduan, prest zaude PPren botoak onartzeko Espainian harekin duzuen erabateko aurkakotasunaren logika politikoa hautsita?

Proiektu progresista da gurea, eta ez dut uste beraiekin bat egiteko aukera dagoenik. Gure lehentasuna politika aurerrakoiak egitea da, eta nik uste dut  beste indar batzuk prest egongo direla babes hori emateko, beharra baldin badago.

Sumarren babesa izateko aukeraz ari zara?

Adibidez; zergatik ez?

Zuen ezkerrera dagoen espazioa husten ari da, inkesten arabera, baina PSE ez da gai boto horiek erakartzeko; EH Bildu bai. Zergatik?

Inkestek ematen diguten emaitza beti izaten da lortzen duguna baino okerragoa.  Lasai gaude. Podemos hustea barne zatiketaren ondorioa da, baina egin dituzten politiken emaitza ere bai. EH Bilduri mesede asko egin dizkiote; ez dute izan diskurtso propiorik. Boto horietako batzuk EH Bildura joango dira, baina beste batzuk Alderdi Sozialistara.

«Inkestek ematen diguten emaitza beti izaten da lortzen duguna baino okerragoa. Podemos hustea barne zatiketaren ondorioa da, baina egin dituzten politiken emaitza ere bai. EH Bilduri mesede asko egin dizkiote».

PSEtik EH Bildurako boto transferentzia ere badago. Harriturik?

Ez dut uste hori horrela izango denik. Iazko orokorretan guk alderdi guztietatik jaso genuen botoa, eta boto horiek agian lehengo lekura itzuliko dira, ala ez; ikusita jokoan zer dagoen boto asko PSEn geratuko direla uste dugu.

Odon Elorzak esan du EH Bilduk bozak «modu argian» irabaziko balitu PSEk gobernatzen utzi beharko liokeela, agian. PSEren «higadurari» aurre egiteko formula gisa proposatu du.

Higadura? Guk ez dugu higadurarik izan. Alderdi Sozialistak hazkundea eduki du EAJrekin egin dituen gobernuetan dagoenetik. Higadura EAJrentzat izan da. Alderdi Sozialistaren igoera hortxe dago; beraz, teroria hori ez da oso egokia, nire ustez. Gobernu horietan rol indartsua dugu, eta ikusiko da hauteskunde hauen emaitzetan, seguru asko igoera bat izango dugu eta.

Osakidetzaren egoera kritikatu, eta etxebizitzen ingurukoa defendatu egiten duzu. Jaurlaritzan izan dituen sailen ardura baizik ez du PSEk? Ez duzue zuena egiten gobernuaren kudeaketa osoa?

Guk gobernuaren barruan esaten dugu esan beharrekoa, eta gure proposamenak gobernu kontseiluetara eramaten ditugu, eta agerian da: gure kudeaketaren emaitzak askoz ere hobeak dira EAJrenak baino. 

Estatus berriaren eztabaida irekitzekoa da hurrengo legealdian. PSE-EE euste horma bat izango da hemengo erakundeei burujabetasun handiagoa emateko edozein saioren aurrean?

Gu estatutua berritzearen aldekoak gara, eta azken 45 urteetan lortutako giza eskubide guztiak indartu eta bermatu nahi ditugu. Euskadiren geroa aniztasunean eta bizikidetzan eraikitzeko aukera dugu berritze horren bidez. Guk ez dugu nahi Katalunian gertatu zena hemen gertatzea; ez gara abentura horretan egongo.

«Orain 45 urte onartu zen plurinazionalitatea, Konstituzioan. Euskal selekzioa eduki behar dugun ala ez eztabaidatzea oso sinplista da. Orduan gure liga propioa eduki beharko genuke?»

Gernikako Estatutuak jasotzen duen burujabetasunetik harago doan ezein proposamenen aurka egongo da PSE?

Orain dugun burujabetza da ehun eurotik 96 euro kudeatzen dugula. Gakoa ez da independentziaren eskubidea edukitzea ala ez, ditugun eskumenak behar bezala kudeatzea baizik.

Sanchezek berak esan du Espainia plurinazionala dela, eta ezaugarri horrek onarpen bat behar duela. Nola egitea proposatzen du PSEk? Kasurako, euskal futbol selekzioa lehia ofizialean aritzearen alde zaude?

Orain 45 urte onartu zen plurinazionalitatea, Konstituzioan. Euskal selekzioa eduki behar dugun ala ez eztabaidatzea ez da kontua. Hori oso sinplista da. Orduan gure liga propioa eduki beharko genuke? Alavesek, Athleticek, Eibarrek eta Realak edukiko lukete aukera bakarrik? Zelan litzateke hori? Errege Kopan ere ez dugu jokatuko?

 

Motzean

  • Badakizu nola duen izena zure familia medikuak? Bai, noski: Idoia. 
  • Zein duzu etxeko hizkuntza? Eta lanekoa? Umeekin, euskaraz beti. Elebiduna.
  • Inoiz lapurretarik egin dizute? Ez.
  • Beldurrik izan duzu inoiz gauez etxerako bidean? Behin baino gehiagotan, beste garai batzuetan.
  • Inoiz lapurretarik egin dizute? Ez.
  • Zaintza lanik egitea egokitu zaizu? Bai, nire aitonarekin eta amonarekin.
  • Etxea zurea duzu, edo alokatua? Jabetzan dut.
  • Zer auto duzu? Bigarren eskuko Volkswagen Touran diesel bat. Handia behar dugu, etxean jende mordoa gara eta.
  • Terrazetan erretzea debekatu behar da? Baietz uste dut.
  • Gutxieneko soldata gehigarria jarri behar du Jaurlaritzak? Aztertu egin behar da, hemen ditugun baldintzen arabera.
  • Internetez erosten duzu? Zer erosi duzu azkena? Gutxi erosten dut. Arropa batzuetan, denborarik ez dudalako.
  • Sakelakoak debekatu behar dira eskoletan? Arautu egin behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.