Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

PPk dio badagoela "bidea egiteko oinarririk" PSErekin akordioa lortu eta Lopez jartzeko lehendakari

Ia bi orduko bilera egin dute bi alderdiek, eta hurrengo egunetan behin baino gehiagotan elkartuko direla jakinarazi dute. PPk akordio proposamena idatzita eskatu dio. Ibarretxeren ustez, abertzaleen aurkako gobernua osatzeko dute, eta PSE-EEri galdegin dio justu zer egiteko asmoa duen.

2009ko martxoaren 12a
16:03
Entzun
Patxi Lopez PSE-EEko kidea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko beste pauso bat eman dute gaur PSE-EEk eta EAEko PPk, gaurkoa ofizialki, bilera egin dutelako. Ez dute batzarrari buruzko xehetasun handirik eman, baina Iñaki Oiartzabal PPko idazkari nagusiak jakinarazi du bi alderdien artean badagoela "bidea egiteko oinarririk" akordiora heltzeko. 11:00etatik ia 13:00ak arte bildu dira, Bilbon, sozialisten egoitzan, eta hurrengo egunetan behin baino gehiagotan elkartuko direla esan du Oiartzabalek.

Eusko Legebiltzarrerako bozen emaitza ofizialen arabera, gehiengo osoa dute orain PSEk eta PPk parlamentuan, eta PPk martxoaren 1eko bozen gauean bertan iragarri duen Lopez lehendakarigai sozialista babestuko duela, "aldaketa gauzatzeko". PPk gaurko bileraren aurretik azaldu du ETAren aurkako borroka eta euskarari buruzko politikak aldatzea izango direla bere lehentasunetakoak.

"Ez dugu nahi lehendakari aldaketa soilik. Politika aldaketak ere nahi ditugu", adierazi du PPk batzarraren ostean, eta PSE-EEri akordio proposamena idatzita pasatzeko eskatu dio. Alde horretatik, "konpromiso handiagoa" galdegin dio.

PSE-EEk gaur batzarraren ondotik agertu du lanean segituko duela eta bihar jakinaraziko duela hedabideen aurrean bilera sailak emandakoaren berri. Dena dela, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak gaur goizean garbi adierazi du Lopezen aldeko babesa eskatuko zietela gaur PPkoei. Gutxinego gobernuaren alde agertu da, gainera; hots, PSE-PP koalizioaren alde. PSE-EEk gaur batzarra

Espainiako PPko presidente Mariano Raxoik hedabideei adierazi die, Espainian PSOE eta PP ika-mikan ibili arren, EAEn ez dutela zertan hala ibili: "Batak ez du bestea baldintzaten. Orain handitasun eta erantzukizunerako unea da, ez tirabiretan edota kromoak trukatzen ibiltzekoa. Argi eta garbi hitz egin behar da, gauzak aldatzeko".

Sozialistak bihar UPDrekin

PSEk atzo EA, EB eta Aralar hartu zuen, eta bihar UPD hartuko du. EAJk uko egin dio sozialistekin biltzeari, horiek PPrekin akordioa egina dutela garbi duelako eta "itxurak egiteko" deitu dutela uste duelako.



EAk eta Aralarrek atzo jakinarazi zuten ez dutela Lopezen alde egingo inbestiduran. EBk zioen sozialistek PPrekin akordioa lortzen duten ikusi nahi duela inbestiduran zer boto eman erabakitzeko.

Emaitza ofizialen arabera, EAJk 30 legebiltzarkide ditu, PSE-EEk 25, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1, UPDk 1.

D3M baliogabeak, berriz, 7, bere botoak kontuan hartuko balira. Azken horiek kontuan hartuz gero, alderdien eserleku banaketa hauxe litzateke: EAJk 28, PSE-EEk 23, PPk 11, D3Mk 7, Aralarrek 4, EAk 1, UPDk 1. EBk batere ez.

Ibarretxeren eskaera

Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiak ez du argitu kargura aurkeztuko den inbestidura saioan, zain dago Lopezek zer erara aurkeztuko duen hautagaitza, baina uste du hauteskundeetako emaitzen arabera EAJri dagokiola lidergoa jartzea, ez PSE-EEri.

Hala ere, adierazi du PSE-EEk eta PPk bat egin eta "abertzaleen aurkako" gobernua osatuko dutela. Radio Euskadiri emandako elkarrizketan, Lopezi eskatu dio azal dezala justu zer egiteko asmoa duen, "herritarrei zor dielako azalpena". PSE-EEk eta PPk batera izango lituzketen 38 eserlekuak "zertarako nahi" dituzten galdetu du Ibarretxek: "Zertarako nahi dituzte, gu botatzeko bakarrik? Herria eraikitzeko?"

"Argi dago guk lortu dugula garaipena [bozetan]", berretsi du Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.