PP «zabaltzeko» iritsi da De Andres alderdiko EAEko presidentetzara

Hautagai bakarrak Carlos Iturgaizen lekukoa hartu du, %97ko babesarekin. Iturgaizek esan du alderdia «batu» egin duela azken urteotan

Javier de Andres eta Alberto Nuñez Feijoo. L. RICO / EFE
xabier martin
2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Javier de Andres EAEko PPko presidente izendatu zuten atzo, Gasteizen, alderdiaren 16. Kongresuan. Carlos Iturgaizen lekukoa hartu zuen Arabako ahaldun nagusi ohiak. Alberto Nuñez Feijoo eta Espainiako zuzendaritzako beste agintari goren batzuen aurrean esan zuen PP «zabaltzeko» helburua duela. De Andres zen hautagai bakarra presidentetza hartzeko, eta, beraz, ezusterik gabe iritsi zen kargura, zehazki laurehun batzarkideren %97,4ko babesarekin. De Andresek Gasteizko Udaleko PPko kide Esther Martinez izendatu du bere alboko gisa.

EAEko PPko gidari berria 56 urteko gasteiztarra da, Informazio Zientzietako Ikasketak egindakoa. 1994an bekadun hasi zen Radio Euskadin, eta Arabako PPko komunikazioaren ardura hartu zuen jarraian. Ramon Rabanera Arabako ahaldun nagusi izan zenak bere taldera deitu zuen, eta De Andresek ahaldun nagusi izatea lortu zuen handik urte batzuetara (2011-2015).

Eusko Legebiltzarrerako bozetarako lehendakarigaia ere bada De Andres, eta atzo esan zuen PP dela «alderdi bakarra» Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «sanchismoaren orbitatik kanpo» dagoena, eta aldagai horrek erraztu behar duela «boto emaileen espazio askoz zabalago batera» iristea. De Andresek uste du euskal gizartearen «zati handi batek» mesfidantza duela «Sanchezen orbitan dabiltzan alderdi horiek egiten ari direnari begira». EAEko PPko gidari berriaren arabera, alderdi horiek ez dute jakin gertatzen ari denari «erantzuten»: «Gure ikuspuntua daukate herritar askok».

Iturgaizen agurra

«Eginbeharra betetzeagatik asebeterik» esan zuen agur Carlos Iturgaiz atzo arteko EAEko PPko presidenteak. Ziurtatu zuen «helburuak bete» dituela presidente gisa egon den bigarren tartean, «PP zabaldu egin baita» Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nabarmendu zuen alderdia «hazi» egin dela boto kopuruan, aurtengo bi hauteskunde deialdietan, eta «ezinbestekoa» izan dela EH Bilduk goberna ez dezan Gasteizen eta Gipuzkoako Foru Aldundian.

Iturgaizen ibilbidearen bideo bat ikusi ondoren, alderdiko presidente ohiak esan zien alderdikideei «harro» sentitzen dela «euskal PP» gidatu duelako. Adierazi zuen alderdi hori «batu eta josi» egin duela azken urteotan, eta ez duela «harreman hotzik» Alfonso Alonso alderdiko EAEko presidente ohiarekin.

2020ko urrian, EAEko PPko presidente izateari utzi zionetik hamasei urte igaro eta gero, Iturgaizek alderdiko gidaritza hartu zuen atzera. Alfonso Alonsok dimisioa eman zuen horren aurretik, Madrilgo zuzendaritzarekin ezadostasunak izan zituelako, Eusko Legebiltzarrerako bozetan PP eta Ciudadanos batera aurkezteko erabakiaren harira.

Edonola ere, Nuñez Feijoorentzat eta Madrilgo gobernua osatzeko negoziazioentzat gorde zuen Iturgaizek bere azken mezua: «Espainiako presidente handi bat izango zara, eta herrialdea sanchismoaren hondamenditik aterako duzu».

Feijook berak hitz egin zuen ondoren, eta Espainiako Gobernua eratzeko negoziazioei heldu zien berehala, Sanchez presidentegaiaren aurkako eraso bortitz batekin. «Botoak inpunitatearen truke» aldatzen ari da Sanchez, haren arabera, eta «gobernua diruaren truke erostea ustelkeria» dela ziurtatu zuen. EH Bilduri buruz ere aritu zen: «Ez dago adiskidetzea, alde batek barkamenik eskatu gabe adiskidetu nahi badu. Guk badakigu barkatzen, baina ez dugu ahaztuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.