Indarkeria matxista. 'PPDA afera'. Nora Arbelbide. Kazetaria

«PPDAk egiten duena ez da ligatzea, ez dago sedukzio izpirik»

Arbelbide da, beste hogei emakumerekin batera, Patrick Poivre d'Arvor 'PPDA'-ren aurkako salaketa jarri dutenetariko bat. Salatu duten emakumeen artean sortu den elkartasuna nabarmendu nahi izan du.

ANGELA MEJILAS.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Kazetarien mintegi batean zegoela Patrick Poivre d'Arvor PPDA hoteleko gelara sartu zitzaiola eta eraso egin ziola salatu du Nora Arbelbidek (Uharte Garazi, Nafarroa Beherea, 1980). PPDAk eraso egin dien emakumeak haren salaketari aurre egiteko «indartsu» daudela dio orain.



Zer moduz zaudete zuen testigantzak eman ondoren?

Grabaketa atzo [herenegun] egin genuen, eta oraindik emozioa hor da. Batzuk duela urtebete ezagutu nituen, baina beste batzuk atzo ikusi nituen fisikoki lehen aldiz. Elkarren artean ari gara laguntzen. Badakigu garrantzitsua dela atzo gertatutakoa. Badakigu elkar laguntzeko ona dela, eta agian gauzak aldatzeko ere bai.

Noiz hartu zenuen erabakia gertatutakoa salatzeko?

Me Too mugimendua hasi zenean, pentsatzen nuen Paris inguruan haren izena aterako zela, segur pertsona batzuk bortxatu zituelako. Hortaz konbentzitua naiz. Egin nuen txio bat haren izenarekin, baina ez zuen oihartzunik izan. Ni ez naiz inor, eta bera gizon boteretsua izan da beti. Beraz, lagun batzuen gomendioei jarraituz, txioa kendu nuen, pentsatuz salaketa bat jar zezakeela nire kontra, difamatu nuelako.

Gerora, ordea, beste emakume batzuk ere hasi ziren salatzen.

Bai. Iazko martxoan, Florence Porcelek salaketa bat jarri zuen PPDAren kontra, bortxatu zuela esanez. Orduan, segituan pentsatu nuen: «Neska hori lagundu behar da, ze ez dute sinetsiko». Sare sozialetan irainak jasan zituen, denek zioten gezurretan ari zela, dirua bakarrik nahi zuela... Nanterreko auzitegira deitu nuen, eta bertan esan zidaten nik jasan nuena jazarpen sexuala zela. Nik ordura arte ez nion izenik jarri, banekien ez zela normala, baina ez nekien zenbateraino zen delitu bat. Eta auzitegikoak esan zidan baietz, baina arazoa zela duela ia hogei urte gertatu zela eta, beraz, preskribatuta zegoela. Hala ere, nik nire lekukotasuna eman nuen neska hori laguntzeko.

Nola hasi zineten antolatzen?

Lekukotasun horri esker eta sare sozialei esker lortu nuen harremanetan jartzea beste neskekin, eta, iazko maiatzaren bukaeran, zortzi emakume elkartu ginen Parisen. Biziki indartsua izan zen, orduan jakin nuen horietako batzuk bortxatu zituela. Gogorra zen, baina indartsua aldi berean. Azkenean, gure taldea indartzen joan zen, eta, hilabetero, neska berriak sartu ziren taldera.

Emakume batzuek jarri zuten salaketa Poliziaren aurrean. Nola geratu da auzibidea?

Gaur egun, hogeita sei gara mintzatu direnak, badira hamazazpi salaketa, eta, horien barnean, zazpi salaketa bortxaketengatik; horietatik bi adingabeak ziren bortxatu zituztenean. Guk badakigu oraingoz 60 emakume direla, eta segur aski gehiago ere badirela. Gertatzen dena da preskribatuta daudela denak, bat izan ezik.

Zer leporatzen dizuete PPDA salatu duzuen emakumeoi?

Haren argumentua da laidotu dugula. Gu hartaz maiteminduta gaudela, eta, ezetz esan digunez, salatu egin dugula. Fama gosez gabiltzala, feministak garela eta bera erabiltzen dugula feministen kausa zabaltzeko... Baina ez dela egokia. Oraingoz, epaitegietan da, baina baliteke epaileak auzibide hori ez hartzea, eta kontua horrela geratzea. Edo baliteke PPDAk berak salaketa hori azkenean kentzea. Askotan gertatzen da hori: egiten dute difamazio salaketa bat, errua aldez aldatzeko eta biktima bera bilakatzeko.

Nolako erantzunak jaso dituzue salaketak jarri zenituztenetik?

Hasieran, oso hotza izan zen. Histeriko edo zoro deitzen gintuzten. Justifikatu behar dugu biktima onak garela; gu epaitzen gaituzte. Modu gordinean mintzatu behar duzu azaltzeko benetan zer gertatzen zen. Orain, sostengua ere jasotzen hasi gara, baina asko garelako. Eta beti ez da hala izaten, bakar batek salatzen duenean ere sinetsi beharko genioke.

PPDAk babesa du oraindik ere Frantziako gizartean?

Frantzian bada mito berezi bat, galaitasun edo sedukzio frantses hori. Estereotipo hori barneratua dute frantsesek. Gauza da PPDAk egiten zuena ez dela ligatzea. Ez dago sedukzio izpirik. Ohartu orduko gizon horrekin bakarrik zaudela eta bere jarrera ez dela normala, jada gizon horren zakila barruan duzu, edo bere eskuak aluan sartuta, edo mingaina indarrez sartzen dizu ahoan. Bi minuturen buruan, ohartu orduko, bortxatzen du. Biziki erasokorra da. Esan nahi dut, hori da gertatzen dena.

Ikusi gehiago:Hogei emazte elkartu dira Patrick Poivre d'Arvorren erasoak salatzeko

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.